→Basauri

Basozelaiko arrapala mekanikoak hobetzeko lizitazio prozesua zabaldu du Basauriko Udalak

Lizitazioaren prezioa 514.249 eurokoa da, bi urterako. Udal ordezkarien aurreikuspenen arabera, kontratu berria 2022ko martxoaren 1ean hasiko litzateke.

Lizitazioaren prezioa 514.249 eurokoa da, bi urterak // Geuria

Basozelaiko arrapala mekanikoen funtzionamendua hobetzeko, modernizatzeko eta mantentze-lan prebentiboak egiteko lizitazio-prozesua zabaldu du jada Basauriko Udalak. Lizitazioaren prezioa 514.249 eurokoa da, bi urterako. Udal ordezkarien aurreikuspenen arabera, kontratu berria 2022ko martxoaren 1ean hasiko litzateke.

Arrapalek “behar bezala” funtzionatu dezaten, alde batetik kaltetutako osagaiak sistema berriekin ordezkatuko dituzte, eta bestetik, funtzionamendua zuzenduko eta mantentze-lan prebentiboak egingo dituzte. “Horrela, nabarmen luzatuko da bost arrapalen bizitza baliagarria, horiek osorik edo ia osorik ordezteak eskatuko lituzkeen inbertsio handiak egin beharrik gabe”, diote udal ordezkariek.

Horrez gain, udal arduradunek nahi dute hobekuntzak egin daitezela arrapalak erabiltzen dituzten auzotarrei ahalik eta eragozpen txikienak eraginda. Eta, horretarako, enpresa lizitatzaileei eskatuko diete hobekuntza-proposamenean jasotzea bakar-bakarrik egongo dela itxita unean-unean berritzen ari diren arrapala-zatia, ez denak.

Basauriko Udalak errotik desagerrarazi nahi ditu Basozelaiko arrapalen funtzionamenduan izandako gorabeherak. “Izan ere, gure udalerria aitzindaria izan zen azpiegitura horrekin, duela 22 urte; baina, dagoeneko, denbora luzea igaro da, eta herritarrek modu intentsiboan erabili dituzte arrapalok”, diote udal ordezkariek.

Iraileko osoko bilkuran 400.000 euroko kreditu partida gehigarria onetsi zuen udalbatzak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak