→Basauri

2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan basauriarrek ekarpenak egin eta bozkatuko dute

Basauriarrek 400.000 euro zertara bideratu erabakiko dute. Ekainaren 14tik 30era bitartean proposamenak aurkeztuko epea zabalik dago.

Ekainaren 30era arte zabalik dago proposamenak egiteko epea // Basauriko Udala

2022ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarri du Basauriko Udalak, eta herritarrek 400.000 euro zertara bideratu erabakiko dute. Aurrekoetan bezala herritarrek ekarpenak egin ditzakete, baina, aurten nobedadea da bozketa egongo dela. Prozesu parte hartzaileak lau fase izango ditu, eta lehenengoan, ekainaren 14tik 30era bitartean, herritarrek euren proposamenak aurkeztuko dituzte: “Proposamenak zehatzak izan behar dira eta modu argian planteatu behar dira”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Herritarren ekarpenak onartuak izan daitezen baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste: sei jarduera-eremu hauekin lotuta egotea: soziala, gazteak, adinekoak, kultura-hezitzailea, mobilizazioa-irisgarritasuna, aktibazio ekonomikoa; 40.000 euro baino gutxiagokoak izatea; teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta jasangarriak izatea; diru-sarrera publikoei ez eragitea eta erakunde publiko edo pribatuei diru-laguntzak edo laguntza ekonomikoak ez ematea; interes orokorra interes partikularren gainetik jartzea; udalerriko auzoen arteko oreka bermatzea; jabetza pribatuko espazioei ez eragitea; eta gaur egun planifikatuta edo gauzatze-fasean ez egotea.

Proposamenak egiteko inprimakia etxez etxe banatuko du Udalak eta, era berean, eskuragarri egongo dira herriko gune publikoetan. Inprimakiak udal ordezkariei helarazteko bi aukera daude: alde batetik, udaletxeko eta San Migeleko HAZetan, Kultur Etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Udal Euskaltegian eta Marienean jarritako postontzietan utziz; eda bestetik, udaletxeko, Bidasoako, Solobarriako eta Valentziako metro-ahoetan, eta San Migeleko Hernan Cortes plazan dauden postontzietan utziz. Halaber, ados.basauri.eus webgunearen bitartez ere bidali daitezke proposamenak. Ekainaren 30a izango da proposamenak eta ekarpenak bidaltzeko azken eguna. 

Herritarren proposamen guztiak jaso ondoren, Udaleko arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute, eta lehentasuna emango diete ezarritako baldintzak gehien betetzeagatik bozka daitezkeenei. Ondoren, herritarrek 2022ko ekitaldiko aurrekontuan sartuko diren proposamenak hautatzeko botoa emango dute”, dio Iragorrik. Basauriko Udalak prozesuaren emaitza argitaratuko du, baita “aldian-aldian, proiektuak gauzatzean izandako aurrerapen-egoera ere”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak