→Basauri

Zazpi urte dira Basaurik 30 kilometro orduko abiadura ezarri zuenetik

Aurtengo maiatzetik neurri hori araua da 5.000 biztanletik gorako Estatuko herri guztietan, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) adierazita.

2014an ezarri zuen Basauriko Udalak 30 kilometro orduko abiadura-muga (Argazkia: 2015ekoa) // Geuria

2014ko azaroan ezarri zuen Basauriko Udalak 30 kilometro orduko abiadura-muga herriko errepideetan. Basaurik 2014an hartu zuen bere hiriguneko zirkulazio-abiadura murrizteko neurri hori, eta aurten, maiatzaz geroztik, neurri hori araua da 5.000 biztanletik gorako Estatuko herri guztietan, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) adierazita.

Duela zazpi urte ekimena aurkeztu zutenean zera adierazi zuten Basauriko udal ordezkariek: “Istripu eta harrapaketen kopurua eta larritasuna nabarmen murriztuko da, trafikoaren zarata murriztuko da, airearen kalitatea hobetuko da gas gutxiago isurtzen delako eta trafikoa baretuko da mugikortasun lasaiagoa eta iraunkorragoa bultzatuz”.

Iazko trafiko datuei erreparatuta, istripu larrien kopurua nabarmen hobetu dela diote udal arduradunek zein Udaltzaingoko ordezkariek: 2020an, ez zen hildakorik egon Basaurin trafiko-istripuengatik. Alarma-egoeraren ondorioz mugikortasuna mugatu zutenez, murrizketa gehien egondako hilabeteetan, % 41,46 jaitsi zen zaurituak izandako istripuen kopurua: 2019an 41 zauritu izan ziren eta 2020an 24. “Bizkaian izandako % 28,32ko jaitsiera, edo EAEko % 20ko jaitsiera baino askoz gehiago, beraz”, diote udal ordezkariek. Istripuen arrazoi nagusia, % 72a, deskuiduak izan ziren.

Aurtengo maiatzetik Estatuko Hego Euskal Herriko hiri errepide gehienetan orduko 30 kilometroko abiadura gainditzea debekatuta dago. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, berriki, besteak beste, Etxebarriko Udalak 30 kilometro orduko abiadurako muga ezarri du udalerriko kale guztietan.

Sagarraken proposamena

Herrian 30 kilometro orduko abiadura-muga ezartzeko proposamena Sagarrak talde ekologistak egin zuen eta 2013ko urriko osoko bilkuran onartu zuen Basauriko udalbatzak EAJren, PSEren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin.

“Europako mugimendu herritar eta ekologistak sustatutako ekimenak gure herri eta hiriak leku atseginago, seguruago eta osasuntsuago bihurtu nahi zituen. Basaurin arau hau ezarri zenetik zazpi urte igaro direnean, galdera nagusiak hauek dira: araua errespetatzen al da? Aplikazioari egotzitako hobekuntzak lortu al dira? Erantzuna erabatekoa da: ez”, diote Sagarraketik. Talde ekologistak dio “beharrezkoa” dela “azterketa serio bat” egitea, “eta administrazioaren eta herritarren erantzukizuna zehaztea”: “Seinaleek 30 markatzeak, berrogei markatu beharrean, ez du bermatzen gidariek zirkulazio-araua beteko dutenik. Beharrezkoa da kontrol-lana egitea, radar finkoak ezartzea eta kontrol mugikorrak egitea gidariei zigorra jaso dezaketela ohartarazteko”, diote. Basaurin informazio-radar bakarra dago: Agirre Lehendakaria kalean, alegia.

Ildo horretan, neurriak ezartzea eta araua ezartzea justifikatzen duten helburuak lortzea nahi du Sagarrak talde ekologistak: “Ondoriozta dezakegu araua betetzea bermatzen duten neurririk gabe ezinezkoa dela haren onura teorikoak lortzea. Bide horretan, administrazioaren lana funtsezkoa da. Beharrezkoa da lan-plan bat egitea eta epe labur eta ertainerako helburu batzuk ezartzea”, diote: “Herri atseginago eta osasuntsuago bat egunez egun eraikitzen da”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak