→Basauri

Asier Iragorri: “Basauriri mespretxua da; ez digute Lapatzako AHTaren geltokiaren berri eman”

Iraileko osoko bilkuran eztabaidatu zuten alderdi politikoek AHTaren iritsiera Bilbori / Geuria

AHTaren behin-behineko geltokia Basaurin eraikiko dutelaren berriaren inguruan Asier Iragorri alkateak prentsa adierazpena bidali du. Honakoa dio, hitzez hitz, Iragorrik bidalitako oharrak:

“Udaleko buru naiz Basauriko bizilagunen interesak defendatzeko, eta horixe egingo dut.

Lapatzan AHTren behin-behineko geltoki bat eraikiko dutela komunikabideen bitartez jakin izana onartezina da. Irailean, entzuten hasiak ziren zurrumurruen aurrean, Garraio Ministeriora gutun bat bidali nuen, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruko Erakundearteko Batzordearen premiazko bilera bat eskatzeko. Oraindik ez digute erantzun, baina, hala ere, gaur iragarri dute komunikabideetan. Basauriri mespretxua da, eta ez nago hori onartzeko prest, are gehiago aukera hori bere garaian onartutakoa ez bada, hau da, behin-behineko aukerarik gabeko lurpeko sarrera, gure oniritzia zuena.

AHTaren behin-behineko geltokiari dagokionez, balorazio serio bat egin aurretik, horri buruzko xehetasunak jakin beharko ditugu: behin-behinekotasun horren iraupena, trenen kopuruaren igoera onargarria eta arrazoizkoa den ala ez, eta basauriarren bizi-kalitatean azpiegitura berri horrek eraginik izan ez dezan proposatzen dituzten neurriak. Ausartegia eta zuhurtzia gutxikoa litzateke balorazio horretan gehiago sakontzea, udalerrian izan dezakeen eraginari buruzko daturik oraindik izan gabe. Baina basauritar bakar batek ere ez dezala zalantzarik izan, orain arte egin dugun bezala, gure herriaren interesak defendatzen jarraituko dugula hori egin behar den tokian.

Espero dut ministroa edo Garraio Ministerioko beste arduradunen bat berehala jarriko dela gurekin harremanetan, duela hilabete baino gehiago eskatu nuen bilera hori deitzeko eta informazioa emateko. Bestela, behin eta berriz jarraituko dut informazio osoa jaso arte”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak