→Basauri

Basozelaiko arrapala mekanikoak hobetzeko 400.000 euroko kreditu gehigarria proposatu du Basauriko Udalak

Besteak beste, kaltetutako osagaien ordez sistema berriak jarriko dituzte eta mantentze-lan prebentiboak eta zuzentzaileak ere egingo dituzte.

sistema berriak jarriko dituzte Basozelaiko arrapala mekanikoetan // Geuria

Basozelaiko arrapala mekanikoak hobetuko ditu Basauriko Udalak. Zehazki, arrapaletan mantentze-lan prebentibo eta zuzentzaileak egiteko eta azpiegitura modernizatzeko kontratua lizitatuko du Udalak laster eta horretarako 398.243 euroko kreditu aldakaketa proposatu dute: 2022an 176.724 euro bideratuko dituzte; 2023an 151.451 euro; eta 2024an 70.068 euro. Kreditu hori iraileko osoko bilkuran aztertu eta onetsiko dute (irailaren 30ean).

Besteak beste, kaltetutako osagaien ordez sistema berriak jarriko dituzte, “arrapalak berriro ere egokiro funtzionatzen hasteko”, diote udal ordezkariek, eta mantentze-lan prebentiboak eta zuzentzaileak ere egingo dituzte. “Horri guztiari esker, nabarmen luzatuko da bost arrapalen bizitza baliagarria, osorik edo ia-ia osorik ordezteak eskatuko lukeen inbertsio handiak egiteko beharrik gabe”, diote.

Era berean, zenbait hobekuntza ere egin nahi ditu Udalak: “Enpresa lizitatzaileei eskatuko diegu hobekuntzarako egiten dituzten proposamenetan aurreikustea bakar-bakarrik itxiko dutela unean-unean berritzen ari diren arrapala, ez denak”, diote udal arduradunek.

Funtzionamenduan arazoak

Basauriko Udalak “errotik” eten nahi du azken urteetan Basozelaiko arrapala mekanikoen funtzionamenduan izandako arazoak: “Izan ere, arrapala horiei esker, gure herria aitzindari izan zen irisgarritasunaren alorrean; baina herritarrek asko erabili dute duela 22 urte martxan hasi zen azpiegitura, eta hori igarri egiten da”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak