→Basauri

24 ordu korrika egingo dute 55 atletak Basaurin, Paralinpiar Joko “benetan inklusiboak” aldarrikatzeko

abenduaren 18ko 13:00etatik abenduaren 19ko 13:00ak bitartean izango da Arinkatean ekimena // Utzitakoa

Bertako–Javi Conde Basauriko Atletismo Egokituko Klubeko 55 atletak txandaka korrika egingo dute 24 orduz, abenduaren 18ko 13:00etatik abenduaren 19ko 13:00ak bitartean, Artunduaga kiroldegian. Arinkatean da ekimenaren izena eta ekimenaren helburua da, besteak beste, benetan inklusiboak diren Joko Paralinpikoak aldarrikatzea. “Paralinpiar Jokoetan desgaitasuna duten kirolarien benetako parte hartzea lortzeko korrika egingo dute gure atletek. Adimen-urritasuna duten kirolariek ikusezin izateari utz diezaioten eta Paralinpiar Jokoetan dagokien parte-hartzea izan dezaten korrika egingo dute. Joko Paralinpikoetan Down sindromea duten kirolarientzako berariazko kategoria bat sartzearen alde egingo dute”, diote Basauriko klubeko ordezkariek: “Lehen aldiz, desgaitasuna duten atletak bakarrik ibiliko dira txandaka 24 orduz, historiarako marka bat ezartzeko asmoz”.

Mugimendu paralinpikoan dauden “bidegabekeriak” amaitzeko garaia dela diote klubeko ordezkariek: “Tokio 2020an, jokoan zeuden 1.617 dominetatik 63 baino ez ziren izan desgaitasun intelektuala zuten atletentzat, desgaitasun hori izanda nagusiena mundu mailan. Zergatik daude desgaitasun intelektuala duten kirolariak gutxietsita Jokoetan? Down sindromea duten kirolariek zergatik ezin dute berdintasunean lehiatu Jokoetan, berezko kategoria batean?”, diote. “Bidegabekeria” hori ikusarazteko asmoz #mast20paris2024 eta #downparis2024 traolak sortu dituzte Bertako–Javi Conde Basauriko Atletismo Egokituko Klubeko atletek eta lagunek.

Bestetik, benetan inklusiboak diren Joko Paralinpikoak aldarrikatzeaz gain, Arinkatean ekimenak beste helburu bat du: laguntza ematea La Palma uharteko atletismo-klub bati. “Ibilitako kilometro bakoitzeko diru kopuru bat emango diogu La Palma uharteko Brisas El Paso Atletismo Klubari. Garai latzak ari dira eurentzako. Bertako instalazioak sumendiak utzitako errautsez lurperatuta daude, inguruko errepideak moztuta daude eta baldintza eskasetan ari dira entrenatzen. Gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dugu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak