Sareak

☉ Basauri

Andoni Ortiz: “Kaleko sinadurak denbora eta baimen barik egindako graffitiak dira; patxadaz, ostera, horma-irudi politak egin daitezke”

Aztarnak graffiti kolektiboak murala bukatu berri du Lehendakari Agirre kaleko tren azpiko pasabidean.

|

Kolore bat erabili beharko bagenu 2020. urtea margotzeko, askok grisa erabiliko genuke, urte latza izan baita. Hala ere, Basauriko Udalak urtearen azken txanpan herriari kolorea ematea erabaki du eta zeregin hori Arrigorriagako Aztarnak kolektiboaren esku utzi du, Lehendakari Agirre kalean dagoen pasabidean horma-irudi bat egiteko. Graffitian eskarmentu handiko hiru artista biltzen dituen kolektiboak. Andoni Ortiz Fernández (Barakaldo, 1987) kidearekin egin dugu berba.

Zer da Aztarnak kolektiboa?
2008an sortu genuen enpresa txiki bat dela esan dezakegu. Tira, egia esan, ez da ohiko enpresa bat, bertan gauden hirurak autonomoak baikara. Gure lan esparrua graffitia da eta gehienbat muralak egiten ditugu, horma-irudiak edozein enpresarentzat, erakunde publikorentzat edo norbanakorentzat.

Eta posible al da graffitiak egitetik bizitzea?
Zaila da oso. Jende askok uste du graffitiak kalean dauden sinadurak direla, hau da, lan gutxiko zerbait, berehalakoa. Baina ez da horrela, kalean baimenik gabe margotzen duenak ez dauka denborarik bere lana ondo egiteko. Denbora daukagunean, patxadaz aritzen garenean, gauza politak egin ditzakegu.

Estigmarik badago graffitiaren munduarekiko?
Baietz esango nuke. Ez da gauza bera Arte Ederrak ikastea edo kalean margotzen ikastea. Guk kalean ikasi genuen. Pentsa, ni ingeniaria naiz! Baina margotzea gustuko baduzu eta trebea bazara, horma-irudi ederrak egin daitezke. 

Aspaldikoa da graffitiaren kultura Basaurin.
Hala da! Eta hemen dagoen graffitiaren kultura hobetu eta handitzeko asmoz, duela bederatzi urte Urban Festa antolatzen hasi ginen. Bizkaiko zein Espainiako puntu ezberdinetatik hainbat artista datoz urtero ekitaldira. Halako ekintzei esker, herritarrek begi onez ikusten dituzte graffitiak. Azkenean, helburua da graffitiak duen balioaz jabetzea. 

Egunotan Basauriko Lehendakari Agirreko pasabidean izan zarete lanean.
Basauriko Udalaren enkargu bat da. Pasabidearen bi aldeak hartuko ditu: luzeraz, alde batek hogeita lau metro ditu eta besteak berrogeita hamar. Sarritan egin dugu lan Basaurin. Adibidez, iazko abuztuan, La Baskoniako zubi berrian mural bat egin genuen. Aurretik daude Euskaraldiaren inguruko horma-irudia edo Zirt Zart gazte bulegoarekin egin ditugunak.

Zer proiektu dituzue aurrera begira?
Iaz oso proiektu polita genuen eskuartean: Bilboko funikularrean horma-irudi bat egitea. Baina Covid-19 dela medio, jende gutxik erabiltzen du funikularra. Ea 2021 honetan ekin diezaiokegun lanari! Arrigorriagan ere beste zenbait mural egin behar ditugu. Pozik gaude aurrean ditugun lanekin.

☉ Basauri

Argazkiak / Abarka Eguneko bazkariak 900 lagun batu ditu Bentako jaien hasieran

|

Hasi dira Bentako Jaiak, eta bai indartsu hasi ere! Abarka Eguna ospatzen ari dira basauriarrak, eta Solabarria plazan egin den bazkarira 900 lagun hurbildu dira. GEURIA bertan egon da, eta honak hauek dira atera ditugun argazkiak:

 

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Mischa Bredewoldek irabazi du Itzulia Womeneko bigarren etapa Basaurin

104 kilometroko ibilbidea izan da gaurkoa hiru mendi portuekin eta 25ºtan

|

Mischa Bredewold, helmugara heltzen, Basaurin // Geuria

Mischa Bredewoldek atzoko garaipena errepikatu du Ituzlia Womeneko bigarren etapan (basauri-Basauri). 104 kilometroko ibilbidea izan da gaurkoa hiru mendi portuekin eta 25ºtan.

Basauri-Sarasola Gaina – Lemoa – Aretxabalgane Gaina – Gamiz -Urruztigaina – Galdakao eta azkenik Basaurira heldu dira txirrindulariak, izerdi patzetan, baina ikuskizun polita eskainiz herritarrei. GEURIAko kazetariak lasterketako hasieran eta amaieran izan gara, momentu onenak jasotzen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Itzulia Women lasterketako irteerak txirrindulari zaleez bete du Basauri

|

Maiatzak 11 dituen honetan Itzulia Women 2024 lasterketako bigarren etapak Basaurin izan du irteera. Zehazki, Social Antzokiaren paretik irten dira txirrundulariak irteera neutralizatuan San Migeleraino. Bertan izan gara lehen lerroan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

BSK Basauriko neskek Estatuko Bigarren mailara igotzeko Final Fourra jokatuko dute asteburuan Urbin

Bigarren urtez jarraian, emakumezko seniorren Final Foura jokatuko da Urbiko kiroldegian maiatzaren 11n eta 12an

|

BSK Basauriko emakumezko seniorren taldeak bigarren urtez jokatuko du mailaz igotzeko Final Fourra // BSK Basauri

BSK Basauri emakumezkoen senior taldea momenturik onenean dago. Bigarren urtez jarraian jokatuko du Final Four bat mailaz igo ahal izateko. Oraingoan, Estatuko Bigarren mailara igotzeko lehiatuko dira BSKko emakumeak.

Mailaz igotzeko Final Fourra maiatzaren 11n eta 12an jokatuko da berriro Basaurin, Urbiko kiroldegian. Basauriko klubeko emakumeek txapelketa irabaziz gero, Euskadiko, Nafarroako eta Errioxako taldeen aurka jokatuko luke datorren denboraldian.

“Orain arte lurralde mailan jokatu izan dugu, eta Final Fourra irabaziz gero, salto handi bat emango genuke”, diote BSK Basauriko arduradunek.

Iaz Lehen Erregional Mailan fase erregularrean galdu gabe mantendu ziren basauriarrak 26 garaipenekin, eta kategoriako Final Fourrean parte hartu ahal izan zuten.

“Igo berriak izanik, denboraldi honetan lider izatea lortu dute 23 garaipenekin eta 3 porrotekin. Aurtengo Final Fourreko txapeldunak modu zuzenean lortuko du Emakumezkoen Bigarren Maila Nazionalean jokatzeko”, diote.

Azken bi urteetan “bloke indartsu eta bateratu bat” sendotu dutela diote klubeko ordezkariek, “bai kantxa barruan bai kantxatik kanpo ere”. “Horrela, jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa lortu dugu”, diote.

Asteburu honetan Final Fourra etxean antolatzeaz gain, maiatzaren 25ean BSK klubak bere urteroko jaia ospatuko du Solobarriako karpan. “Bertan, saskibaloiarekin lotutako jarduerak egingo ditugu, hala nola, partidak, erakustaldiak eta tiro-lehiaketak, eta ondoren bazkaria egingo dugu klubeko denok”, diote.

Saskibaloia / Final Four 2024

Maiatzak 11-12 · Urbiko kiroldegia (Basauri)

Maiatzak 11, larunbata
16:00 Kibuc BSK Basauri vs Erandio Altzaga Montajes Meccano
18:15 Begoñazpi 86 vs Tabirako Baque

Maiatzak 12, igandea
12:15 Lehenengo finalaurrekoko irabazlea vs Bigarren finalaurrekoko irabazlea

Osorik irakurri

☉ Basauri

Auto batek su hartu du San Migelen, zauriturik utzi gabe

Ezbeharrak ez du zauriturik utzi, bai ordea, kalte materialak. 14:15etarako sua itzali dute Basauriko suhiltzaileek

|

Furgoneta, errepidearen ertzan // Geuria

Furgoneta batek su hartu du San Migelen, Atxukarroko biribilgune parean. Autoko gidariak GEURIAri azaldu lez, ibilgailua martxan zegoen eta bat-batean gelditu egin da: “Momentu batean kea irteten hasi da eta kea su bihurtu da”, azaldu du autoaren jabeak, urduri.

Gidaria autotik irten eta ibilgailuak, kontrolik gabe maldan behera egin du errepide ertz baten aurka jo arte. Bertan, suzko bola bilakatu da eta barruan zeraman zama guztia (elikagaiak) segundu batzuetan kiskali da.

Autoa, kiskalita // Geuria

Basauriko udaltzainek azaldu dute litekeena autoak zirkuitulabur bat izan duela. Ezbeharrak ez du zauriturik utzi ezta bestelako kalte materialik sortu. Larrialdi zerbitzuek errepideko errei bat itxi behar izan dute eta ez du trafiko arazorik sortu.

Furgoneta, kiskalita // Geuria

Ezbeharra 14:00ak baino lehen gertatu da eta Basauriko suhiltzaileek arin itzali dute sua: 14:15etan ez zegoen suaren arrastorik errepidean.

Osorik irakurri