→Basauri

Artunduagako barruko igerilekua erabiltzeko hitzordurik ez da hartu behar ostegunetik aurrera, Basaurin

basauri artunduaga igerilekuak

Irailaren 16tik aurrera ez da beharrezkoa izango hitzordua hartzea Artunduagako barruko igerilekua erabiltzeko. Horrela erabaki du Basauri Kirolakek.

Argazkia: Basauriko Udala

Irailaren 16tik aurrera ez da beharrezkoa izango aurretiazko hitzordua hartzea Artunduagako barruko igerilekua erabiltzeko. Horrela erabaki du Basauri Kirolakek: “Uda garaia izaten da igerilekura jende gehien joaten den sasoia, eta, garai hori igarota, udal kiroldegiko arduradunok erabaki dugu dagoeneko ez dela beharrezkoa igerilekurako aurretiazko hitzordua hartzea”, diote. Erabaki hori hartu dute pandemiaren bilakaera ikusita, aintzat hartuta txertatutako herritarren ehunekoa altua dela edota barruko igerilekuko erabiltzaileen kopuruari erreparatuta —aurreko urteetako eta azken hileotako zenbakietan oinarrituta—.

“Baliteke une batzuetan igerilekura sartu ezin izana gehienezko edukiera beteta dagoelako, baina Basauri Kirolakek uste du noizbait hori gerta daitekeen arren, erabiltzaileentzat onuragarriagoa izango dela aurretiazko hitzordurik hartu behar ez izatea eta ordutegi-askatasuna edukitzea”, diote Basauri Kirolakeko arduradunek.

Aurretiazko hitzordurik egongo ez den arren, indarrean dauden prebentzio-arauak betetzen jarraitu beharko dute erabiltzaileek, hala nola, maskara “une oro” erabiltzea (uretan daudenean izan ezik), beste erabiltzaileekiko segurtasun-tartea zaintzea, eta gune bakoitzerako ezarritako edukiera errespetatzea. Osasun-egoerak okerrera egin eta murrizketa berriak ezartzen badira, igerilekua erabiltzeko gaur egungo baldintzak berrikusiko ditu erakundeak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak