Ekainaren 1ean zabalduko dituzte Basozelai, San Migel eta Ibaiganeko liburutegiak, baina zerbitzu partziala eskainiko dute. Hain zuzen ere, liburuak itzultzeko eta maileguan hartzeko soilik irekiko dituzte. Oraingoz, Pozokoetxe, Kareaga eta Taberna Nagusiko zentroak itxita egongo dira, “ziurrenik uda amaitu arte”, diote Udaletik.
Basozelai, San Migel eta Ibaiganeko liburutegiak goizeko ordutegian egongo dira zabalik, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30era. Libururen bat eskatu nahi duenak aurretiaz erreserbatu beharko du posta elektronikoz edo telefonoz. Hauek dira harremenetarako bideak: helduliburutegia@basauri.eus, haurliburutegia@basauri.eus eta 944 666 388 (Ibaigane); basozelailiburutegia@basauri.eus eta 944 666 400 (Basozelai); eta sanmigelliburutegia@basauri.eus eta 944 666 398 (San Migel). Katalogoa www.liburubila.euskadi.eus webgunean kontsulta daiteke.
Langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak diren babes eta higiene neurriak ezarri ditu Udalak, eta besteak beste, zentroetara sartzeko derrigorrezkoa izango da maskara propioa erabiltzea.
Arizko dorretxea erakusketetarako
Bestetik, Arizko dorretxea erakusketetarako bakarrik irekiko dute. Zehazki, martxoan zentroa itxi behar izan zenean programatuta zeuden bi erakusketa izango dira: alde batetik, Misha del Val eta Raisa Raekallio artisten margolanen erakusketa, eta bestetik, Jon Barrueta, Raquel Pérez, José Luis González, Begoña López, Paqui García-Hierro eta José Luis Martínezen pintura, argazki eta zeramika erakusketa kolektiboa (‘Ibaiganeko tailerretatik’).
