→Basauri

‘Euskal Pop-Rock’ kontzertua eskainiko du bihar Basauri Koral Elkarteak, herriko zenbait elkarte lagun

Soinu Bidea, Edurre Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Eguiguren Emakume Taldea, Herriko Taldeak eta Txarraska Gaztetxea izango dituzte lagun Basauri Koral Elkartekoek Social Antzokiko eszenatokian.

Basauri Koral Elkarteko kideak eta kide ohiak 2022ko BATaren lehen egunean // Utzitakoa

Basauriko Ahots-Musika Topaketen (BAT) 47. edizioa azken txanpan da. Bihar, maiatzak 21, azkenengo kontzertua izango da Social Antzokian: ‘Euskal Pop-Rock’ kontzertua. Basauri Koral Elkarteak BATeko antolatzaileak— eskainiko du kontzertua, baina ez da eszenatoki gainean bakarrik egongo. Izan ere, lagun izango dituzte Soinu Bidea, Edurre Dantza Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Biarte Dantza Eskola, Manuela Eguiguren Emakume Taldea, Herriko Taldeak eta Txarraska Gaztetxea. 

Gainera, hainbat musikarik osatutako Basque Band-a ere izango dute lagun eszenatokian Koraleko kideek: Eneko Martínez (gitarra), Fito Aguado (baxua), Iraide Bilbao (flauta eta trikitixa), Markel González (perkusioa) eta Alberto Garaio (pianoa). Era berean, herriko ume batzuek ere parte hartuko dute.

“Ilusio handia dugu. Oso berezia izango da kontzertu hori. Euskal Pop-Rock kontzertua eskainiko dugu. 2020an sortutako kontzertua da, baina orain arte ezin izan dugu aurkeztu”, dio José Ángel Robles Basauri Koral Elkarteko zuzendariak. Guztira 16 abesti kantatuko dituzte, “euskal kulturako pop-rock abestiak, hain zuzen; 1967tik 2020ra bitarteakoak”, dio Roblesek. Hala nola, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil, Kortatu, Hertzainak, Ken Zazpi, Zea Mays, Kalakan edota ETS taldeen abestiak kantatuko dituzte. Kontzertua 19:30ean hasiko da eta sarrera gutxi batzuk oraindik salgai daude.

Basauri Koral Elkarteak antolatzen du urtero BAT. Aurten zikloa inauguratu eta amaiera emango diote. Hain zuzen ere, maiatzaren 6an, elkartearen lehen egoitzan 75. urteurrenaren oroitzapenezko plaka jarri zuten. Bertan elkartu ziren gaue egungo abesbatzako kideak eta lehengoak. Argazki hauek bidali zizkiguten Koral Elkarteko kideek:

Argazkiak | Basauri Koral Elkartearen 75. urteurrenak irekiera eman dio 2022ko BATari

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak