→Basauri

Adinekoentzako telelaguntza zerbitzua arratsaldez ere eska daiteke jada Basaurin

Gizarte Zerbitzuetan gehien eskatu ohi diren Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren mendekotasun-balorazioa udaletxean eska daitezke hemendik aurrera, goizez zein arratsaldez, aurretiazko hitzorduarekin.

Udaletxeko HAZen eska daitezke jada Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren mendekotasun-balorazioa // Geuria

Adinekoei zuzendutako arreta hobetu du Basauriko Udalak. Hain zuzen ere, udalerriko adinekoek Gizarte Zerbitzuetan gehien eskatu ohi dituzten baliabideetako bi udaletxeko beheko solairuan dagoen Herritarrentzako Arreta Bulegoan (HAZ) izapidetzen hasi dira dagoeneko, aurretiazko hitzorduarekin. Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren mendekotasun-balorazioa. 

Lehen goizez bakarrik egin ahal ziren izapide horiek, baina hemendik aurrera arratsaldez ere eska daitezke. “Hobekuntza nabarmena da: orain arte, izapide horiek goizez bakarrik egin ahal ziren Bidearteko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan; baina HAZ arratsaldez ere dago zabalik. Eta ordutegia zabalagoa eta malguagoa da orain; batez ere, adinekoen izenean izapideak egiten dituzten seme-alaba eta senitartekoentzat errazagoa izan dadin gestioak lan-jardunarekin uztartzea. Gainera, arretarako langile gehiago daude”, dio Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Ekintza arloko zinegotziak.

Bi izapide horiek egiteko beharrezko dokumentazio osoa eskuragarri dago udal webgunean. “Horrela, erabiltzaileren batek epeak aurreratu nahi baditu, agiriak betetzen joan daiteke”, dio Larrinagak. Gizarte Zerbitzuetako gainerako izapideak eta arreta Bidearte kaleko bulegoetan ematen jarraituko dute. Bertan, erabiltzaile bakoitza esleitu zaion gizarte-langilearekin bilduko da, eta hark, balorazio teknikoa egin ostean, dagozkion udal baliabideen berri emango dio interesdunari. 

Doako telefonoa

Bestetik, “Gizarte Zerbitzuak basauriarrei are gehiago hurbiltzeko eta irisgarriago egiteko asmo horren ildotik”, Basauriko Udalak arretarako doako telefono zenbaki bat ere aktibatu du: 900 840 895. “Call center bat da, eta bertan, lau administrarik herritarren eskaera guztiei erantzungo diete. Deiak azakarrago jaso eta erantzuteko, deia zain dagoen kasuetan, herritarrari jakinaraziko diote zenbat pertsona dituen aurretik, erabaki dezan ea itxaron nahi duen, ala beranduago deitu nahi duen”, dio Larrinagak. Gizarte Zerbitzuetako orain arteko telefono zenbakiak (944 666 348) martxan jarraituko du, eta jasotako deiak call centerera bideratuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak