→Basauri

Hamar agente zibiko kontratatu ditu Basauriko Udalak ekainera arte

Zortzi emakume eta bi gizon kontratatu dituzte agente zibikoarena egiteko // Basauriko Udala

Hamar agente zibiko eta gainbegirale bat kontratatuko ditu Basauriko Udalak sei hilabetez lan egiteko. Besteak beste, herritarrei behar duten udal informazioa emateaz; Covid-19a geldiarazteko neurriak arduragabeki urratzen dituztenei kontzientzia harraraztea eta ohartarazpena egiteaz; garbitasunari eta espazio publikoa okupatu eta erabiltzeari buruzko udal ordenantza betetzen dela zaintzeaz; hiri-altzariak egokiro erabiltzen direla ikuskatzeaz; animaliak edukitzeari eta berauek babesteari buruzko udal ordenantza betetzen dela bermatzeaz, eta ikastetxeetara sartu eta bertatik irteteko orduetan, familiei laguntza emateaz, oinezkoen pasabideetako joan-etorriak zuzenduz, arduratuko dira. Gainera, agente zibikoek ohartarazpena egingo diete arduragabekeriaz aritu eta arau-hauste astunak egiten dituzten gidariei, eta Udaltzaingoari horren berri emango diote. Urtarrilaren 7an hasi ziren zerbitzu ematen, eta ekainera arte egongo dira lanean, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era eta 15:30etik 20:00etara. 

Agente zibikoek (zortzi emakume eta bi gizon) Udaltzaingoarengandik prestakuntza jaso zuten 2020ko abenduaren 28tik 2021eko urtarrilaren 5era zenbait gairen inguruan: herriko kale-izendegia, udal ordenantzak, autobabes neurriak, trafikoaren gaineko araudia, bizikidetzari eta norbanakoen arteko desadostasunak konpontzeari buruzko araudia, eta Covid-19a geldiarazteko neurriak jasotzen dituzten dekretuei buruzkoa. Gainera, trafikoa zuzentzeko eta gatazkak konpontzeko prestakuntza praktikoa ere jaso dute. “Saiatu gara agente zibikoei beharrezko trebetasunak irakasten, egunerokoan zerbitzu ona emateko eta, aldi berean, beren segurtasuna eta besteena bermatzeko”, dio Sergio Moral lehen mailako agenteak eta prestakuntzaren arduradunak: “Oso jarrera ona agertu dute: zerbitzu publikoaren, lantaldean aritzearen eta herritarren arazoekiko enpatia agertzearen aldeko mezua transmititu diegu. Gehien kostatu zaiena izan da oinezkoen pasabideetan jardutea, baina ahalegin handia egin dute eta lortu dituzte basauriarrei kalitatezko zerbitzua emateko beharrezko trebetasunak”. Sergio Moralekin batera Eva Moral udaltzainburuordea izan da prestakuntza-saioak ematen. 

Tokiko enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez eta Basauriko Udalak kofinantzatutako programa da agente zibikoena. Ekimenak bilatzen du denbora luzez langabezian egon direnei lan merkatura itzultzen laguntzea.

200 esku-hartze

Urtarrilaren 7an lanean hasi zirenetik agente zibikoek mota guztietako 200 esku-hartze baino gehiago egin dituzte. Batez ere, Covid-19aren prebentzio-neurriei buruzko informazioa emateari eta ohartarazpenak egiteari buruzkoak. Ostalariekin ere harreman zuzena izan dute, prebentzioaren alorreko zenbait konturen gainean. Bestalde, 42 jarduketa egin dituzte oinezkoen pasabideak zuzentzeari lotuta, horretarako behar handiena dagoen ikastetxeetan. Gainerakoak herritarrei argibideak eta laguntza emateko lanak izan dira.

“Aurreikuspena da lanean egongo diren 6 hilabeteetan zehar 3.000 jarduketa baino gehiago egitea; bereziki, ikastetxeetan sartu eta bertatik irteten diren oinezkoen joan-etorriak kontrolatzen, eta COVID-19a geldiarazteko ezarritako murrizketak betetzen direla zaintzen”, dio Eva Moral udaltzainburuordeak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak