→Basauri

Ana Perez: “Itziar Ituñori esker munduko pertsona asko ezagutu ditut eta euskara ikasteari ekin diot”

Ana Perez kolonbiarra Basaurin // Bidebieta

Ana Perez Kolonbian bizi da eta 34 urte ditu. Basaurirekin zerikusi zuzenik ez badu ere, gure auzotar baten jarraitzaile da: Itziar Ituñorena, alegia. Horren da jarraitzaile handia, Euskal Herrira bidaiatu eta bihar, urtarrilak 4, Social Antzokian Itziar Ituño bera ikustera etorri den. Aktore basauriarra bere sorterriko eszenatokira igoko da bihar ‘La Tarara’ antzezlanarekin. Gaur goizean Social Antzokiko arduradunek jakinarazi dutenez hogei sarrera baino ez dituzte salgai.

Ana ez da beste herrialde batetik etorri den bakarra Itziar Ituño zuzenean ikusteko; Italia, Kolonbia, Brasil edo Belgikako jarraitzaileak ere etorri dira. ‘La Casa de Papel’ telesailak Ituñoren jarraitzaile kopurua hazi du, eta basauriarrak jarraitzaileen-klubak ditu mundu osoan zehar. Bidebietak Ana Perezekin hitz egiteko aukera izan du, eta guk gurera ekarri dugu, elkarrizketa euskarara itzulita.

Ostiral honetan Itziar Ituño Social Antzokian zuzenean ikusteko aukera izango duzu.
Oso hunkituta nago ‘La Tarara’ antzezlana berriro ikusiko dudalako. Ez da nire lehenengo aldia izango, izan ere, Bilboko Arriaga Antzokian izan zen emanaldira joan bainintzen; orain Basaurin antzezlana ikustea errepikatuko dut. Berriro ikusi nahi dut ‘La tarara’, ez bakarrik Itziarrengatik, bikain baitago, aktore guztiak bezala, baizik eta jorratzen dituen gaiengatik ere, hala nola, amatasuna eta hainbat arazo sozial.

Arriagako emanaldian ba al zegoen beste herrialde batzuetatik propio etorritako pertsonarik?
Bai! Adibidez, badakit Europako neska talde batek hiri ezberdinetan zehar jarraitzen duela Itziar. Duela gutxi Parisen ere izan ziren. Baina Arriagan italiarrak, brasildarrak eta kolonbiarrak ere bageunden, baita Belgikako neska bat ere. Emanaldiaren ostean 40 pertsona inguru zituen zain Itziarrek, eta banan-banan denak agurtu gintuen.

Mundu osoko jarraitzaile-klubekin harremanetan zaudete?
Bai, egia esan, hainbat pertsona ezagutu ditut Instagram bidez eta beste sare sozial batzuetan, eta harremanetan gaude. Nik batez ere Kolonbia, Espainia, Brasil edo Brasileko jendearekin dut harremana, baina badakit Kanadan, Polonian, Argentinan, Filipinetan, Indian edo Perun ere badituela Itziarrek jarraitzaileak. Sinestezina da! Sare sozialetako pertsona asko etengabe ari dira Itziarren urrats profesionalak eguneratzen, eta gainerakook informatu egiten gara.

Itziar Ituño ‘La Casa de Papel’ telesailean egindako lanagatik ezagutu zenuen. Zer gustatu zitzaizun bere jarraitzaile sutsua izateko?
Asko gustatu zitzaidan bere interpretazioa zelan defendatu zuen ikustea, baina, benetan, gero, 2020ko konfinamenduan, bere pertsonaz liluratuta geratu nintzen, hainbat hedabidetarako eskaintzen zituen elkarrizketak ikusi ondoren. Bere hitzaldia entzunda konturatu nintzen klase-kontzientzia handiko emakumea dela, apala, xumea. Izugarri gustatzen zait aktore gisa duen talentua, baina gehien gustatzen zaidana atzean dagoen pertsona da, eta horrela hasi nintzen bere aurreko lan guztiak ikusten, Goenkale barne.

Goenkale euskaraz ulertzeko gai izan zinen?
Bada, telesailaren denboraldi guztietan Itziarrek parte hartzen zuen zatiak itzuli zituzten zale batzuek. Eta, egia esan, horrek euskara ikasteko gogoa piztu zidan. Eta horretan ari naiz! Ez naiz konstantea, ingelesa eta portugesa ikasten ari naizelako, gainera, niretzat euskara ikastea nahiko zaila dela ezin dut ukatu. Hala ere, saiatzen naiz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak