→Basauri

700 eguzki-paneletik gora jarri ditu Basauriko Udalak Artunduagako kiroldegian

Artunduagako kiroldegiaren argindar-kontsumoaren % 30 inguru ekipamendu fotovoltaiko horretatik hornitzea lortuko da.

Panel fotovoltaiko berriak Artunduagako kiroldegian // Basauriko Udala

700 eguzki-paneletik gora jarri ditu Basauriko Udalak Artunduagako kiroldegian. Zehazki, 784 eguzki-instalazio fotovoltaiko jarri dituzte kiroldegiko eraikin batzuetako estalduran. Panel horiek jarrita, urtean 121 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara: “Urtean 7.200 arbola gutxiago moztearen, edo auto batek urtean 675.000 kilometro ez egitearen baliokidea da”, diote udal ordezkariek.

Udal arduradunek aurreikusi dute instalazioak 338.000 kWh ekoitziko dituela urtero, eta produkzio osoa autokontsumorako izango dela. “Modu horretan, Artunduagako kiroldegiaren argindar-kontsumoaren % 30, gutxi gorabehera, ekipamendu fotovoltaiko horretatik hornitzea lortuko da”, diote.

Udalak 241.708 eurotan adjudikatu ditu lanak, eta EVE Energiaren Euskal Erakundeak 40.000 euroko dirulaguntza eman dio. Bost edo sei urtetan inbertsioa amortizatuta egotea aurreikusten dute udal ordezkariek.

2030erako erronkarako bidean

Azken urteotan, Udalak zenbait jarduketa egin ditu, “energia zentzuz erabiltzea bultzatzeko eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko”, diote. Ildo horretatik, Udalak eguzki-energia fotovoltaikoaren garapena areagotu nahi du, “horri esker apaldu egingo baita erregai fosilekiko mendekotasuna eta gutxitu egingo baitira berotegi-efektuko gasen isurpenak”, diote. Urrats berri horrekin, 2030erako administrazio publikoek kontsumitutako argindarraren % 32 beraiek ekoitzitako berriztagarria izateko bidean da Basauri.

Artunduagako kiroldegiak bazituen lehendik eguzki-panelak. Era berean, Etxe Maitia adinekoen egoitzan, Basozelai eta Soloarteko futbol-zelaietan, zenbait ikastetxetan edota udaletxean eguzki-instalazioak daude, fotovoltaikoak (elektrizitatea ekoiztekoak) zein termikoak (berotze-sistemetako ura berotzen dutenak, kontsumoa gutxitzeko). 2020an udal titulartasuneko sarera konektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoek 28.700 kWh sortu zituzten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak