→Basauri

Bobi Galdos (Elkarrekin Podemos): “Arriskutsua izango da AHTaren geltokia Sidenorren aspaldiko zabortegiaren gainean eraikitzea”

“AHTaren Bilborako tunela lehentasunezkoa izan behar da, Lapatzako geltokiak tren-trafikoa handituko duelako Basaurin”, dio Bobi Galdos Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak.

BOBI GALDOS ELKARREKIN PODEMOSEKO BOZERAMAILEAREKIN HITZ EGIN DUGU GEURIAN // GEURIA

Azken orduetan bolo-bolo dabilen gaia da AHTaren behin-behineko geltoki bat Basaurin eraiki nahi dutena. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eman dute gaur goizean horren berri eta berehala iritsi dira horren inguruko lehen erreakzioak. Lehenak, Asier Iragorri Basauriko alkatearenak. Ondoren, Exabier Arrieta Basauriko EH Bilduren bozeramailearekin hitz egin dugu GEURIAn, eta orain Elkarrekin Podemoseko ordezkarien berbak jaso ditugu. 

Zaratamotik Bilbora AHTa lur azpitik sartuko dela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Horren aurrean, zera dio Bobi Galdos Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak: AHTaren Bilborako tunela lehentasunezkoa izan behar da, Lapatzako behin-behineko geltokiak tren-trafikoa handituko lukeelako Basaurin”. Era berean, AHTaren geltokia itxita dagoen Sidenorren aspaldiko zabortegiaren gainean eraikitzea “arriskutsua” izango dela gaineratu du Galdosek. 

“AHTaren kasuan, onartutako azken trazatua defendatzea zen konpromisoa, euskal erakundeek eta Basauriko Udalak Ministerioaren aurrean egindako negoziazioen emaitza, Zaratamotik Bilbora lurperatzea aurreikusten zuena, gure herria zeharkatzen duen aldiriko trenbidetik igaro gabe. Horrek trenbide-trafikoa nabarmen handitzea ekarriko baitu”, dio Galdosek. Ildo beretik, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea (HTS) tunel horretatik joatea “lehentasuna” izan beharko litzatekeela uste dute alderdi moretik, “merkantzia-trenak gure herritik igaro ez daitezen”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak