→Basauri

2022ko aurrekontua zehazteko bozketa fasea abiaraziko du urrian Basauriko Udalak

2022ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasean 255 proposamen egin zituzten basauriarrek. Udal teknikariek 18 proiektu finalista lehenetsi dituzte, eta horietatik herritarrek sei bozkatu beharko dituzte urriaren 8tik 19ra bitartean.

Argazkia: Geuria

2022ko aurrekontua zehazteko herritarren parte hartzea sustatu du Basauriko Udalak. Guztira 400.000 euro zertara bideratu erabakiko dute herritarrek. Ekainean prozesuaren lehen fasea abirazi zuten eta guztira 255 proposamen egin zituzten basauriarrek. Udaleko teknikariek proposamen horiek aztertu eta beren bideragarritasuna baloratu ondoren, 18 proiektu finalista aurkeztu dituzte gaur bertan prentsaurrekoan:

– Udal eraikinetako eguzki-panel kopurua handitzea
– Hurbileko produktuen azoka sortzea
– Material ludiko eta didaktikoak erostea ludoteka, gaztegune eta kultur-etxeetarako
– Hobekuntzak egitea herritarrek erabiltzen dituzten udal ekipamendu eta lokaletan
– Ekipamendua erostea Artunduagako atletismo-pistarako
– Kalistenia aparatu eta zirkuituak jartzea udal parkeetan
– Bizikletak garbitzeko guneak atontzea bidegorrien inguruetan
– Eskoletako jolastokiak dinamizatzea, zuzendutako jardueren bitartez
– Hondakin organikoak birziklatzeari eta hondakinak gutxitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina
– Udalerriko arboladiak handitu eta lehengoratzea, eta horietan ingurumenaren alorreko sentsibilizazio-panelak jartzea
– Bizkotxaldeko kirol-kantxak handitzea
– Udalerriko bide-segurtasuna hobetzeko esku-hartzeak
– Eskudelak jartzea, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko
– Maskotak adoptatu eta beraiekin modu arduratsuan bizitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina
– Adinekoentzako gimnasia-zirkuituak jartzea
– Komun publikoak jartzea Iruaretxetan
– Iturriak jartzea udal parkeetan
– Garbigune ondoko haur-parkea birmoldatzea

Horiek dira proiektu finalistak eta orain, bozketa fasea abiaraziko du Udalak. Botoa emateko epea zabalik egongo da urriaren 8tik 19ra bitartean, eta herritarrak bakoitzak —Basaurin erroldatutako 16 urtetik gorakoek— sei proiektu hautatu beharko ditu. Bozketa online (ados.basauri.eus) zein modu presentzialean egin daiteke. Presentzialean leku hauetan eman ahal izango da botoa: Herritarrentzako Arreta Bulegoetan (udaletxeko beheko solairuan eta San Migelen); Kultur Etxeetan; Artunduagako kiroldegian; Udal Euskaltegian; Marienean; udaletxeko, Kareagako, Solobarria plazako eta Valentzia kaleko metro-sarreretan; eta San Migeleko Hernán Cortés plazan. Aste honetatik aurrera galdetegia bidaliko die Udalak herritarrei. Era berean, aurreko urteetan bezala, karpak jarriko ditu Udalak zenbait egunetan eta tokitan, herritarrek euren botoa emateko. Karpak Arizgoitin (urriak 14), Los Burros ondoan (urriak 15), Solobarria plazan (urriak 18), Hernán Cortés plazan (urriak 19, goizez) eta Arizko plazan (urriak 19, arratsaldez) jarriko dituzte, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Bozketa fasea amaituta, herritarrek gehien bozkatuko dituzten 10 proiektu 2022ko aurrekontuan jasoko ditu Udalak. Proiektu bakoitzaren aurrekontua 40.000 eurokoa da, beraz, 400.000 euro gordeko ditu Udalak 2022ko aurrekonturako. “Datorren urteko aurrekontuarekin finantzatu ezin daitezkeen, baina interesekotzat jotzen diren eta izaera estrategikoa mantentzen duten proiektuak, baina, aintzat hartuko dira 2023ko ekitaldiko aurrekontuetarako, eta herritarrek bozkatu ahalko dituzte”, dio Asier Iragorri alkateak: “Prozesu honen bitartez eta Udalari beste bide batzuetatik helarazten dizkietenak ez direla ahanzturan erortzen; aurrera eramaten ari direla; benetako parte-hartzea sustatzen dugula, modu aktiboan parte hartu ahal dutela herria hobetzen. Izan ere, herritarrek, gero, ikusten dute beren ekarpen eta iradokizunak gauzatu egiten direla, Udalak auzoetan egindako lanetan, eskatutako eta abiarazitako zerbitzu edo programetan”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak