☉ Basauri
Asier Erkoreka (Basauriko udaltzain-burua): “Konfiantza osoa dugu jarrera arduratsua erakusteko gogoa izango dutela basauriarrek”
Jende pilaketak saihesteko asmoz, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak presentzia areagotu zuten San Migelen, eta Basaurin ere prebentzio-lanak indartuko dituzte. Asier Erkoreka Basauriko udaltzain-buruarekin —eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzain-buruen koordinatzailearekin— hitz egin dugu GEURIAn.
San Migel eguna atzean utzita, urriaren 9an hasi beharko ziratekeen San Fausto jaiak Basaurin, baina egungo egoera dela eta, ez dute pandemia aurretik ezagutzen genituen jairik antolatuko. Hala erabaki zuten irailaren hasieran Herriko Taldeakek eta Basauriko Udalak. Jaien ordez, #BasauriBizirik izeneko aste kulturala antolatu dute Basauriko hamasei kuadrillek. Jende pilaketak saihesteko asmoz, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak presentzia areagotu zuten San Migelen, eta Basaurin ere prebentzio-lanak indartuko dituzte. Asier Erkoreka Basauriko udaltzain-buruarekin —eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzain-buruen koordinatzailearekin— hitz egin dugu GEURIAn.
Pandemia hasi zenetik lan handia izan duzue udaltzainek. Gaur egun, nola zaudete?
Lana eta ahalegina etengabeak izan dira, batez ere orain arte ezagutu ez den egoera bati aurre egiteko betebeharrak sortu zuen ziurgabetasunaren ondorioz. Zorionez, Udaltzaingoak ingurune aldakor batera egokitzeko duen gaitasunari esker, modu eraginkorrean heldu ahal izan diogu pandemia honi. Udaltzaingoaren zerbitzua zerbitzu berezia da eta, beraz, nekea bigarren lekuan geratzen da. Nahiz eta 2020an 18.000 esku-hartze baino gehiago egin ditugun eta jadanik aurten 15.000ra heltzear gauden, ez gaude nekatuta gure eguneroko lana orain arte bezala herritarren alde aurrera eramateko, baina normaltasuna berreskuratzeko gogoa dugu.
Nola ikusten dituzue Basauriko herritarrak orokorrean? Kautelaz eta neurriz hartuko dituzte datozen asteak edo askatasun gogoz eta disfrutatzeko gogoz?
Basauri eta basauriarrak harro daude beren herriaz, beren jendeaz. Oso herri lagunkoia da, eta beraz, oso harro daude beren tradizioez: jaiak eta antzekoak, besteak beste. Uste dut bai herritarrek, bai Mikelats eta Herriko Taldeakeko jai batzordeek, Udalarekin batera, erantzukizun handiko ariketa egin dutela, herri oso baten osasunean eragina izan zezakeen edozein ospakizuni uko eginez, jaiei uko eginez; izan ere, 2020ko martxoan osasun hori larriki kaltetu zen, eta ez ditugu ahaztu hil edo gaixotu eta larri egon zirenak.
Orain arte, basauriarrek erakutsi digute errespetuz, gizalegez eta elkartasunez jokatzen duten herria direla; esango nuke eredugarria dela, eta aukera eman dutela murrizketak betearazteko ardura dugunok oztoporik eta eragozpenik gabe egin genezan. Uste dut Mikelatsek eta Herriko Taldeakek gure esker ona merezi dutela eta horrela adierazi nahi diet.
Orain arte, udan eta ikasturtearen hasieran, nahiz eta jairik ez egon, botiloiak egon dira Basaurin eta bertan udaltzainak ikusi ditugu kotxearekin, baina ez da istilurik egon.
Osasun-agintaritzak ezarritako murrizketek ez dute botiloia mugatu soilik, aurretik debekatuta baitzegoen. Beste gai batzuk ere mugatu ditu, hala nola, mugikortasuna, ordutegien murrizketa edo edukiera. Asko izan dira Udaltzaingoak egindako prebentziotik kontrolatu behar izan ditugun fronteak. Zorionez, Udaltzaingoak Ertzaintzarekin batera eta modu koordinatuan egindako etengabeko prebentzio horri esker, Basaurik aktiboki lagundu du birusaren hedapena saihesten. Hala ere, ez dira dagokion salaketatik libre geratu dekretatutako murrizketak nahita, elkartasunik gabe edo behin eta berriz saihesten saiatu direnak. Horien artean, 100 pertsona baino gehiago salatu eta zigortu dira botiloia egiteagatik.
Espero dugu basauriarrek, bereziki gazteenek, heldutasun, erantzunkidetasun eta elkartasun ariketa bat egingo dutela eta gainerako herritarren osasuna arriskuan jar dezaketen egoerak saihestuko dituztela. Horretarako, familiei ere dei egin nahi diet, etxe bakoitzean hausnarketa hori egin dezaten familiako gazteenekin batera. Osasuna denon ardura da, ez bakarrik Udaltzaingoarena.
Beste herri batzuetan jaiak izan behar zuten egunetan gertatu diren istiluak San Migelen eta Basaurin ere gerta daitezkeela aurreikusten duzue?
Elkarrizketa hau egiten ari garen unean (irailaren 30ean), San Migelen lehen asteburua igaro dugu, eta eskerrak eman behar dizkiegu herritarrei eta esku hartu duten gainerako agenteei, besteak beste, San Migeleko ostalaritzari, zeinak modu aktiboan eta Udaltzaingoarekin batera lan egin baitu erabateko normaltasuna eta ingurune zibiko eta osasungarria bermatzeko ordutegiak eta aforoak modu arduratsuan betez. Espero dugu gainerako egunetan berdin jarraitzea.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, Koordinazio Operatiboko Mahaian jasotzen dituzten akordioen ondorioz, etengabeko prebentzio-jarduera garatuko dugu, baita basauriarrek aurkezten dituzten laguntza-eskaera edo premia guztiei erantzuteko jarduera ere. Jakin behar dugu Basaurik pandemia luze honetan kanpora proiektatu duen bizikidetasun eta irudi onaren zati handi bat udalerriko pertsona eta familia bakoitzaren gizalegeari zor zaiola; beraz, azken ahalegina egin dezatela eskatzen diegu, egun horien ostean are hobeto egon gaitezen, Bizkaiko eta Euskadiko gainerakoentzat eredu izanik. Ez izan zalantzarik Udaltzaingoa hor egongo dela etengabe, guztion artean helburu hori lortzeko.
Adibidez, Galdakaon egin zuten bezala, kanpotik etor daitekeen jendeari herrirako sarrera mugatuko diozue gauez metro, tren edo autobus zerbitzuak gutxituz?
Ez dugu horrelako murrizketarik burutuko. Herritarrek nahi duten lekutik askatasunez ibiltzeko eskubidea dute eta, orain arte, gure herritarrek erantzukizunez jokatzen badakitela erakutsi dute. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren prebentzioaren eta presentzia iraunkorraren aldeko apustua egiten dugu jende gehien biltzen den eremuetan. Modu koordinatu eta bateratuan lan egingo dugu, gizalegearen aurkako pertsonek eta arduragabeek sortu nahi dituzten egoerak bideratu ahal izateko, indarrean dagoen araudia aplikatuko baitzaie.
Ba al dakizue jende mugimendu handia egongo ote den Basauriko aste kulturalean?
Programatutako ekitaldi guztiek beren kontingentzia-plana dute, eta, beraz, aurreikusita dago ekitaldi masiboak ez izatea eta antolatzaileek kontrolatzea. Orain arte ikusi dugu formatu honetako ekitaldiak modu eredugarrian egin direla, eta hala izaten jarraitzea espero dut. Herritarrek gizarteratzeko eta berriz elkartzeko gogoa dute, eta apurka-apurka egoera hobetzen ari dela dirudi, baina azken unean ezin gara lasaitu, eta erne jarraitu behar dugu.
Zein ondorio izango ditu indarrean dauden neurriak errespetatzen ez dituenak?
Esan bezala, Udaltzaingoaren lan nagusia prebentzioa izan da. Bereziki lan pedagogiko gogorra egin da, baina pedagogia amaitu da herritarrek ezagutzen eta ulertzen diuztelako oraindik indarrean dauden neurri guztiak, eta, beraz, prebentzio-lana sustatzen jarraituko dugu gainbegiratze handiagoa behar den eremuetan. Jakina, pandemia-aldi luze honetan egin den bezala, hala merezi duten jokabideak salatuko dira, eta alde horretatik ez da inolako begirunerik izango osasun-agintaritzatik proposatutako neurriak (edukierak, maskarak, botilatxoak, etab.) nahita hausten saiatzen diren pertsonekiko, herritarren babesean eragina izan dezaketen gai guztiak ahaztu gabe.
Gaur egun, Basaurin, oinezkoentzako gunean biltzen da jende gehien (gazteak zein helduak) eta urrian are beteago egon liteke.
Herritarrek ulertu behar dute osasun-kontu baten aurrean gaudela. Norberaren eta taldearen osasun-kontu bat da, eta ez da arreta segurtasunean bakarrik jarri behar. Udaltzaingoa esku hartzeko dago araudia modu aktibo eta dolozkoan betetzea saihestu nahi den kasuetan. Basauriarrek jakin behar dute pandemian jarraitzen dugula, jai-batzordeek erantzukizunez uko egin dietela jaiei orain arte ulertzen ziren bezala eta bertan behera utzi dituztela, eta ezin dugula belarri-gorrik egin eta ezin dugula beste norabait begiratu bizitzea egokitu zaigun errealitatearen aurrean. Gure auzokide bakoitzaren jarrera arduragabe bakoitzak besteengan du eragin zuzena. Konfiantza osoa daukagu basauriarrek jarrera arduratsua erakusteko gogoa izango dutela.
Oso posible da edozein herritarrek bere burua jende pilaketa baten aurrean ikustea, nahi gabe edo hori bilatu barik. Zein gomendio egingo zeniokete herritar horri?
Ez da gomendio bat, betebehar komunitario eta solidario bat da. Pertsonen kontzentrazio oro saihestu behar dugu. Ezarritako murrizketei eragin diezaiekeen pertsona-kontzentrazio baten aurrean gaudenean, heldutasunez eta arduraz jokatu behar dugu urruntzeko eta sakabanatzeko, inork gure borondatea eta kontzientzia administratzera etorri behar izan gabe.
Datua konfirmatze aldera: 03:00etatik aurrera debekatuta dago kalean egotea edo edatea?
Elkarrizketa honi erantzuteko orduan, ostalaritzaren muga 03:00ak artekoa da, dagokion jarduera-taldearen arabera. Ostalaritzak, San Migelen gertatu bezala, pertsonen jarreran eta portaeran duen eraginaz jabetu behar du, eta horregatik espero dugu Basaurin iaz izan genuen lankidetza eta erantzun arduratsu bera lortzea. Horretarako, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren laguntza izango du, inork gertatzerik nahi ez duen edozein gorabehera saihesteko.
Botiloiak eta jende pilaketak. Zein da arriskutsuago?
Biak dira arriskutsuak osasun-murrizketen une honetan, eta elkarrizketa honetan indarrean dagoen osasun-larrialdi baten barruan, zuzenean eragiten baitiote gure osasun indibidual eta kolektiboari. Gainera, botiloiak badu arrisku gehigarri bat: parte-hartzaile asko adingabeak eta gazteak dira, eta alkohola eta substantziak konpultsiboki kontsumitzen dituzte familiaren kontrolik gabe, eta hori kontuan hartu behar da. Konbinazio horrek arrisku-egoerak sortzen ditu, alde urrundu eta ilunetan egiten direlako; korrika irtetean, erorketak eragiten dituzte, eta horiek arriskutsuak izan daitezke, espazio horien higienean eta garbiketan izan ditzaketen ondorioak aipatzen hasi gabe. Jakin behar dugu bai edo bai biak saihestu egin behar direla norbere erantzukizun indibidualetik, bai eta familiakotik ere gazte eta nerabeen kasuan.
☉ Basauri
Argazkiak / 2.000 ikasletik gora egin dute Korrika Txikia Basaurin
Kolore uholdea izan da gaur arratsaldean Basaurin. Arrazoia? Korrika Txikia! Ikusi GEURIAn atera ditugun 60 argazki (eta zuzenekoa!)
Kolore uholdea izan da gaur arratsaldean Basaurin. Arrazoia? Korrika Txikia! Herriko 2.000 ikasletik gora egin dute bat euskararen aldeko ekimenarekin.
Aurten Bizkotxalde ikastetxeko ikasleek eraman dute lekukoa, eta euren atzetik herriko beste ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta baita gurasoak ere!
Ikusi GEURIAn atera ditugun 60 argazki! Topatu zaitez (edo zure seme-alaba)!
Ver esta publicación en Instagram
☉ Basauri
Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua martxan dago jada Basaurin
Igogailua bertikala da eta lau geraleku ditu. Guztira 13 lagunentzako lekua du
Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua martxan dago gaurtik. Lanak iazko martxoan hasi zituzten eta urtebete ondoren bukatu dituzte.
Igogailua bertikala da eta lau geraleku ditu: behekoa, Foruak kalean; hurrengoa Kareaga Goikoa kaleko 105. atarira sarbidea ematen duena; bestea garajeetara sartzeko geralekua; eta, azkenik, goiko geralekua, Kareaga Goikoa kalean. Guztira 13 lagunentzako lekua du igogailuak.
“Igogailuak beirazko estaldura du aurrealdeetan eta aluminiozko panelak alboetan, aurrez aurre dauden etxebizitzei pribatutasun handiagoa emateko”, diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute 13,24 metroko desnibela saihestu eta irigarritasuna hobetzen duela.
Basauriko Udalak milioi bat euroko inbertsioa egin du esku hartze honetan. Udalerriko zortzigarren hiri-igogailua da.
Udal arduradunen arabera, laster bederatzigarren igailua jarriko dute martxan: San Migel mendebaldekoa, alegia. Era berean, pasa den astean iragarri zuen Udalak lau igogailu eraikitzeko asmoa duela Kareaga eta Basozelai auzoak lotzeko.
☉ Basauri
Argazkiak / Herriko Taldeak eta Sofia Otero omendu dituzte 25. Ixatxak Sarietan, Basaurin
Ixatxak Sarien 25. edizioa izan da gaur, martxoak 17. Aurten Herriko Taldeak eta Sofia Otero omendu dituzte. Ekitaldian Basauri Koral Elkarteak, Danbolin Txistulari Elkarteak eta Edurre Dantza Taldeak parte hartu dute, aurreko edizioetan bezala.
San Jose ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak banatzen ditu sariok; iaz azken sariak banatu zituztela esan zuten, baina elkarteko batzordea berritu eta sariak errepikatu dituzte.
☉ Basauri
Lau igogailu eraikiko ditu Basauriko Udalak Kareaga eta Basozelai auzoak lotzeko
Bosgarren igogailu bat eraikitzea ere aurreikusten du Basauriko Udalak. Igogailuak hiru urte eta erdian eraikita egon litezke eta inbertsioa 5 eta 7 milioi euro artekoa izango da
Kareagako bizilagunek urteak daramatzate auzoko irisgarritasuna hobetzeko igogailu eske. Zehazki, 2018tik.
Urte hauetan zehar zenbait proposamenen berri izan dute, baina gaur, bost urte ondoren, egingarri izan daitekeen proiektu baten berri izan dute.
Basauriko udal gobernu taldea Kareaga eta Basozelaiko bizilagunekin bildu da bi auzoak modu irisgarrian lotuko dituen konponbide teknikoaren berri emateko. Bilera irekia izan da Kareagako parrokian. Bertan izan dira gobernu taldeko zinegotziak, Unai Pomposo Udaleko ingeniaria, oposizioko ordezkariak eta auzotarrak.
Kanpoko ingeniaritzako enpresa batek alternatiben bideragarritasun teknikoak aztertu ditu azken hilabeteetan, eta azterlan horren ondorioak aztertu ondoren, Basauriko Udalak gutxienez lau igogailu eraikiko ditu lursail publikoan.
Lau igogailu horien kokapena izango da: lehen igogailuak Karmelo Torre kaleko haurren parkea (parrokia ondokoa) eta bidegorria lotuko ditu; bigarrenak bidegorria eta Bidasoa Ibaia kalea; hirugarrenak Iparragirre eta Jazinto Benabente kaleak; eta laugarrenak Jazinto Benabente eta Axular.
“Lehen igogailua Karmelo Torreren haur-jolasen eta elizaren arteko gunetik aterako da, eta, horren ondoren, beste hiru igogailu igoko dira bidegorritik Jazinto Benabenteren atzealdera, eta hortik Basozelaiko Axular kalera”, dio Unai Pomposo udal ingeniariak. Igogailu bakoitza pasabide batek lagunduko du.
Bosgarren igogailu bat
Lau igogailu horiez gain, bosgarren bat eraikitzea ere aurreikusten du udal gobernu taldeak: “Elizaren atzeko aldeko bidegorria (lursail pribatua) eta Karmelo Torreren 19. eta 21. atariak lotuko lituzte bosgarren igogailuak, baina horretarako jabeen baimena beharko genuke”, dio Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak, eta gaineratu du aukera horrek ere “hobekuntzak” ekarriko lituzkeela bidegorrian.
Bost igogailu hauen kokalekua zehatza ez dela jakinarazi du Asier Iragorri alkateak: “Hau azterketa baten aurkezpen publikoa izan da. Ondoren, proiektuaren idazketa lizitatu beharko genuke, eta gero hasiko ginateke obrekin”.
Epeez galdetuta, gaurtik hasita gutxienez lehen lau igogailuak hiru urte eta erdian eraikita egon litezke; hau da, 2027rako. “Gauzak ondo bidean, urte eta erdian proiektu zehatz bat izan genezake, eta ideia da lehen lau igogailuen obrak aldi berean hastea”, dio Iragorrik.
Basauriko Udalak 5 eta 7 milioi euro arteko inbertsioa egingo du esku hartze honetan.
Kareaga Auzo Elkarteko kideak “pozik” agertu dira Udalak aurkeztutako proposamenarekin: “Bost urtetan geldirik egon da gaia, eta orain urrats garrantzitsu bat eman da. Azterketa sakon aztertu behar dugu balorazio bat eman aurretik, baina aurrerapauso bat eman dela uste dugu”, diote.
Baztertutako proposamenak
Hainbat proposamen baloratu dituztela adierazi du Unai Pomposo udal ingenariak aurkezpen publikoan. “Horietako bat arrapala mekanikoak jartzeko aukera zen, baina ondorioztatu da aukera horrek ez duela irisgarritasun unibertsala ematen, igotzeko baino ez liratekeelako izango. Gainera, Karmelo Torre kaleko espaloi bakoitiko aparkalekuak kendu beharko lirateke”, dio Pomposok.
Igogailu inklinatu bat jartzea ere baloratu dute, baina kostua handiagoa dela eta egitea “zailagoa” izango litzatekeela azaldu du Pomposok, “mendi-hegalaren zati bat kendu eta lur pribatuan eraiki beharko litzatekeelako”.
Etxebizitzen atzealdetik igogailu bertikalak jartzeko proposamenari dagokionez, atarietarako sarbide zuzenik ez luketela izango adierazi du Pomposok: “Herritarrek jende gutxi dabilen eremuak zeharkatu beharko lituzkete, eta hori segurtasun-arazo litzateke. Aukera hori ez da oso funtzionala, egiteko konplexua da, eta, gainera, igogailuak lur pribatutik joango lirateke”.
“Anbulatorioaren eta Karmelo Torreko goiko aldean dauden etxebizitzen arteko irisgarritasuna hobetzeko aukerarik egokiena igogailu bertikala litzateke, erabilera publikoko plaza pribatuan sortuko liratekeen bi pasabiderekin. Baina aukera hori baztertu egin da, jabeen erkidegoaren baimenik ez dagoelako”, dio udal ingeniariak.
“Ingeniaritzaren txostenaren ondorioetan zehazten da igogailu bertikalek irisgarritasun unibertsala konponduko luketela, eta hainbat proposamen jaso dira, eremu desberdinetarako sarbidea ematen dutenak eta banaka edo konbinatuta egin daitezkeenak”, dio.
☉ Basauri
Unai Arroita basauriarra entrenatzaile onena izendatu dute Bizkaia Kirol Sarietan
Arroitak urrezko 14 domina eta zilarrezko hiru irabazi izan ditu Euskadiko txapelketetan 2008tik 2020ra artean kadete, junior, sub21 eta absolutu kategorietan
Unai Arroita Larrinaga Basauriko The Masters gimnasioko kideak entrenatzaile onenaren saria jaso du Bizkaiko Kirol Sarietan. Sari-banaketa joan den martxoaren 11n egin zuten eta Arroita harrituta agertu da aintzatespen honen aurrean: “Oso pozik jaso dut sari hau, eta egia esan, ez nuen espero”, aitortu dio GEURIAri Basauriko kirolariak. Bigarren aldia da Federazioak sari hau jasotzeko gomendatzen duela: “Aurreko aldian saria jasotzeko proposatu ninduten baina boxeoko entrenatzaileak jaso zuen saria”.
Joan den astean Diputaziotik deitu zuten Arroita, saria jasoko zuela iragarriz. “Ilusio handiagoa egiten dit argazkietan kirolariekin euren garaipenak ospatzen agertzea sari indibidualak jasotzea baino; oraingo honetan, ordea, kirolariek nire saria ospatu eta nirekin agertu dira argazkian”, azaldu du pozik Basaurikoak.
Unai Arroita: “Oraingo honetan, kirolariek nire saria ospatu eta nirekin agertu dira argazkian”
Arroitak kargu ugari bete izan ditu kirolaren esparruan lanean hasi zenetik: Basauriko The Masters gimnasioko entrenatzailea izateaz gainera 2017an Espainiako Selekzioko entrenatzailea izan zen Egipton; 2017tik gaur egun arte Euskadiko selekzioko kadete eta junior kategorietako hautatzailea da; 2020tik Euskadiko hautatzaile absolutua da eta Euskadiko Unibertsitate selekzioko hautatzailea 2019tik gaur egun arte.
Basauriarrak marka nagusi bi hautsi ditu: alde batetik, selekzio nazional batekin mundu mailako txapelketa batera joan den entrenatzaile gazteena izan da 21 urterekin. Beste alde batetik, Euskadiko lehen entrenatzailea izan da Euskadiko Txapelketako kategoria guztiak irabazten.
Kirolari modura, Espainiako selekzioko junior kategorian debutatu zuen 2012an eta zilarrezko domina bi eta brontzezko beste bi irabazi ditu Espainiako junior kategorietako txapelketetan. 2015ean zilarrezko domina irabazi zuen 21 urte azpiko Espainiako txapelketan. 2016an brontzezko domina irabazi zuen Espainiako txapelketa absolutuan. Euskadiko txapelketei dagokienez, Arroitak urrezko 14 domina eta zilarrezko hiru irabazi izan ditu 2008tik 2020ra artean kadete, junior, sub21 eta absolutu kategorietan.
Apirilean, Estoniara
Arroitaren hurrengo erronka Estonian dago. Apirilean bertara joango da The Masterseko kirolariekin taekwondoko Presidente Kopa jokatzera. Txapelketa horretan lehen hiru postuak lortuko dituzten kirolariak Europako Txapelketarako sailkatuko dira zuzenean.