→Basauri

AHTaren behin-behineko geltokia Basaurin eraikiko dute, Lapatza inguruan

Lapatzan eraikiko lukete AHTaren behin-behineko geltokia, Renfeko aldirien ondoan // Geuria

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Espainiako Gobernuko ordezkariekin bildu dira gaur Abiadura Handiko Trena (AHT) ardatz hartuta. Lan-bilera horretan, bi erakundeek Euskal Y-aren obrak zer egoeratan dauden aztertu dute, baita epe laburrean egingo diren urratsak ere. Ildo horretatik, bi erakundeek abiadura handia Gasteizera eta Bilbora lurpetik iristeko konpromisoa berretsi dute, eta trenbideen azpiegitura berria lehenbailehen martxan jartzeko asmoa adierazi dute. Gauzak horrela, Zaratamotik Bilbora bitartean AHTa lurpetik sartuko dela jakinarazi dute, baita lan horiek Madrilek Eusko Jaurlaritzaren esku utzi dituela ere. Akordioa itxita dago, azken xehetasunen eta bi erakundeetako pauso administratibo eta juridikoen zain.

Bestetik, AHTaren behin-behineko geltoki bat Basaurin eraikitzea aztertzen ari dira. Aurreikuspenen arabera, Lapatzan eraikiko lukete behin-behineko geltoki hori. Hain zuzen ere, behin-behineko geltoki horren inguruan galdetu zuen EH Bilduk Basauriko iraileko osoko bilkuran. Garraio ministroaren ustez, “behar-beharrezkoa” da aldi baterako geltokia sortzea Euskal ‘Y’-aren inaugurazioa bizkortzeko eta Abandoko lurperatzea bermatzeko. 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa bildu dira gaurko lan-bileran, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Era berean, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak, María Luisa Domínguez ADIFeko presidenteak eta Denis Itxaso Euskadiko Gobernuko ordezkariak hartu dute parte bilera horretan.

AHTak Basaurin “inolako eraginik edo ahalik eta eragin txikiena” izan dezan “borrokatuko” du Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak