→Basauri

Andoni Ortiz: “Kaleko sinadurak denbora eta baimen barik egindako graffitiak dira; patxadaz, ostera, horma-irudi politak egin daitezke”

Kolore bat erabili beharko bagenu 2020. urtea margotzeko, askok grisa erabiliko genuke, urte latza izan baita. Hala ere, Basauriko Udalak urtearen azken txanpan herriari kolorea ematea erabaki du eta zeregin hori Arrigorriagako Aztarnak kolektiboaren esku utzi du, Lehendakari Agirre kalean dagoen pasabidean horma-irudi bat egiteko. Graffitian eskarmentu handiko hiru artista biltzen dituen kolektiboak. Andoni Ortiz Fernández (Barakaldo, 1987) kidearekin egin dugu berba.

Zer da Aztarnak kolektiboa?
2008an sortu genuen enpresa txiki bat dela esan dezakegu. Tira, egia esan, ez da ohiko enpresa bat, bertan gauden hirurak autonomoak baikara. Gure lan esparrua graffitia da eta gehienbat muralak egiten ditugu, horma-irudiak edozein enpresarentzat, erakunde publikorentzat edo norbanakorentzat.

Eta posible al da graffitiak egitetik bizitzea?
Zaila da oso. Jende askok uste du graffitiak kalean dauden sinadurak direla, hau da, lan gutxiko zerbait, berehalakoa. Baina ez da horrela, kalean baimenik gabe margotzen duenak ez dauka denborarik bere lana ondo egiteko. Denbora daukagunean, patxadaz aritzen garenean, gauza politak egin ditzakegu.

Estigmarik badago graffitiaren munduarekiko?
Baietz esango nuke. Ez da gauza bera Arte Ederrak ikastea edo kalean margotzen ikastea. Guk kalean ikasi genuen. Pentsa, ni ingeniaria naiz! Baina margotzea gustuko baduzu eta trebea bazara, horma-irudi ederrak egin daitezke. 

Aspaldikoa da graffitiaren kultura Basaurin.
Hala da! Eta hemen dagoen graffitiaren kultura hobetu eta handitzeko asmoz, duela bederatzi urte Urban Festa antolatzen hasi ginen. Bizkaiko zein Espainiako puntu ezberdinetatik hainbat artista datoz urtero ekitaldira. Halako ekintzei esker, herritarrek begi onez ikusten dituzte graffitiak. Azkenean, helburua da graffitiak duen balioaz jabetzea. 

Egunotan Basauriko Lehendakari Agirreko pasabidean izan zarete lanean.
Basauriko Udalaren enkargu bat da. Pasabidearen bi aldeak hartuko ditu: luzeraz, alde batek hogeita lau metro ditu eta besteak berrogeita hamar. Sarritan egin dugu lan Basaurin. Adibidez, iazko abuztuan, La Baskoniako zubi berrian mural bat egin genuen. Aurretik daude Euskaraldiaren inguruko horma-irudia edo Zirt Zart gazte bulegoarekin egin ditugunak.

Zer proiektu dituzue aurrera begira?
Iaz oso proiektu polita genuen eskuartean: Bilboko funikularrean horma-irudi bat egitea. Baina Covid-19 dela medio, jende gutxik erabiltzen du funikularra. Ea 2021 honetan ekin diezaiokegun lanari! Arrigorriagan ere beste zenbait mural egin behar ditugu. Pozik gaude aurrean ditugun lanekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak