→Basauri

Autonomia kalea Pozokoetxerantz luzatzeko bide berria prest egongo da datorren urterako

Agirre Lehendakaria kaleko 31. zenbakiko etxebizitza eraitsita, Autonomia kalea Pozokoetxe auzorantz luzatzea ahalbidetuko du. Horrek, trafikoa arinduko du Nafarroako bidegurutzean.

Autonomia eta Agirre Lehendakaria kaleak, Pozokoetxe ondoan // Geuria

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berritzeko planak pauso berriak ematen jarraitzen du. Hiri eraldaketan eta auzo horien arteko loturan hurrengo urratsa izango da Autonomia kalea luzatzea. Hain zuzen ere, 100 metro inguru gehiago luzatuko dute Autonomia kalea, Pozokoetxerantz. “Bidea gauzatutakoan, Nafarroa kalerantz igotzen den trafikoa Autonomiako kale berri horretatik bideratu ahal izango da; hartara, Agirre Lehendakaria eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzeko trafikoa arinduko da”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Autonomia kalea luzatuko duen bide berria eraikitzeko obrak esleituko ditu laster Udalak. Enpresa interesdunek apirilaren 25era arte izan dute proposamenak aurkezpeteko epea zabalik, eta gaur bertan Kontratazio Mahaiko idazkaria, presidentea eta kideak bildu dira. “Kontratua lizitatzeko izapideek hiru hilabete inguru iraungo dute esleipena egin arte, eta uda tartean izanik, enpresa esleipendunak zazpi hilabete izango ditu lanak gauzatzeko; hortaz, gure kalkuluen arabera, 2023ko udaberrian amaituta egon daiteke”, dio Iragorrik. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 514.698 eurokoa da.

Lau urte

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeren hiri berroneratzeko plana duela ia lau urte onetsi zuen Basauriko udalbatzak. “Ordutik, lanak garatzeko kudeaketa lan handia egin behar izan arren, ez gara geldirik egon eta hiru auzoetan jarduten ari gara”, dio Iragorrik.

Ildo horretan, orain arte urrats hauek eman ditu Udalak: Arizgoitiko Maisuen Etxearen partzela saldu; Pozokoetxe parkeko behin-behineko jarduketa egin; San Fauston etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak martxan jarri; San Fausto plaza berriaren proiektua idazketa esleitu eta partaidetza prozesua egin; Pozokoetxeko partzela bat saldu 34 etxebizitza eta aparkaleku eraikitzeko; eta Arizgoiti plazako 3, 4 eta 5 zenbakietako, Lehendakari Agirre kaleko 27,  29 eta 31 zenbakietako eta San Fausto kaleko 4 eta 6 zenbakietako etxebizitzak eraitsi. Gainera, laster Juan Ibargutxi eta San Fausto 1 kaleetako eraikinak eraitsiko dituzte, bertan etxebizitza berriak eraikitzeko. Eta bestetik, Adif Bidebietako tren geltoki berriaren proiektua idazten ari da dagoeneko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak