→Basauri

Bideoa | Manu Imaz (AHT Gelditu): “AHTak, obra amaitu ondoren ere, galera ekonomiko handia dakar”

AHTaren kontako elkarretaratzea egin zuten atzo Basaurin, San Isidro plazaren iturriaren aurrean, ‘Ez behin-behinekoa, ez behin betikoa, AHTrik ez’ lemapean. “Lapatzan behin-behineko geltoki bat eraikitzea zentzurik ez duen azpiegitura bat eraikitzeari erantsitako beste xahutze eta txikizio bat baino ez da, eta, berez, inoiz izan den baliabide-xahuketarik handiena da. Zentzugabekeri hau gelditu behar dugu, zeren, gastatuta dagoenarekin zer egin beste aukerarik ez dagoen arren, lehenbailehen gelditu behar dugu. Ez da lur eremu handiagoa suntsituko eta ez da ere diru gehiago xahutuko. Adituek eurek, ohartarazi dute, obra amaituz gero ere, galera ekonomiko handia dakarrela eta hobe litzatekeela ez irekitzea”, diote AHT Gelditu eta Orain Ardura plataformetako kideek. Bideoan Manu Imaz AHT Gelditu! plataformako kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn.

“Hainbat izan dira AHTa eraikitzeak dakarren xahutzeaz hitz egin dute katedratikoak eta erakundeak. Gaur gaurkoz, Euskal Y-a martxan jartzea suposatzen duenaren erdia ere ez da gastatu. Obra zibila leku batzuetan oso aurreratua dagoen arren, lekurik kritikoenak eta garestienak falta dira. Baita bideak eta katenariak instalatzea ere eta horiek elikatzeko linea elektrikoak eraikitzea”, diote, eta salatu dute AHTaren obrekin jarraitzeko “arrazoi bakarra eraikuntza-enpresa handiak aberastea” dela.

Era berean, Euskal Y-a eraikitzeko Espainitik bideratuko luketeen aurrekontua ere salatu dute AHTaren kontrako plataformek: “2022ko Estatuko aurrekontu orokorretan EAErako bideratuko ziren 568,8 milioi eurotatik, 336,4 milioi AHTra bideratuko lirateke. Hau da, Madrildik jasoko den guztiaren % 60a Euskal Y-arentzat izango da, ez gizarte premietarako, osasuna, hezkuntza edota pentsioentzako”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak