→Basauri

290 kilometro egin dituzte Basauriko Javi Conde klubeko 53 atletak, Joko Paralinpiko “benetan inklusiboak” eskatzeko

// Bertako-Javi Conde kluba

Bertako–Javi Conde Basauriko Atletismo Egokituko Klubeko 53 atletak txandaka korrika egin dute 24 orduz, abenduaren 18ko 13:00etatik abenduaren 19ko 13:00ak bitartean, Artunduaga kiroldegian Arinkatean ekimenaren baitan. Helburua? Joko Paralinpiko “benetan inklusiboak” eskatzea: “Down sindromea duten kirolarientzako kategoria espezifiko bat eta Paralinpiar Jokoetan desgaitasun intelektualaren ordezkaritza justuago bat sartzea eskatzen dugu”, diote klubeko ordezkariek. Guztira 290,3 kilometro egin dituzte korrika desgaitasunen bat duten 10 eta 63 urte bitarteko 53 atletek 24 ordutan: “Mundu mailako marka berria ezarri dute”, diote klubetik.

“Paris 2024 da hurrengo jomuga, eta hori helburu hartuta egin dute korrika Artunduagako pistan. Probaren arrakasta klubeko atleten ahalegin bikainagatik eta boluntarioen, epaileen, babesleen eta Basauriko Udalaren beraren lankidetzagatik lortu da, Artunduagako instalazioak probaren esku jarri baititu”, diote.

2.000 euro La Palmara

Arinkatean ekimenak helburu bikoitza izan du. Benetan inklusiboak diren Joko Paralinpikoak aldarrikatzeaz gain, La Palma uharteko Brisas El Paso Atletismo Klubari laguntza ekonomikoa emango diote. Egindako kilometroengatik 2.093,65 euro emango dizkio dohaintzan Basauriko klubak talde kanariarrari.

“Dagoeneko 25 urte daramatza Basauriko klubak euskal atletismo paralinpikoa merezi duen tokian jartzeko borrokan, eta, klubari dagokionez, ez da hori azken erronka izango”, adierazi dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak