→Basauri

Neskatilentzako autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du Marieneak azaroan

Emagin Taldekoek eskainiko dute tailerra (euskaraz) eta 9 eta 11 urte bitarteko neskei dago zuzenduta. Ikastaroa doakoa da, baina izena ematea beharrezkoa da.

Emagin Taldekoek eskainiko dute tailerra euskaraz, Marienean // Argazkia: Geuria

Autodefentsa feminista ikastaroak antolatzen ditu Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak. 2020/2021 ikasturteari dagokionez, azaroaren 13an eta 20an neskatilentzako tailerra antolatu dute 17:00etatik 20:00etara. Jarduera presentziala izango da, baina garatu ezin bada, beste data batzuetan birprogramatuko dutela adierazi dute Marieneatik.

Emagin Taldekoek eskainiko dute tailerra (euskaraz) eta 9 eta 11 urte bitarteko neskei dago zuzenduta. Ikastaroa doakoa da, baina izena ematea beharrezkoa da. Interesdunek online bidez, 946 124 100 telefono zenbakira deituta edo Marienean bertan eman dezakete izena.

“Zelan sentitzen gara, neskatilak izateagatik, desberdin tratatzen gaituztenean? Ikastaro honetan, beste neska batzuekin elkartuko gara horren inguruan hitz egiteko. Denon artean zelan defendatu, babestu, zaindu eta maitatu dezakegun pentsatuko dugu”, diote Marieneatik.

Ikastaroari ekin aurretik, Emagin Taldekoek parte-hartzaileen gurasoekin solasaldia izango dute azaroaren 13an bertan 17:00etan, eta euren alabek tailerrean zer landuko duten azalduko diete.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak