→Basauri

Arizko Euskotren geltokian gertatutako eraso matxista baten berri eman du Basauriko Asanblada Feministak

Arizko Euskotren geltokian trenaren zain zegoen neska gazte batek bi gizonengandik eraso matxista jasan zuela salatu du Basauriko Asanblada Feministak.

Arizko Euskotren geltokian trenaren zain zegoen neska gazte batek bi gizonengandik eraso matxista jasan zuela salatu du Basauriko Asanblada Feministak. “Neska gazte bat Arizko Euskotren geltokian trenaren zain zegoela, bi gizon hurbildu zitzaizkion jarrera erasokorraz eta keinu sexualak egiten. Trena berehala heldu zenez, ez zen ezer larriagorik gertatu”, diote Basauriko Asanblada Feministatik eta Kiskali Gazte Talde Feministatik. Hain zuzen ere, neskak Kiskaliko kideei gertaera horren berri eman zien eta hauek Asanblada Feministan jakinarazi dute. Gertaerak urtarrilean jazo ziren.

Eraso matxista horren aurrean, Basauriko Asanblada Feministak eta Kiskali Gazte Talde Feministak eskaera egin dute Udalean, egoera horren aurrean “neurri zehatzak, azkarrak eta eraginkorrak” hartzeko: “Leku horren zein inguruan ikusgaitasuna eta argiztapena hobetzea eskatzen dugu, baita geltokian hormigoizko hormen ordez kristalak jartzea, kamioien irteera ixtea edota lekuz mugitzea, eta beste erasoren bat gertatuko balitz zarata aterako duen alarma bat jartzea ere”, eskatzen dute Basauriko Mugimendu Feministatik. “Gure ustez, Basauriko Udala, lehenbailehen, Euskotren enpresarekin harremanetan jarri beharko litzateke bakoitzari dagozkion ardurak aztertu eta erantzukizunak beraien gain hartzeko”, diote. Basauriko Asanblada Feministak eskutitz bana helarazi die gaur, otsailak 8, Asier Iragorri alkateari eta Isabel Cadaval Berdintasun zinegotziari.

“Horrekin guztiarekin batera, adierazi nahi dugu egoera tamalgarri honek aukera ezin hobea izan behar duela Basauri Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapa proiektua berreskuratzeko eta bertan identifikatu ziren gune ilun guztien egoera aztertzeko eta, beharrezkoak izatekotan, irtenbideak martxan jartzeko”, diote Basauriko Asanblada Feministatik eta Kiskali Gazte Talde Feministatik. Basauriko Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapa proiektua 2002. urtean bultzatu zuen Udaleko Berdintasun arloak herriko gune ilunak identifikatzeko: “Eta Arizko Euskotren geltokia dagoeneko bazegoen identifikatuta gune ilun bezala, baina ordudanik hona ez da ezer egin egoera ezkor horri aurre egiteko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak