→Basauri

‘Alderray’ antzezlana taularatuko dute maiatzean Social Antzokian, Basaurin

Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Aguirre, 'Alderray'ko antzezleak// Argazkia: Tartean Teatroa

Patxo Telleriak idatzitako eta zuzendutako ‘Alderray’ antzezlana izango da maiatzaren 13an, ostiralez, Basauriko Social Antzokian (20:00). Antzezle lanetan daude Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Aguirre. Sarrerak salgai daude 10 euroan; Social Antzokiko bazkideek eta Gazte Txartele dutenek beherapenak dituzte.

Martxoaren 9an estreinatu zuen Tartean Teatroak ‘Alderray’ Bilboko Arriaga Antzokian eta ordutik Leioan, Santurtzin eta Iruñan aurkeztu dute. Basauri eta gero (maiatzak 13), Gernikan, Berrizen, Donostian, Eibarren, Erandion, Sopelan edota Astigarran taularatuko dute antzezlana.

Sinopsia

ALDERRAY pertsonaien ehiztaria eta istorio kontalaria da. Horretan aritu da bizitza osoan, kalerik kale pertsonaia berezien bila ibiltzen. Sena du, giza fauna ugarian, kontatzea merezi duten istorioak antzemateko. Gero, edozein kale kantoi edo plazatan, istorio horiek kontatzen dizkie entzun nahi dutenei, borondatearen truke. Alderray errari bizi izan da beti, askatasun osoan, nahita aukeraturiko bakardadean. Baina gaztaroa aspaldi joan zen eta orduko kemena galdua dauka. Orain askatasuna eta bakardade erabatekoa zama bihurtu zaizkio. Une honetantxe agertu da bere bizitzan neska gazte bat, Alderrayren lanaren mireslea, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina hala ere bere ondoan onartuko du, morroi gisa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak