→Basauri

56 milioi euroko aurrekontua onartu dute Basaurin, soilik udal gobernu taldearen babesarekin

bi milioi euro bideratuko ditu Basauriko Udalak inbertsioetara // Geuria

Basaurik 56 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an, iaz baino 4 milioi gehiago (% % 8 gehiago). Udal ordezkarien arabera, gizarteari eta ekonomiari bultzada emango diote, inbertsioa handituko dute edota pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duten kontu-sailen aurrekontua ere handituko dute, hala nola, sustapen ekonomikoaren, enpleguaren sustapenaren edo gizarte-zerbitzuen kontu-sailena. Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetan, besteak beste adinekoentzako prestazioak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, eta berdintasuneko edo egoera ahulean dauden kolektiboei laguntzeko prestazioak barne, 361.000 euro gehiago izango ditu aurrekontuak; guztira, 7,9 milioi euro bideratuko dituzte Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetara. Enplegua sustatzeko aurrekontu-sailak ere gora egingo du: zehazki, % 17 igoko dute sail horretarako partida, 1,6 milioi euroraino. Eta, Merkataritza eta Ekonomia Sustapeneko arloaren aurrekontua % 7,3 handituko dute, eta 483.000 euro izango ditu: “Arreta berezia eskainiko diegu merkataritza, ostalaritza, ETE eta autonomoen sektoreei”, dio Asier Iragorri alkateak.

“Basaurik etorkizunari baikortasunez begiratu eta guztiontzako gizarte-ongizate handiagoa lortzeko bidean aurrera egiteko aukera ematen du aurrekontu honek, batez ere inbertsioa handitzeari esker, basauriar guztien bizi-kalitatea hobetzeko erabiliko baita inbertsio hori”, dio Iragorrik. Hain zuzen ere, bi milioi euro bideratuko ditu Basauriko Udalak inbertsioen atalari. “Laukoiztu egin dugu 2021eko inbertsioa, osasun-krisiak eraginda Udalaren inbertsio-ahalmena 500.000 eurora jaitsi baitzen. Dena den, 2020ko soberakina gehituta, 2021eko inbertsio erreala askoz handiagoa izan da. Eta espero dugu 2022an ere hala izatea, 2021eko geldikinarekin”, dio Iragorrik.

Inbertsioen barruan honakoak burutuko ditu udal gobernu taldeak 2022an: udalerriko zuhaitz-eremuak zabaltzea eta basoberritzea eta horietan ingurumen-sentsibilizaziorako panel hezitzaileak jartzea; udalerriko parkeetan iturriak jartzea; barandak jartzea oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko; udal-eraikinetan eguzki-panel gehiago jartzea; Bizkotxalde parkean kirol-kantxa gehiago jartzea; eta ludoteka, gaztegune eta kultura-guneetarako material ludikoa eta didaktikoa eskuratzea. Sei proiektu horiek (240.000 euro) herritarrek aukeratu zituzten aurrekontu parte-hartzaileen bitartez. Eta, sei proiektu horiez gain, beste lau ere hautatu zituzten herritarrek prozesu horren bitartez, “baina, kontabilitatearen ikuspegitik inbertsiotzat hartzen ez direnez, dagozkien arloetatik bultzatuko dira, aurrekontuetan jarduketa horiek gauzatzeko kontu-saila sartuta”, dio Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak. Lau proiektu horiek dira: hurbileko produktuen azoka sortzea; udalerrian bide-segurtasuna hobetzeko neurriak hartzea; eskola-jolastokiak dinamizatzea, zuzendutako jarduerekin; herritarrek erabiltzen dituzten udal-ekipamenduetan eta -lokaletan hobekuntzak egitea.

Hiri-igogailuak eta arrapalak

Herriko irisgarritasuna hobetzen jarraituko du udal gobernu taldeak 2022an. Besteak beste, Foruak kalean igogailua jartzeko 700.000 euro erabiliko dituzte aurten, eta Karmelo Torreko igogailuaren proiektua idazteko 60.000 euro gordeko dituzte. “Dena den, bigarren igogailu hori egiteko, hura eraiki nahi den lursailen jabeen erkidegoen baimena lortu beharko dugu aurrena. Horretan ari gara”, dio Iragorrik. Horrez gain, Basozelaiko arrapala mekanikoetan hobekuntzak egiteko 177.000 euro erabiliko dituzte. “Ia milioi bat euro bideratuko ditugu oztopo arkitektonikoak kentzeko. Adineko jende asko dugu herrian, eta irisgarritasuna hobetzeko egiten dugun inbertsio oro adinekoei bizi-kalitate hobea emateko izango da”, dio Iragorrik.

2022rako aurrekontuekin udalerriko gazteen kolektiboa ere onuradun izango dela diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, beste Gaztegune bat eraikiko dute aurten Autonomia kalean (200.000 euro), haurtzaindegia zegoen lokalean. Gainera, 235.000 euro erabiliko dituzte eraikin publikoak mantentzeko eta hobetzeko, eta beste 130.000 euro ikastetxeak berritzeko lanetarako.

Aurten martxan jarriko dituzte obra horiez gain, iaz beste horrenbeste obra lizitatu zituen Udalak eta aurtengo ekitaldian aurrerapausoak emango dituzte. Hala nola, Bizkotxaldeko ‘hareazko parke’ berria, ‘Igelaren pasealekua’ berritzea, Artunduagako futbol-zelaiko aldagela berriak edota San Migeleko eta Matxitxakoko aparkalekuak. Halaber, zenbait esku-hartze ari dira egiten San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Berroneratzeko Planaren esparruan. “Herritarrekin hartu genituen konpromisoak betetzen ari gara eta oraindik denbora daukagu konpromiso gehiago errealitate bihurtzen jarraitzeko”, dio Iragorrik.

Zorra kitatzea

Basaurik 2022an izango duen aurrekontua eta inbertsioen zenbatekoa igo da, 2021ean baino diru-sarrera handiagoak aurreikusten dituztelako udal arduradunek. “Udalkutxa foru-funtsak 2021ean aurreikusitakoa baino 3,7 milioi gehiago transferituko dizkio Basauriko Udalari. Gainera, aurreikuspenen arabera, 2022an aurten baino diru-sarrera handiagoak sortuko dira Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergagatik (EIOZ), baina zerga gutxiago bilduko dira zaborren tasagatik, Basauriko Udalak hobariak egingo baitizkie herritarrei hondakinak birziklatzeagatik”, dio Montes zinegotziak: “Eta, herritar guztiei eta familien ekonomiari gertatzen ari zaien bezala, Basauriko Udalaren kontuetan ere eragina izango du energiaren prezioaren igoerak. Elektrizitateagatik 400.000 euro gehiago ordaindu beharko ditugula kalkulatu dugu”.

Finantza-kargari eta zor publikoari dagokienez, “azken urteetan ezarritako zuhurtzia ekonomikoko politikari esker, Udalak aurkezten dituen ratioak baremo jasangarrien eta arrazoizkoen barruan daude”, dio Montesek: “Azken hamar urteetan, Basauriko Udalak zorra % 74 murriztea lortu du. 2012an 12 milioiko zorra genuen, baina, 2022aren amaieran 3,2 milioiko zorra izango dugu, udal-aurrekontuaren % 5,7. Beraz, parametro horiek oso txikiak dira”, dio Montesek, eta goraipatu du gobernu taldeak diru publikoa modu eraginkorrean administratzen duela: “Izan ere, gero eta zerbitzu gehiago ematen zaizkie herritarrei, programa berriak jartzen dira martxan, ekipamendu gehiago dauzkagu, eta gure auzoak eta azpiegiturak modernizatzeko hobekuntza-lanak egiten ari gara, baina, hala ere, Udalaren zorra gero eta txikiagoa da”.

Oposizioaren babesik gabe

Abenduko osoko bilkuran onartu zuten 2022ko aurrekontua EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren aurkako botoekin. Abenduaren 3an aurkeztu zuen udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) 2022ko aurrekontu proposamena eta gainerako alderdi politikoek abenduaren 19ra arteko epea izan zuten aurrekontu-proiektuari zuzenketak egiteko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek iritzi bera izan zuten: ez zutela “denbora nahikorik” proposamenak egiteko. Hala ere, oposizioko hiru alderdiek 65 zuzenketa aurkeztu zizkioten aurrekontu proposamenari: EH Bilduk 22 zuzenketa (1,9 milioi euro), Elkarrekin Podemosek 29 (712.000 euro) eta PPk osoko zuzenketa bat eta 14 zuzenketa partzial (475.000 euro).

Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaleak kritikatu du alderdiek aurkeztutako 65 zuzenketetatik bakarra onartu izana: “Agerikoa da akordio batera iristeko borondaterik eza, ez prozesua planteatu duten moduagatik, ez geroago aurrekontua hobetzeko proposamenak aurkeztu direnean ere”, dio Arrietak. Ezkerreko koalizioak, gainera, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuei buelta bat ematea eskatu du, zerbitzu horiek “eraginkorragoak” izan daitezen.

Bestalde, Elkarrekin Podemosek uste du gobernu taldeak aurrekontu “erreserbista eta kontserbadorea” aurkeztu duela, “maila sozialean, kulturalean eta azpiegituretan hobekuntzarik egin edo hobetu gabe”, dio Bobi Galdos bozeramaleak. Alderdi moreak azpimarratu duenez, “ez da inbertsiorik egin ekipamenduetan edo mugikortasunean abandonu edo desberdintasun handiagoak dituzten auzoetan hobekuntzak egiteko”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak