→Basauri

Basauri Koral Elkarteak 75. urteurrena ospatuko du aurten Ahots-Musika Topaketetan, maiatzean

Maiatzaren 6tik 21era bitartean izango dira Basauriko Ahots-Musika Topaketak // Argazkia: Geuria

Basauriko Ahots-Musika Topaketak (BAT) antolatuko dituzte berriro, bi urte pandemia dela eta bertan behera geratu ondoren. Aurtengoa 47. edizioa da, eta antolatzaileek diotenez, “edizio erabat desberdina” izango da. Basauri Koral Elkarteak antolatzen du ekimena urtero (pandemia urteetan izan ezik), Udalaren laguntzarekin.

Aurten maiatzaren 6tik 21era bitartean izango dira Basauriko Ahots-Musika Topaketak. “Azken edizioetan urrian eta azaroan antolatu izan ditugu, baina aurten maiatzera aurreratzea erabaki dugu”, diote. “Aurten denetarik izango dugu BATen: gazteen koroa, ahots zurien koroa, baxu-ahotsak eta ahots nahasien bi koro, etxekoak”, dio Gorane Intxaurraga Basauri Koral Elkarteko kideak eta BATeko aurkezleak.

Honako abesbatzek hartuko dute parte 2022ko Topaketetan: Euskeria Korua (Bilbo), Asociación Las Chicas del Coro (Bárcena de Cicero, Kantabria), Eragiyok Gizon Abesbatza (Astigarraga) —basauriar bat taldekide da— eta Soinu Bidea eta Basauri Koral Elkartea. Gainera, Edurre Dantza Taldeak, Danbolin Txistulari Elkarteak, Biarte Dantza Eskolak, Manuela Egiguren Emakume Taldeak, Herriko Taldeakek eta Txarraska Gaztetxeak ere parte hartuko dute BATen.

Aurrekoetan bezala, San Pedro elizan izango dira kontzertu gehienak, doan, azkena izan ezik (Basauri Koral Elkartearena eta gonbidatuena, alegia): Social Antzokian izango da, eta sarrera ordaindu behar da (6 euro).

75. urteurrena

Basauri Koral Elkarteak 75 urte bete zituen iaz, baina pandemiagatik ezin izan zuten ospakizunik antolatu. “Aurten, ordea, gogotsu helduko diogu 75. urteurrenari. Elkarte batek 75 urte betetzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula”, dio José Ángel Robles Basauri Koral Elkarteko zuzendariak. Hori dela eta, aurten, zerbait berezia antolatuko dute maiatzaren 6an BATaren hasieran: elkartearen lehen egoitzan (Pedro Bilbao kalea 2) urteurrenaren oroitzapenezko plaka jarriko dute.

“Kalean izango da eta basauriar guztiak zein Koralaren familia zabalaren kide izan diren eta badiren guztiak gonbidatuta daude, beraien ahaleginari esker bete direlako 75 urte eta espero dugu gutxienez beste hainbeste ere betetzea”, dio Roblesek. Plaka aurkezteaz gain, hainbat abesti kantatuko dituzte.

Basauriko Koral Elkarteak hasi eta bukatuko du 2022ko BAT. Izan ere, beti bezala azken eguneko kontzertua eskainiko du Social Antzokian. “Ilusio handia dugu. Oso berezia izango da kontzertu hori. Euskal Pop-Rock kontzertua eskainiko dugu. 2020an sortutako kontzertua da, baina orain arte ezin izan dugu aurkeztu”, dio Roblesek. Guztira 16 abesti kantatuko dituzte, “euskal kulturako pop-rock abestiak, hain zuzen; 1967tik 2020ra bitarteakoak”, dio Roblesek. Hala nola, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil, Kortatu, Hertzainak, Ken Zazpi, Zea Mays, Kalakan edota ETS taldeen abestiak kantatuko dituzte.

Horretarako, kontzertu horretan gonbidatuak izango dituzte: Soinu Bidea, Edurre Euskal Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Eguiguren Emakume Taldea, Herriko Taldeak eta Txarraska Gaztetxea. Gainera, hainbat musikarik osatutako Basque Band-a ere izango dute lagun eszenatokian: Eneko Martínez (gitarra), Fito Aguado (baxua), Iraide Bilbao (flauta eta trikitixa), Markel González (perkusioa) eta Alberto Garaio (pianoa). Era berean, herriko ume batzuek ere parte hartuko dute.

BAT 2020 – BASAURIKO AHOTS-MUSIKA TOPAKETA

Maiatzak 6-21

Maiatzak 6, ostirala
19:30 Basauri Koral Elkartearen 75. urteurrenaren plaka jartzea
Pedro Bilbao plaza

Maiatzak 6, ostirala
20:30 Euskeria Korua (Bilbo)
San Pedro eliza —doan—

Maiatzak 8, igandea
19:00 Asociación Chicas del Coro (Bárcena de Cicero)
San Pedro eliza —doan—

Maiatzak 14, larunbata
19:30 Eragiyok Gizon Abesbatza (Astigarraga)
San Pedro eliza —doan—

Maiatzak 15, igandea
19:00 Soinu Bidea (Basauri)
San Pedro eliza —doan—

Maiatzak 21, larunbata
19:30 Basauri Koral Elkartea + Lagunak: Basque Band, Edurre Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Egiguren Emakume Elkartea, Herriko Taldeak, Txarraska Gaztetxea
Social Antzokia —6 euro—

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak