→Basauri

Isabel Cadaval (PSE): “AHTaren Lapatzako geltokia denbora laburrez martxan egoteko lan egin behar dugu”

isabel Cadaval PSE-KO BOZERAMAILEAREKIN HITZ EGIN DUGU GEURIAN // Geuria

AHTa Euskadira helduko dela iragarri zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta tartean Basaurik behin-behineko geltoki bat izango duela ere adierazi zuten bi erakundeek. Hain zuzen ere, Lapatzan eraikiko lukete behin-behineko geltoki hori, Zaratamotik Bilbora bitarteko tunela egin bitartean. Atzo bertan Asier Iragorri Basauriko alkatearen adierazpenak jaso genituen GEURIAn, baita Exabier Arrieta (EH Bildu) eta Bobi Galdos (Elkarrekin Podemos) ordezkarienak ere.

Gaur Isabel Cadaval PSEko bozeramailearekin —gobernu taldeko kidea— hitz egin dugu: “Guretzat albiste nagusia da azkenean zehaztu dela AHTa Bizkaira eta Euskadira iritsiko dela, eta basauriarrok ere onura aterako diogula horri, noski”, dio Cadavalek: “Basauriri dagokionez, oraindik ez da behin-behineko geltokia zehaztu, baina logikoa da: xehetasun handia eskatzen duten obra handiez ari gara, eta nik espero dut erakunde guztiek eta Ministerioak ahalik eta hobekien egingo dutela. Izan ere, horretan erakunde guztiak norbide berean goaz: Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta, neurri batean, Aldundiak AHTa Euskadira eta Bizkaira iristea nahi genuen, ahalik eta lasterren, modurik onenean. Eta bidea hasita dago”.

“Basaurin ahalik eta eragin txikiena edo eraginik ez izatea bilatuko dugu. Horretarako, ahalik eta lasterren eduki behar dugu proiektuaren zehaztasun guztia. Orain daukaguna da Espainiako Gobernuaren konpromiso bat, AHTa Euskadira iritsiko dela eta Bilbora lurpetik iritsiko den tunel bat egongo dela. Hori dagoeneko bermatu da, baina kontua da hasieratik ez dela AHTa Bilbora iritsiko. Bitartean, behin-behineko geltoki bat egingo dute Basaurin. Lotu beharrekoa da behin-behineko geltoki hori nolakoa izango den eta udalerrian ahalik eta eragin txikiena izatea. Lanean jarraitu behar dugu behin-behineko geltoki hori ahalik eta denbora laburrenean egon dadin”, dio Cadavalek. 

Iraileko osoko bilkuran Cadavalek AHTaren aldeko jarrera erakutsi zuen eta atzoko berria poztasunez hartu du: “Talde sozialistatik oso pozik gaude azkenean AHTerako data bat zehaztu dutelako. Sozialistok beti defendatu izan dugu azpiegitura hori behar-beharrezkoa dela Espainiako gainerako lurraldeekin eta Europarekin konektatzeko, eta, beraz, haren alde gaude. Atzo egun handia izan zen zentzu horretan”, dio Cadavalek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak