19. Korrika hemen da eta Basaurin Be Bagara ekimenak ordezkaritza izango du oraingoan ere: “2012ko abenduaren 2an Basaurin Be Bagara ozen aldarrikatzen hasi ginen auzolan eder batean. Zenbait hilabete geroago Korrikarekin ‘Euskara eman genion elkarri’ beste behin ere. Eta gero eta argiago dugu bidea elkarrekin egiteak Euskahaldundu egingo gaituela”, diote ekimeneko arduradunek.
Euskalgintzako kilometroan lekukoa nork eramango duen erabakitzen ari ziren bitartean, Euskarabilakoek “ideia zoroa” izan zuten: “Zergatik ez osatu oraintxe, aurtengo Basaurin Be Bagara ekimeneko aurkezle taldea, beraiek izan daitezen lekuko eramaileak?”.
Horiek horrela, boskotea sortu zuten: Sonia Jimenez, Joseba Ibarra, Leire Amarika, Aitor Briongos eta Itziar Ituño. Lekukoa elkarrekin eramateaz gain, azaroaren 29an oholtza gainera igoko dira Basaurin Be Bagara ekimeneko aurkezle lanak egiteko. Hamabi orduko egitaraua prestatuko dute antolatzaileek. Datozen hilabeetan lotuko dute eguneko egitaraua.
