→Basauri

Etorkizuneko Basauri zehaztuko duen ‘2030 Estrategian’ lanean ari da Udala

“Basauri2030 estrategiaren bidez irudikatuko dugu zer-nolako herria nahi dugun, hasi berri den hamarkada honetarako”, diote udal ordezkariek.

Basauri2030 estrategia zehazteko lanean da Udala // Geuria

Nazio Batuen 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako bere 17 Helburuen (GJH) filosofiarekin bat egingo du Basauriko Udalak. 2030 Agendak marko komun bat eskaintzen du garapen jasangarriko estrategia integralak zehazteko, eta, estrategia horietatik abiatuta, politika publikoak planifikatu eta ezartzeko. Ildo horretan, Basauriko udal gobernu taldea lanean ari da Basauri2030 estrategia bat zehazteko: “Horren bidez irudikatuko dugu zer-nolako herria nahi dugun, hasi berri den hamarkada honetarako —Nazio Batuek ‘ekintzarako hamarkada’ izendatu dutena—”, diote udal ordezkariek.

“Etorkizunerako nahi duguna adostasunetik zehazteko helburu horretatik, honako ezaugarri hauek izango dituen Basauriren alde lan egin nahi dugu: 1. Etengabe garatzen egongo den herria, norbanako eta enpresei aukerak eskainiko dizkiena eta berrikuntza eta lehiakortasuna sustatuko dituena. 2. Herri solidarioa, egoera latzenean dauden norbanako eta kolektiboez arduratuko dena. 3. Hirigintza-eraldatzea modu jasangarrian egingo duen herria, auzo berritu eta irisgarriekin, eta berdegune eta aisiarako eremu sare zabalarekin. 4. Ingurumena babesteko eta energia-efizientziarako politikak garatuko dituena. 5. Berdintasunean eta tolerantzian heziko duen herria, gizarte bidezkoago eta inklusiboagoa eraikitzeko. 6. Herri bizi eta dinamikoa, bere kultura-nortasunari eutsiko diona eta euskara sustatuko duena, ikuspegi kohesionatzaile batetik. 7. Udal irisgarria, hurbilekoa, gardena izango duena, non auzotarren parte-hartzea sustatuko den eta herritarrei udal izapideak egitea ahalbidetuko zaien, teknologia berrien bitartez.

Agenda egituratzeko laguntza teknikoa ematen ari den enpresa dagoeneko bildu da gobernu taldearekin. Besteak beste, arduradun teknikoentzako aurkezpen-saioa egin du, izaera orokorreko eta sektorialeko plan orokorrak bildu ditu, eta udal mugarte osoan zehar ibili da, martxan dauden proiektuak ezagutzeko, “bai dagoeneko gauzatze-fasean daudenak, bai epe labur, ertain eta luzera aurreikusitakoak”, diote udal ordezkariek: “Finean, Basauriren argazki erreal eta eguneratua egiteko lanean jardun dute, eta horretan jarraitzen dute”.

Aurrerantzean, zenbait lan-ildo jorratuko dituzte. Horietako bat izango da elkarrizketa zuzenerako bideak sortzea Udaleko atal bakoitzarekin, jakiteko zein den beren lana, zein dokumentazio erabiltzen duten, udalerriaren eta beren ardurapeko eremuaren zein ikuspegi duten, eta sor daitekeen beste edozein kontu. Gero, horiek guztiak aintzat hartuko dituzte, Basauri2030 Estrategia diseinatzerakoan.

Klima aldaketari lotutako ondorioak leuntzeko plan estrategikoa egin du Basauriko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak