☉ Basauri
Basauri Koral Elkarteak 75. urteurrena ospatuko du aurten Ahots-Musika Topaketetan, maiatzean

Basauriko Ahots-Musika Topaketak (BAT) antolatuko dituzte berriro, bi urte pandemia dela eta bertan behera geratu ondoren. Aurtengoa 47. edizioa da, eta antolatzaileek diotenez, “edizio erabat desberdina” izango da. Basauri Koral Elkarteak antolatzen du ekimena urtero (pandemia urteetan izan ezik), Udalaren laguntzarekin.
Aurten maiatzaren 6tik 21era bitartean izango dira Basauriko Ahots-Musika Topaketak. “Azken edizioetan urrian eta azaroan antolatu izan ditugu, baina aurten maiatzera aurreratzea erabaki dugu”, diote. “Aurten denetarik izango dugu BATen: gazteen koroa, ahots zurien koroa, baxu-ahotsak eta ahots nahasien bi koro, etxekoak”, dio Gorane Intxaurraga Basauri Koral Elkarteko kideak eta BATeko aurkezleak.
Honako abesbatzek hartuko dute parte 2022ko Topaketetan: Euskeria Korua (Bilbo), Asociación Las Chicas del Coro (Bárcena de Cicero, Kantabria), Eragiyok Gizon Abesbatza (Astigarraga) —basauriar bat taldekide da— eta Soinu Bidea eta Basauri Koral Elkartea. Gainera, Edurre Dantza Taldeak, Danbolin Txistulari Elkarteak, Biarte Dantza Eskolak, Manuela Egiguren Emakume Taldeak, Herriko Taldeakek eta Txarraska Gaztetxeak ere parte hartuko dute BATen.
Aurrekoetan bezala, San Pedro elizan izango dira kontzertu gehienak, doan, azkena izan ezik (Basauri Koral Elkartearena eta gonbidatuena, alegia): Social Antzokian izango da, eta sarrera ordaindu behar da (6 euro).
75. urteurrena
Basauri Koral Elkarteak 75 urte bete zituen iaz, baina pandemiagatik ezin izan zuten ospakizunik antolatu. “Aurten, ordea, gogotsu helduko diogu 75. urteurrenari. Elkarte batek 75 urte betetzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula”, dio José Ángel Robles Basauri Koral Elkarteko zuzendariak. Hori dela eta, aurten, zerbait berezia antolatuko dute maiatzaren 6an BATaren hasieran: elkartearen lehen egoitzan (Pedro Bilbao kalea 2) urteurrenaren oroitzapenezko plaka jarriko dute.
“Kalean izango da eta basauriar guztiak zein Koralaren familia zabalaren kide izan diren eta badiren guztiak gonbidatuta daude, beraien ahaleginari esker bete direlako 75 urte eta espero dugu gutxienez beste hainbeste ere betetzea”, dio Roblesek. Plaka aurkezteaz gain, hainbat abesti kantatuko dituzte.
Basauriko Koral Elkarteak hasi eta bukatuko du 2022ko BAT. Izan ere, beti bezala azken eguneko kontzertua eskainiko du Social Antzokian. “Ilusio handia dugu. Oso berezia izango da kontzertu hori. Euskal Pop-Rock kontzertua eskainiko dugu. 2020an sortutako kontzertua da, baina orain arte ezin izan dugu aurkeztu”, dio Roblesek. Guztira 16 abesti kantatuko dituzte, “euskal kulturako pop-rock abestiak, hain zuzen; 1967tik 2020ra bitarteakoak”, dio Roblesek. Hala nola, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil, Kortatu, Hertzainak, Ken Zazpi, Zea Mays, Kalakan edota ETS taldeen abestiak kantatuko dituzte.
Horretarako, kontzertu horretan gonbidatuak izango dituzte: Soinu Bidea, Edurre Euskal Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Eguiguren Emakume Taldea, Herriko Taldeak eta Txarraska Gaztetxea. Gainera, hainbat musikarik osatutako Basque Band-a ere izango dute lagun eszenatokian: Eneko Martínez (gitarra), Fito Aguado (baxua), Iraide Bilbao (flauta eta trikitixa), Markel González (perkusioa) eta Alberto Garaio (pianoa). Era berean, herriko ume batzuek ere parte hartuko dute.
BAT 2020 – BASAURIKO AHOTS-MUSIKA TOPAKETA
Maiatzak 6-21
Maiatzak 6, ostirala
19:30 Basauri Koral Elkartearen 75. urteurrenaren plaka jartzea
Pedro Bilbao plaza
Maiatzak 6, ostirala
20:30 Euskeria Korua (Bilbo)
San Pedro eliza —doan—
Maiatzak 8, igandea
19:00 Asociación Chicas del Coro (Bárcena de Cicero)
San Pedro eliza —doan—
Maiatzak 14, larunbata
19:30 Eragiyok Gizon Abesbatza (Astigarraga)
San Pedro eliza —doan—
Maiatzak 15, igandea
19:00 Soinu Bidea (Basauri)
San Pedro eliza —doan—
Maiatzak 21, larunbata
19:30 Basauri Koral Elkartea + Lagunak: Basque Band, Edurre Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Egiguren Emakume Elkartea, Herriko Taldeak, Txarraska Gaztetxea
Social Antzokia —6 euro—
☉ Basauri
Iñaki Artola pilotariak eta Iker Iriarte botilleroak hitzaldia eskainiko dute bihar Basaurin
‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia eskainiko dute bihar, azaroak 27, Artunduagako pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da

Esku Pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin. Aurten ere Basaurik pilota profesionalaren aldeko apustua egin du eta Binakako Txapelketaren jardunaldietako bat jokatuko da Artunduagako frontoian azaroaren 28an, ostiralez.
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zabala (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.
Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.
Partida profesionalen aitzakian, Bidebieta Pilota Elkarteak bihar, azaroak 27, 18:45ean jarduera bat antolatuko du Artunduagako pilotalekuan: Iñaki Artola pilotariaren eta Iker Iriarte botilleroaren hitzaldia, hain zuen.
“Iñaki Artola pilotari profesionala eta Iker Iriarte bere botileroa Artunduagara etorriko dira, nahi duten pilotari eta familia guztiekin arratsalde atsegin bat pasatzera”, diote. Hitzaldia euskaraz izango da eta ordu eta erdi inguru iraungo du.
☉ Basauri
Musika, kirola eta umorea Basaurin, Euskararen Nazioarteko egunaren harira
Ekintzak azaroaren 27tik abenduaren 12ra luzatuko dira, eta besteak beste, ‘Miñan’ antzezlana, PlayBack lehiaketa, hitzaldi musikatuak edo Baskot gaua antolatu dituzte

Basauriko Udalak Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ‘Euskararen bide berriak’ ekintza sorta aurkeztu du. Azaroaren 27tik abenduaren 12ra bitartean, musika, antzerkia, kirola eta euskal kultura izango dira ardatz nagusiak, basauriarrei zuzendutako hamaika jarduerarekin.
Musika eta lehiaketei dagokionez, Playbacka izango da protagonistak: Laugarren Playback Herri Lehiaketa (8-12 urte) azaroaren 28an izango da Solobarrian.
Urtero bezala, Hitzaldi Musikatuak ere antolatu dituzte: Abenduaren 2an, Udal Musika Eskolako ikasleen emanaldi bereziarekin batera, Alex Sardui (Gatibu / Exkixu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) artistek hitzaldi musikatuak eskainiko dituzte Social Antzokian. Sarrerak doan jaso daitezke Musika Eskolan eta Social Antzokian.
Bada, antzerkia, kirola eta umorea era ez dira faltako, eta protagonismo handia izango du azaroaren azken astetik aurrera: Azaroaren 28an, ‘Miñan’ antzezlana taularatuko da Social Antzokian. Bestalde, azaroaren 30ean, ‘Bertso garbitzailea’ umore-ikuskizuna egingo da Basozelaiko Zortziko plazan, familia osoarentzat.
Kirolari dagokionez, azaroaren 27an, Iñaki Artola pilotari profesionalak eta Iker Iriarte bere botilleroak ‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia emango dute Artunduagako frontoian. Egun bi geroago, azaroaren 29an, larunbatez, egun osoko plan zabala antolatu da: Eguerdian, Emoiok herriko trikitilari taldearen kalejira izango da, eta 12:30ean Solobarrian ‘Txakolin eta Gazta dastaketa’ (izen-ematea beharrezkoa da). Gauean, 21:30etatik aurrera, Oihan Vega DJaren euskarazko musika saioak jarriko du jai-giroa Solobarrian.
Eta bukatzeko, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, ‘Basauriko Umeak Kantari’ ekintza egingo da herrian zehar. Azkenik, abenduaren 12an, Bolintxu AEK-k kudeatutako ‘Baskot Gaua’ euskal jaia ospatuko da San Jose ikastetxean, txano eta kapela bereziekin (gaia: Korrika).
☉ Basauri
Basauriko Guraso Elkarteak: “Hezkuntza Sailak ez digu eskola-sukaldearen inguruko bileraren berririk eman”
Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”

Eusko Jaurlaritzak eskola-sukaldea martxan jarriko du Basaurin inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Ekainean eman zuen horren berri, eta asmoa zen eskola-sukalde hori ikasturte honetarako prest egotea, baina oraindik ez da proiektua gauzatu.
Ildo horretan, eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantokian pasa den astean ikasle baten babarrun-platerean zizare bat agertu ostean, Basauriko sei ikastetxe publikoetako guraso elkarteek euren “kezka eta ezinegona” adierazi dute eskola-jantokien egungo egoeragatik.
Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak “ez du oraindik ekainean iragarri zuen promesa bete”.
Itxaronaldia “luzea” dela adierazi dute Basauriko guraso elkarteek, “proiektuaren egoerari eta ezaugarri zehatzei buruzko berririk gabe”, diote, eta gaineratu dute: “Haurrek atzerapen hori jasaten jarraitzen dute”.
Gurasoen kexak publiko egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berretsi du Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko bere “konpromiso irmoa”.
“Hilabeteak daramatzagu lanean irtenbide onenaren bila Basauriko ikastetxeetan kalitatezko jantoki zerbitzua bermatzeko”, adierazi dute Hezkuntza Saileko ordezkariek.
Basaurin dagoeneko “hainbat alternatiba tekniko” aztertu dituztela esan dute, “herriko hezkuntza-zentroen beharrei eraginkortasunez erantzuten dien proiektu bat definitzeko”.
Era berean, Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”.
Basauriko guraso elkarteko ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA, eta adierazi dute oraindik ez dutela bilera horren berririk: “Bilera guk eskatu genuen, baina oraindik ez digute erantzunik eman”.
Basauriko Udalak, bere aldetik, guraso elkarteen eskaerei babesa eman die, eta “behar horiek dagozkien erakundeei helarazteko egindako lan bateratua eta etengabea” azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko harremana mantentzen dugu proiektuaren berri izateko, eta esan digute proiektua aurrera doala”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazi du proiektu hau “ahalik eta azkarren” gauzatu dadin eta, “kalitatezko zerbitzu baten adibide izan dadin”, beharrezkoa den guztian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela.
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko “konpromiso irmoa” berretsi du Eusko Jaurlaritzak
Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantokian pasa den astean ikasle baten babarrun-platerean zizare bat agertu ostean, Basauriko sei ikastetxe publikoetako guraso elkarteek euren “kezka eta ezinegona” adierazi dute eskola-jantokien egungo egoeragatik.
Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak “ez du oraindik ekainean iragarri zuen promesa bete”: Basaurin eskola-sukalde bat martxan jartzea, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko, hain zuzen.
Jaurlaritzaren asmoa zen eskola-sukalde hori martxan egotea ikasturte honetan, baina oraindik ez da proiektua gauzatu.
Itxaronaldia “luzea” dela adierazi dute Basauriko guraso elkarteek, “proiektuaren egoerari eta ezaugarri zehatzei buruzko berririk gabe”, diote, eta gaineratu dute: “Haurrek atzerapen hori jasaten jarraitzen dute”.
Gurasoen kexak publiko egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berretsi du Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko bere “konpromiso irmoa”.
“Hilabeteak daramatzagu lanean irtenbide onenaren bila Basauriko ikastetxeetan kalitatezko jantoki zerbitzua bermatzeko”, adierazi dute Hezkuntza Saileko ordezkariek.
Basaurin dagoeneko “hainbat alternatiba tekniko” aztertu dituztela esan dute, “herriko hezkuntza-zentroen beharrei eraginkortasunez erantzuten dien proiektu bat definitzeko”.
Era berean, Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”.
Basauriko guraso elkarteko ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA, eta adierazi dute oraindik ez dutela bilera horren berririk: “Bilera guk eskatu genuen, baina oraindik ez digute erantzunik eman”.
Basauriko Udalak, bere aldetik, guraso elkarteen eskaerei babesa eman die, eta “behar horiek dagozkien erakundeei helarazteko egindako lan bateratua eta etengabea” azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko harremana mantentzen dugu proiektuaren berri izateko, eta esan digute proiektua aurrera doala”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazi du proiektu hau “ahalik eta azkarren” gauzatu dadin eta, “kalitatezko zerbitzu baten adibide izan dadin”, beharrezkoa den guztian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela.
☉ Basauri
Basauriko guraso elkarteek salatu dute ez dagoela udal-sukaldearen proiektuaren inguruko berririk
“Epe laburrean benetako aldaketa aldarrikatzen jarraituko dugu, eta familia guztiak animatzen ditugu jantokien eredua behingoz alda dadin exijitzera”, diote

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantoki zerbitzuan ikasle baten babarrun-platerean zizare bat agertu zela salatu zuen pasa den astean guraso elkarteak.
Gertakari horren aurrean, Basauriko sei ikastetxe publikoetako guraso elkarteek euren “kezka eta ezinegona” adierazi dituzte eskola-jantokien egungo egoeragatik.
“Zerbitzu honen azpikontratazioak gertakari onartezinak eragiten ditu oraindik ere: menu ez osasungarriak, kalitate eta kantitate txikikoak; osagai izoztu eta aurreprestatuekin egindako elaborazioak eta janari ultra prozesatua; entregak ez betetzeagatik termoetan denbora gehiegi ematen duten janariak: ikastetxeen errealitatearekin bat ez datozen ratioak dituzten langile gutxiegi; eta langileen ordezkapen falta… Horrek guztiak gure seme-alaben beharrak betetzen ez dituen elikadura eta behar bezala eman ezin den zerbitzua eragiten ditu”, salatu dute Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak ekainean iragarri zuen promesa ikasturte honen hasieran Basaurin eskola-sukaldea martxan jarriko zuela adierazten zuena kritikatu dute guraso elkarteek.
“Alderdi guztiei gogorarazi nahi diegu oraindik gauzatu gabe dagoela iragarri zuten promesa jangela-sistema aldatzekoa eta udal-sukalde bat ezartzekoa”, diote.
Itxaronaldia “luzea” dela adierazi dute, “proiektuaren egoerari eta ezaugarri zehatzei buruzko berririk gabe”, diote, eta gaineratu dute: “Haurrek atzerapen hori jasaten jarraitzen dute”.
“Onartezina gure haurren ongizatea gutxiesten jarraitzea. Epe laburrean benetako aldaketa aldarrikatzen jarraituko dugu, eta familia guztiak animatzen ditugu jantokien eredua behingoz alda dadin exijitzera”, diote.









