→Basauri

Basauriko kanpoko igerilekuak ekainaren 22an zabalduko dituzte

basauri artunduaga pabiloi handia igerilekuak

Ekainaren 22an zabalduko ditu berriro ateak Artunduagako kiroldegiak. Hasteko, frontoia, eta padel, tenis eta atletismo pistak berrirekiko dituzte, baita kanpoko igerilekuak ere.

Artunduagako igerilekuak // Argazkia: Basauriko udala

Ekainaren 22an zabalduko ditu berriro ateak Artunduagako kiroldegiak. Hasteko, frontoia, eta padel, tenis eta atletismo pistak berrirekiko dituzte, baita kanpoko igerilekuak ere. Gainontzeko instalazioak gerora zabalduko dituztela adierazi du Basauriko Udalak. Hala nola, fitness aretoa (uztailaren 1etik aurrera), igerileku estaliak edota gidatutako jarduerak.

Kanpoko igerilekuei dagokienez, astelehenetik igandera egongo dira irekita, eta bertara joateko bi ordu-tarte ezarri dituzte: alde batetik 10:00etatik 14:30era, eta bestetik 16:00etatik 20:30era. Momentuz, gehienez ere, 450 lagun sartu ahal izango dira tarte bakoitzean. “Hartu beharreko neurriak direla-eta, ordutegi-muga jarri behar izan dugu, eta eguerdian itxi egingo dugu, guneak garbitu eta desinfektatzeko”, dio Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak.

Bazkideek eta udako bonua dutenek soilik erabili ahal izango dituzte igerilekuak, eta aurretiaz, egun bateko aurrerapenarekin, erreserba egin beharko dute Basauri Kirolaken webgunean, eta goizeko edo arratsaldeko txanda aukeratu. Era berean, 10:00etatik 12:00etara bitartean erreserba egin ahal izango da telefonoz. Kasu horretan, 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute sistema horretan. 14 urtetik beherakoek heldu batekin lagunduta bertaratuko dira.

Kanpoko solariumari dagokionez, seinaleztatuta egongo dela diote Udaletik, “pertsonen arteko segurtasun-tartea bermatzeko”. “Hamakak, iturriak eta haurrentzako jolasguneak ez dira erabilgarri egongo. Hori bai, nork bere hamaka eta aulkiak ekarri ahal izango ditu, pertsonen arteko segurtasun-tartea bermatzen baldin bada”, dio Zugazagoitiak. Kanpoko komun eta aldagelak erabilgarri egongo dira, baina dutxak eta armairuak ezingo dira erabili. 

Igerilekuetan sorosle gehigarri bat egongo da. Bainatzen ari direnen segurtasuna zaintzeaz gain, osasun-jarraibideak betetzen direla bermatuko dute sorosleek”, dio Zugazagoitiak.

Udako bonua eskuratzeko aukera

Udalak jakinarazi duenez, ekainaren 22tik aurrera udako bonua eskuratzeko aukera izango dute insteresdunek, Basauri Kirolak-en webgunearen bitartez, “eta salbuezpenez, bulegora bertaratuz”, diote udal arduradunek.

Basaurin erroldatuta daudenentzako banakako bonuak 43,17 euroko kostua du udako denboraldi osorako, eta bertan erroldatuta ez daudenentzako prezioa 56,13 euroko da. Udako bonu familiarrari dagokionez, 68,71 euroko kostua du basauriarrentzat, eta 89,34 euro kanpokoentzat.

Bestalde, Basauri Kirolakek iragarri bezala, urteko bonuen % 45a itzuliko dute, hau da, martxoaren 13tik abuztuaren 31ra bitarteko tarteari dagokion zatia. Halaber, martxoan amaitu ez ziren ikastaroen zati proportzionala ere itzuliko dute. Itzulketak egiteko erabiltzaileek euren banku-datuak helarazi behar dizkiote Basauri Kirolak-i uztailaren 10a baino lehen, ahal dela, euren webgunearen bitartez.

Frontoia, tenis eta padel pistak

Frontoia, eta tenis eta padel pistak ekainaren 22an ere zabalduko dituzte. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo dira irekita, eta larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Udaletik adierazi dutenez, aldagelak eta armairuak ezingo dira momentuz erabili.

“Bazkideek gune horiek erreserbatu ahalko dituzte nahi duten data eta ordua baino astebete lehenagotik ordu erdi lehenagora arte”, dio Zugazagoitiak. Era berean, telefonoz erreserbatzeko aukera ere egongo da, 08:00etatik 10:00etara bitartean.

Atletismo pista

Atletismo-pistaren kasuan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute. Aldagelak ezingo dira erabili. 

Bazkideek eta pista horretarako sarbidea dutenek erreserba egin ahal izango dute Internet bidez, ordu-tarteka edo edukieraren arabera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak