→Basauri

Bizkotxaldeko bilketa pneumatikorako eraikina adinekoentzat prestatuko du Basaurik

// Google

Bizkotxalde parkean bilketa pneumatikorako eraiki zen eraikina adinekoentzat prestatuko du Basauriko Udalak. Hain zuzen ere, ingurumen-xedea kenduko dio Udalak Matxitxako kaleko ekipamendu-eraikinaren lehenengo solairuari, gizarte-politiketan erabiltzeko. Helburu nagusia da Basauriko adinekoen ongizatea sustatzea. “Asmoa da gaur egun hutsik dagoen eraikin horren solairu bat erabiltzea interes publikoko zeregin batean; hala nola gure adinekoentzako gizarte-politiken garapena”, dio Asier Iragorri alkateak.

Udalak prestatuko duen guneak 409,40 m2 ditu eta hainbat ataletan banatuta dago: harrera-gunea, erakusketa-aretoa, jardueren gela, biltegia, administrazio-zona, bi atondo, bi komun-eremu eta eremu banatzaile bat, eskailera eta igogailuarekin, aire zabaleko terrazaz gainera.

Otsaileko osoko bilkuran desafekzioa onartu zuen udalbatzak eta Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin eginiko akordio bat berretsiko du, mendekotasuna duten pertsonak etxean bizitzen jarraitzea xede duen etxeTIC zerbitzua eraikin horretan ezartzeko. EtxeTIC zerbitzuaren helburua da mendekotasun-egoeran dauden pertsonak beren etxean bizitzen jarraitzea, bi arreta-mota konbinatuta: alde batetik, mendekotasuna duten pertsonentzako eguneko zentro bati dagokion arreta; bestetik, egoera horretan dauden pertsonen multzo zabalago bati eskainitako arreta, beren etxeetan monitorizatuta egonik noizean behin zentrora joan behar dutenak.

Sarratuko lokalak

Adinekoentzat baliabide berriak garatze aldera beste urrats bat da Basauriko Udalak eman duena. Izan ere, berriki Sarratun kolektibo horri zerbitzuak emateko hiru lokal erosi ditu Udalak. “Adineko-kopuru handi bat dugu gure udalerrian eta, beraz, urratsak egiten eta baliabide berriak sortzen jarraitu behar dugu, pertsona horien ongizatea helburu. Orain da planifikatzeko ordua, etorkizunari begira, ez bakarrik epe laburrera, halako moldez, non gaitasuna eta baliabideak izango ditugun pertsona horiei arreta egokia emateko, autonomia galduz doazen heinean edo premia berriak sortu ahala”, dio Iragorrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak