→Basauri

AHTaren kontrako elkarretaratzea deitu dute azaroaren 24an Basaurin

“Ez Lapatzan ez inon, ez dugu AHTrik nahi”, diote Orain Ardura eta AHT Gelditu platafomek. Kontzentrazioa azaroaren 24an izango da Bentako plazan.

Renfe aldirietako trena eta gainean AHTaren zubia, Lapatza inguruan // Geuria

Abiadura Handiko Trena (AHT) Bilbora zuzenean iritsi bitartean, azken geltoki bat eraikiko dute Basaurin, behin-behinekoa, Lapatza inguruan. Horren berri eman zuten azaroa hasieran Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak.

Ildo horretan, AHTaren aurka eta behin-behineko geltokia Lapatzan eraikitzearen kontra elkarretaratzea deitu dute azaroaren 24an, asteazkenez, Basaurin Orain Ardura eta AHT Gelditu platafomek. “Ez Lapatzan ez inon, ez dugu AHTrik nahi. Diru xahuketa ikaragarria da; gainera, triskantza ekologikoa, enplegu kaxkarra, murrizketa sozialak, iruzurrak, ustelkeria, inposaketa edota metropolizazioa dakartza AHTak”, diote. Kontzentrazioa Bentako plazan izango da 20:00etan. 

Bestetik, gaur bertan (azaroak 22) Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko Bizkaiko batzarkidea trenbide ezberdinei eta Basaurirengan duten eraginei buruz mintzatuko da Pozokoetxe Kultur Etxean, tartean, AHTaz.

Politikarien adierazpenak

AHTaren behin-behineko geltokia Lapatzan eraikiko dutelaren harira, Basauriko Udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileekin berba egin genuen GEURIAn:

Asier Iragorri (Basauriko alkatea, EAJ): “Basauriri mespretxua da; ez digute Lapatzako AHTaren geltokiaren berri eman”

Isabel Cadaval (PSE): “AHTaren Lapatzako geltokia denbora laburrez martxan egoteko lan egin behar dugu”

Exabier Arrieta (EH Bildu): “AHTa Basaurin? Ez gaitu harritzen. Koherentea da historikoki herria nola zartatu duten jakinda”

Bobi Galdos (Elkarrekin Podemos): “Arriskutsua izango da AHTaren geltokia Sidenorren aspaldiko zabortegiaren gainean eraikitzea”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak