→Basauri

51,8 milioi euroko aurrekontua izango du Basaurik, 2020an baino 3,4 milioi gutxiago

Besteak beste, Gizarte Politika, Sustapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua arloak indartu nahi dituzte. Oposizioan dauden udaltaldeek abenduaren 15era arte dute zuzenketak aurkezteko epea zabalik.

Aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur Asier Iragorri alkateak eta Berta Montes Ogasun zinegotziak // Geuria

2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur Basauriko udal gobernu taldeak. Guztira 51,8 milioi euro izango ditu Udalak, 2020an baino 3,4 milioi gutxiago. “Osasun-krisiak krisi ekonomikoa ekarri du eta Udaletan nabari egingo da hori. Diru-sarrerak % 6,2 erori dira eta 3,4 milioi euro gutxiago izango ditugu datorren urterako”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Gauzak horrela, egungo egoerara moldatu behar izan du 2021eko aurrekontua udal gobernu taldeak, eta, besteak beste, Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuak eta Sustapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua arloak indartuko dituzte.

Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuei dagokienez, 7,5 milioi euroko aurrekontua bideratu nahi du udal gobernu taldeak, aurten baino 83.000 euro gehiago. “Kopuru horiek, proportzionalki, 2020an baino askoz pisu handiagoa emango diote arlo horri udal aurrekontuan”, dio Iragorrik. Eta bestetik, Sustapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua arloetarako 2 milioi euro inguru bideratuko dituzte: “Merkataritza, ostalaritza, enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak ere Gobernu Taldearen arreta-fokuan egongo dira, eta, hala, 207.000 euro gehiago egongo dira Merkataritza eta Ekonomia Sustapen arloetarako. Gehikuntza horren zati bat bideratuko da merkataritzan eta ostalaritzan Covid-19ari aurre egiteko segurtasun-eta prebentzio-neurriak gauzatzeko ekipamendua instalatzeagatik eta materiala erosteagatik egindako inbertsioak finantzatzera. Udalak, dagoeneko, abian ditu laguntza horiek”, dio Iragorrik. Enplegu arloak 106.000 euro gehiago izango ditu aurreko urtearekin alderatuta.

Datorren urteko aurrekontuan herritarrentzako zerbitzu eta prestazio guztiak mantenduko dituztela adierazi du Iragorri alkateak. “Era berean, egoera zaurgarrienean daudenentzako babesa blindatzea eta udalerriko sare ekonomikoari laguntzea izango da gure lehentasuna”, dio Iragorrik. Udalerriko kirol-taldeei, -elkarteei eta -erakundeei bideratutako aurrekontua ere mantendu egin nahi du udal gobernu taldeak: bi milioi euro. “Baikorrak eta itxaropentsuak izan nahi dugu, eta pentsatu nahi dugu 2021ean normaltasunera itzultzen joango garela eta herriari hain ekarpen handia egiten dioten talde horiek beren jarduera berreskuratzen joango direla, Udalaren laguntza ekonomikoarekin”, dio Iragorrik. Halaber, erakunde autonomoek eskainitako ikastaroak eta kultura-jarduera mantendu nahi ditu udal gobernu taldeak, “pandemiaren ondoriozko murrizketek aukera ematen duten neurrian”.

“Bizi dugun ziurgabetasun-egoera dela eta, 2021ekoa inoizko aurrekonturik biziena izango da. Egokituz joan beharko dugu, pandemiaren eraginez sor daitezkeen beharrizanei erantzuten joateko. Aurrekontu bat, finean, diru-sarreren eta gastuen aurreikuspen bat besterik ez da, eta datorren urtean aurreikuspen hori moldatuz joan beharko dugu, pandemiaren bilakaerari eta horrek Udalari eragindako obligazioei paralelo”, dio Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak: “Ez dakigu datorren urtean aurten bizi izan dugun krisia pairatuko dugun. Beraz zuhurtziaz jokatu nahi dugu. Kontuak nahiko saneatuta daude eta ez dugu Udala zorpetu nahi. Ez dugu aurrezteko gaitasunik, eta horregatik, zuhurrak izan behar dugu”.

Inbertsio-ahalmen “testimoniala”

“Udalaren finantza-egoera kaltetua izan da bai aurten eta bai 2021era begira ere”, dio Iragorrik. Zentzu horretan, diru-sarrerak gutxitu egingo dira datorren urtean. “Besteak beste, zeharkako zergetan % 40 gutxiago jasoko dugu, hau da, 200.000 euro gutxiago (2020an 500.000 euro; 2021ean 300.000 euro); Udalkutxaren ekarpena 2,3 euro gutxiagokoa izango da (2020an 30,1 milioi euro; 2021ean 27,8 milioi euro); eta udal-tasetan 666.000 euro gutxiago izango ditugu (2020an 10,7 milioi euro; 2021ean 10 milioi euro)”, zehaztu du Iragorrik.

Gainera, herritarren ekonomia-zama arintzeko asmoz, Basauriko udal osoko bilkurak argi berdea eman zion urriko osoko bilkuran udal zergak eta tasak 2021erako izozteko gobernu taldeak egindako proposamenari. Gainera, hobariak mantenduko dituzte beharrizan egoeran dauden kolektiboentzat, langabeentzat, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenentzat eta ikasleentzat, baita Kultur Etxeak, Basauri Kirolakek, Marieneak eta Euskaltegiek eskaintzen dituzten ikastaroentzat ere. Gauzak horrela, 2020an bezala mantenduko dira Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Jardueren gaineko Zerga (EJZ) eta zabor bilketaren tasak. Kasu horretan, gainera, hobaria aplikatzen hasiko lirateke 2021eko otsailetik aurrera gaika utzitako hondakinen bolumenagatiko zabor-tasan. Hasteko, edukiontzi organikoan aplikatzen hasiko lirateke eta pixkanaka gainerako bilketetara hedatuko lituzkete hobariak.

Diru-sarreren erortze horrek eragin nabaria izango du inbertsioen atalean: “Ezin ditugu inbertsio handiak proposatu, ez dagoelako horiei eutsi ahal izateko diru-sarrerarik. Hala ere, 2020an hasi ditugun proiektuak 2021ean gauzatzea espero dugu. Hala nola, Bizkotxaldeko hareazko parkea, San Migeleko aparkaleku berria, Larrazabal auzoan zenbait esku-hartze, Kareaga auzoan komun publikoa jartzea, Artunduagako aldagelak berritzea, birgaitze-lanak ikastetxeetan egitea, edota energia-efizientzia”, dio Iragorrik. Inbertsio-ahalmena “testimoniala” izango dela adierazi du Basauriko alkateak: “Ekonomiaren egoerak, aurten, ez digu aukerarik ematen auzoak biziberritzeko edota irisgarritasuna hobetzeko, baldin eta kalitatezko udal zerbitzu eta prestazioak eskaintzen jarraitu nahi badugu”. Hala ere, Iragorrik gogorarazi du auzoak mantentzeko eta hobetzeko ekintza txikiak egiten jarraituko dutela urtean zehar. “2021ean gastatu ezin dezakegun gerakinik edo partidarik geratzen bada, diru hori auzoak hobetzera, oztopo arkitektonikoak kentzera edota aisialdi-guneetan jarduketak egitera bideratzea espero dugu”, dio.

Aurrekontu proposamena gaur publikoki aurkezteaz gain, oposizioan dauden udaltaldeei ere igorri diete, eta abenduaren 15era arte dute zuzenketak aurkezteko epea zabalik. “Urtero jaso ditugu beste indar politikoen zuzenketak, eta horietako batzuk onartu ditugu, gure proposamena aberastu egin izan dutelako eta basauriarrentzat onuragarriak izan direlako. Gure asmoa da bide horretatik jarraitzea, eta zentzu horretan, espero dugu aurkeztuko dizkiguten zuzenketak errealistak izatea. Aintzat hartu behar dute Udalaren egoera ekonomikoa eta gure ahalmena proiektuak egiteko”, dio Montesek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak