→Basauri

Adinekoentzako tailerrak azaroan hasiko dituzte berriro Basaurin

Azaroaren 2tik aurrera martxan izango dira adinekoentzako tailerrak // Argazkia: Yan Krukov, Pexels

Adinekoentzako zahartze aktiboko tailerrei berrekingo die Basauriko Udalak, pandemiaren ondorioz “halabeharrez” etenda egon eta gero. Hain zuzen ere, azaroaren 2an emango diete hasiera tailerrei, hala nola, yoga, gorputz-adierazpena, gimnasia, erlaxazioa, marrazketa eta pintura, dekorazio-arteak eta zur-lanketa. Guztira 48 tailer eskainiko dituzte.

Aurreko edizioetan bezala, tailerrak udalerriko erretirodun eta pentsiodunentzat izango dira. “Programaren xedea da norbanakoen egoera funtzional orokorra hobetzeko zenbait jarduera garatzea, adinekoak autonomoak izan daitezen eguneroko bizimoduko jarduna aurrera eramateko eta narriadura fisiko eta mentala prebenitzeko”, diote udal ordezkariek: “Horrez gain, ikastaroak topagune izango dira, eta adinekoen arteko harremanak sortzea ahalbidetuko dute”.

Jubilatuen Etxeei dagokienez, oraindik ere itxita egongo dira. Udal arduradunek espero dute datozen asteotan berriro irekitzea Jubilatuen Etxeak, osasun-egoerak gaur egungo parametroetan jarraitzen badu. Etxebarri, adibidez, urriaren 25etik daude zabalik Jubilatuen Etxeak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak