→Basauri

Hauek dira Basaurik 2022ko aurrekontuetan onartuko dituen herritarren hamar proiektuak

Besteak beste, hurbileko produktuen azoka sortzea txertatuko dute 2022ko aurrekontuan // Geuria

Basauriko zuhaitz-eremuak zabaltzea eta basoberritzea eta haietan ingurumen-sentsibilizaziorako panel hezitzaileak jartzea; udalerriko parkeetan iturriak jartzea; hurbileko produktuen azoka sortzea; udalerrian bide-segurtasuna hobetzeko neurriak hartzea; eskola-jolastokiak dinamizatzea, zuzendutako jarduerekin; oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko barandak jartzea; udal-eraikinetan eguzki-panel gehiago jartzea; Bizkotxalde parkean kirol-kantxa gehiago jartzea; herritarrek erabiltzen dituzten udal-ekipamenduetan eta -lokaletan hobekuntzak egitea; eta Ludoteka, Gaztegune eta kultura-guneetarako material ludikoa eta didaktikoa eskuratzea. Horiek dira Basaurik 2022ko aurrekontuetan onartuko dituen herritarren hamar proposamenak. Hamar proiektu horiek 400.000 euroko aurrekontua dute.

“Atal guztiak lanean ari dira jada, euren eskumenekoak diren proiektuak zehazten, lehenbailehen martxan jarri ahal izateko asmoz”, dio Asier Iragorri alkateak. Herritarrek aurkeztutako eta momentuz 2022ko aurrekontutik kanpo geratu diren zortzi proiektuak datozen ekitaldietarako aintzat hartuko dituztela dio Iragorrik: “Herritarrek aurkeztutako 18 proiektu finalistetatik, 10 aukeratuen artean ez daudenak, baina, interesgarritzat jotzen direnak eta izaera estrategikoa mantentzen dutenak, aintzat hartu eta 2023ko ekitaldiko aurrekontuetan integratuko dira, eta herritarren parte-hartzearen mende geratuko dira”.

Momentuz kanpo geratu diren zortzi proiektuak dira: ekipamendua erostea Artunduagako atletismo-pistarako; kalistenia aparatu eta zirkuituak jartzea udal parkeetan; bizikletak garbitzeko guneak atontzea bidegorrien inguruetan; hondakin organikoak birziklatzeari eta hondakinak gutxitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina; maskotak adoptatu eta beraiekin modu arduratsuan bizitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina; adinekoentzako gimnasia-zirkuituak jartzea; komun publikoak jartzea Iruaretxetan; eta Garbigune ondoko haur-parkea birmoldatzea.

956 bozka

2022ko aurrekontu parte-hartzaileak prozesuaren bozketa fasean 956 basauriarrek hartu dute parte. Jasotako formularioetatik 508 online bete ziren, eta 448 aurrez aurre entregatu ziren udalerrian zehar jarritako kutxetan. “Herritar guztiek izan dute parte-hartze prozesu horretan parte hartzeko aukera”, dio Iragorrik: “Gainera, aurten prozesuak berrikuntza garrantzitsu bat izan du aurreko ekitaldien aldean: herritarrek aurkeztu dituzten proiektuen artean egin da hautaketarako bozketa”. Aurtengoa aurrekontu parte-hartzaileen zortzigarren edizioa izan da.

“Eskerrak ematen dizkiegu herritarrei, prozesu honetan parte hartzeagatik, eta, beste behin ere, hitza eman diegu, udalerriaren hobekuntzan aktiboki parte hartu dezaten, eta, beren ideiak jakinaraz diezazkiguten, Udalaren 2022ko aurrekontuetan sartzeko”, dio Basauriko alkateak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak