Sareak

☉ Basauri

Argazkiak / Basauri Beak amaiera eman die 75. urteurreneko ospakizunei

Basauri Bea klubak 75. urteurrena ospatu zuen iaz eta aurten ospakizunei amaiera emateko maiatzaren 19an, igandez, jardunaldi berezia antolatu zuten.

|

Basauri Bea klubak 75. urteurrena ospatu zuen iaz eta ospakizunei amaiera emateko maiatzaren 19an, igandez, jardunaldi berezia antolatu zuten. Bi partidu izan ziren Soloarteko futbol zelaian: alde batetik 10:00etan Umore Ona B, Basauri Bea (gazteak) taldearen kontra, eta bestetik 12:00etan Basauri Bea Beteranoak, Basauri Bea erregionalaren aurka.

Era berean, bi partiduen artean, 11:45ean, omenaldia egin zieten bizirik dauden presidente ohiei: Jose Luis Iragorri Basora (Asier Iragorri bere ilobak hartu zuen oroigarria), Sabino Aranburu, Angel Garnika, Txomin Uribe eta Iñaki Gurtubai, baita Juan Carlos Ortego gaur egungo presidenteari ere. Halaber, Umore Ona, Basconia, Indartsu, Ariz, San Miguel, Basauriko Selekzioa, Basauritar eta Basauriko Kimuak taldeei ere plaka oroigarria eman zieten, baita Basauriko Udalari, Basauriko Kirolaren Udal Erakundeari (IMD/KUE), Bizkaiko Futbol Federazioari, San Jose Ikastetxeari, eta Miren Hernandez Basauritar klubeko presidenteari ere.

☉ Basauri

Argazkiak / Basauritik Medellinera iritsi da Korrika Ane Ibarrola eta Aitor Aburto herritarren eskutik

Korrika, euskara eta euskal kultura zabaldu dute Ane Ibarrolak eta Aitor Aburtok Medellinen, Kolonbian. Bertako Euskadi ikastetxean daude lanean

|

Ane eta Aitor, behean eta eskuman, Medellingo Euskadi ikastetxeko Korrika Egunean // Aitor Aburto

Medellingo (Kolonbia) Euskadi ikastetxean lanean daude Ane Ibarrola eta Aitor Aburto basauriarrak. Global Training bekari esker heldu ziren urtarrilean eta uztailera bitartean izango dira bertan.

Ane psikologoa da eta Aitor musika eta euskal kulturako irakaslea da eta horretan dihardute ikastetxean.

“Ikastetxe oso txikia da, inklusio-ikastetxe bat da, eta beharrizan bereziak dituzten haur eta gaztetxoak daude, dibertsitate funtzionalekoak zein jokabidekoak”, adierazi digu Aitorrek.

Narciso Larrea López de Luzuriaga euskal misioilariak sortu zuen Euskadi ikastetxea Medellinen 1987an. “Hezkuntza ez da euskaraz ematen, eta normalean ez da euskara irakasgairik ematen. Orain bai, gu bertan gaudelako”, dio Aitorrek.

Anerekin eta Aitorrekin batera Eider Urkiola ormaiztegiarra ere badago bertan lanean. “Global Training bekarekin, duela hiru urtetik hona euskal herritarrak datoz ikastetxera lan egitera, eta euskara eta euskal kulturari buruzko eskolak emateko aprobetxatzen da”, dio Aitorrek.

Tipi tapa, Korrika!

Medellingo Euskadi ikastetxean euskara eta euskal kultura hedatzearekin batera, aurten Korrika ere antolatu dute hiru gazteek: “Medellingo Euskadi ikastetxean ospatzen duten hirugarren Korrika izan da”, dio Aitorrek.

Martxoaren 20an egin zuten Korrika: “Egun tematikoa izan zen: egun horretan ez zen eskolarik egon. Hainbat ekintza antolatu genituen: goizean ikasle batzuek Euskal Herriari buruzko gaiak azaldu zituzten, zazpi probintzietakoak, ikastetxe osoaren aurrean, eta gero Korrika egin genuen ikastetxeko ikasle guztiekin. Gainera, Herri Kirolak ere egin genituen, eta azkenean erromeria bat egin genuen dantza plaza batekin”.

“Oso egun polita izan zen. Umeek primeran pasa zuten, asko ikasi zuten euskal kulturari eta Korrikari buruz. Guretzat oso hunkigarria izan zen, egun tematikoa izan zenez, Korrika eta euskara landu genituelako. Gainera, ikasle eta irakasle horiek euskararen inguruan kontzientziatzea oso garrantzitsua izan zen”, dio Aitorrek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Tximeleta Ludoteka Ibaigane Kultur Etxera lekualdatuko dute urritik aurrera, Basaurin

Ludoteka Ibaiganeko KZGuneko prestakuntza-gelan egokituko du Udalak. Eta KZGuneko prestakuntza Arizko Dorretxean eskainiko dute maiatzetik aurrera

|

Agirre Lehendakaria kaleko lokala "kontserbazio-baldintza onenetan" ez dagoela adierazi du Udalak // Google Maps

Tximeleta Ludoteka Agirre Lehendakaria kaletik Ibaigane Kultur Etxera lekualdatuko du urritik aurrera Basauriko Udalak, “zentroko erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko”, diote udal ordezkariek.

“Agirre Lehendakaria kaleko lokala ez da Udalarena eta ez dago kontserbazio-baldintza onenetan”, zehaztu dute udal arduradunek: “Udal Brigadak konponketa txikiak egin baditu ere, ezin da obra handiagorik egin, ez baita Udalaren jabetzakoa”.

Gauzak horrela, hainbat kokalekuren egokitasuna aztertu eta ondorioztatu dute “baldintza guztiak betetzen dituen espazio bakarra” Ibaiganeko Kultur Etxea dela.

Ibaigane Kultur Etxean KZGuneko prestakuntza-gelan ezarriko dute Ludoteka, -1 solairuan eta haur liburutegiaren ondoan. “Horri esker, modu kordinatuan lan egin ahal izango da antolatzen diren jardueretan, bi zertbitzuak adin bereko erabiltzaileentzat izan baitaitezke”, diote.

KZGunea, Arizko Dorretxera

Lekualdaketa honek beste lekualdaketa bat dakar: KZGuneko prestakuntza-gela Arizko Dorretxera eramango du Udalak, Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso ostean.

“Maiatzaren 6tik aurrera Arizko Dorretxeko KZGuneak gaur egun Ibaiganen eskaintzen diren bi zerbitzuak izango ditu: prestakuntza eta nabigazioa”, diote Udaletik.

Herriko beste KZGunea Basozelaiko Gizarte Etxean dago.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kareagako eta San Migeleko pediatriaren “kalitate okerra” salatu dute herritarrek Basauriko osoko bilkuran

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuaren egoera salatzeko 4.600 sinadura entregatu dizkiete Osakidetzako zuzendaritzari, Gotzone Sagardui osasun sailburuari eta Barrualde ESIari

|

Osoko bilkuran agerraldia egin ostean manifestazioa egin dute udaletxetik Kareagako anbulatoriora // Utzitakoa

Osakidetzako egoera salatzeko, eta batez ere pediatria zerbitzuaren egoera salatzeko, Kareagako eta San Migeleko herritarrek agerraldia egin dute gaur goizean Basauriko osoko bilkuran.

“Engainatzen saiatu dira guraso guztiei esanez gauza bera dela bi pediatra izatea edo hiru izatea, bi pediatra modu berean arituko direla lanean, eta kalitate bera bermatuko dutela gure seme-alaben arretan eta osasunaren zaintzan. Lehen gezurra”, adierazi du Monica Rey auzotarrak eta 12 urteko alaba baten amak.

“Gure seme-alaben osasuna zaintzeaz profesionaltasun handiz arduratzen diren bi pediatra handi baditugu ere, bi pediatrek ezin dute arreta osoa eman, eta ez dituzte modu berean eta denbora berarekin artatzen lehen hiru pediatraren artean artatzen ziren 1.500 haur baino gehiago. Gainera, pediatretako batek lanaldi murriztua du eta bi osasun-zentroetan lan egin behar du, Kareagan eta San Migelen. Eta pediatriako lehen mailako arretako zerbitzuaren kalitateak okerrera egingo zuela susmatzen bagenuen ere, errealitateak gainditu egin du”.

Maria Larrinaga EAJko zinegotziaren arabera, “oso gai sentikorra” da, “gure herritarrei eragiten diena, eta, hain zuzen ere, horregatik egin ditugu gestioak Osakidetzak zerbitzua hobe dezan.

“Ez dugu inolako gaitasunik egoera aldatzeko. Egin dezakegun gauza bakarra tematzea eta tematzen jarraitzea da. Eta horixe egiten ari gara”, adierazi du Larrinagak, eta gaineratu du: “Otsailaren 14an alkatea eta biok bilera bat izan genuen Gotzone Sagardui sailburuarekin, eta egoera konpontzeko eskatu genion. Udalak ez du gai honi buruzko autoritate legalik edo administratiborik, baina gure herriko herritarrek duten sentimendua eta beharra adierazi genion”.

4.600 sinadura

Zentzu horretan, irailetik aurrera egoera “kaosa” dela adierazi du Monicak: “Pediatren lan-bolumena handitzeaz gain, osasun-zentro batetik bestera mugitu behar izaten baitute. Horrez gain, gurasoen ziurgabetasuna ere areagotu da, baldin eta seme-alabak gaixotzen bazaizkie, ez badakite zein auzotara eraman beharko duten artatuak izateko”.

“Pediatria zerbitzuaren kalitatea okertu egin da San Migeleko eta Kareagako anbulatorioetan. Horregatik, herriko 4.600 bizilagun baino gehiagoren sinadurak bildu ditugu, pediatren murrizketarekin eta ondorioz zerbitzuak okerrera egitearekin ados ez daudenak”, dio.

Sinadurak Osakidetzako zuzendaritzari, Gotzone Sagardui osasun sailburuari eta Barrualde ESIko arduradunei bidali dizkiete.

Pentsiodunen manifestazioa

Osasungintza publikoa indartzeko manifestazioa egin dute gaur eguerdian Basaurin, herriko pentsiodunen mugimenduak deituta. Manifestazioa Basauriko udaletxetik Kareagako anbulatoriora egin dute eta 115 lagun batu dira.

Basauriko pentsiodunek deitutako manifestazioa udaletxetik Kareagako anbulatoriora // Utzitakoa

“Osasun publikoaren narriadurak, desegiteak eta pribatizazioak gora egiten jarraitzen dute, eta ondorio kaltegarriak dituzte herritarren osasunean”, salatu dute Basauriko pentsodunek.

“Osasun-sistema bat behar dugu, arreta mediko presentziala bermatuko diguna, etengabeko aldaketarik gabe, itxaronaldi eskandalagarririk gabeko sistema bat, langileak aktibo hoberentzat hartuko dituen sistema bat”, diote.

Ildo horretan, Osakidetza “birsortzea” eskatu dute Basauriko pentsiodunek: “Osasun-sistema publiko baten barruan, Lehen Mailako Arretatik hasita, Lehen Mailako Arreta osasuna sustatzera eta gaixotasunaren prebentzioara bideratuta, gaixotasuna sendatzera soilik bideratutako eta sistema dual publiko-pribatu batera bidertatutako egungo ereduaren aurrean”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Osasun publikoa indartzeko manifestazioa egin dute ehun herritarrek gaur Basaurin

Osakidetza “birsortzea” eskatu dute Basauriko pentsiodunek: “Osasun publikoaren narriadurak, desegiteak eta pribatizazioak gora egiten jarraitzen dute, eta ondorio kaltegarriak dituzte herritarren osasunean”, salatu dute

|

Osasungintza publikoa indartzeko manifestazioa egin dute gaur eguerdian Basaurin, herriko pentsiodunen mugimenduak deituta. Manifestazioa Basauriko udaletxetik Kareagako anbulatoriora egin dute eta 115 lagun batu dira.

“Osasun publikoaren narriadurak, desegiteak eta pribatizazioak gora egiten jarraitzen dute, eta ondorio kaltegarriak dituzte herritarren osasunean”, salatu dute Basauriko pentsodunek.

“Osasun-sistema bat behar dugu, pertsonalaren arreta mediko presentziala bermatuko diguna, etengabeko aldaketarik gabe, itxaronaldi eskandalagarririk gabeko sistema bat, langileak aktibo hoberentzat hartuko dituen sistema bat”, diote.

Ildo horretan, Osakidetza “birsortzea” eskatu dute Basauriko pentsiodunek: “Osasun-sistema publiko baten barruan, Lehen Mailako Arretatik hasita, Lehen Mailako Arreta osasuna sustatzera eta gaixotasunaren prebentzioara bideratuta, gaixotasuna sendatzera soilik bideratutako eta sistema dual publiko-pribatu batera bidertatutako egungo ereduaren aurrean”.

“Pediatriako kalitate okerra”

Osakidetzako egoera salatzeko, eta batez ere pediatria zerbitzuaren egoera salatzeko, pentsiodunen manifestazioa baino lehen, Kareagako eta San Migeleko herritarrek agerraldia egin dute gaur goizean Basauriko osoko bilkuran.

Osoko bilkuran agerraldia egin ostean manifestazioa egin dute udaletxetik Kareagako anbulatoriora // Utzitako

“Engainatzen saiatu dira guraso guztiei esanez gauza bera dela bi pediatra izatea edo hiru izatea, bi pediatra modu berean arituko direla lanean, eta kalitate bera bermatuko dutela gure seme-alaben arretan eta osasunaren zaintzan. Lehen gezurra”, adierazi du Monica Rey auzotarrak eta 12 urteko alaba baten amak.

“Gure seme-alaben osasuna zaintzeaz profesionaltasun handiz arduratzen diren bi pediatra handi baditugu ere, bi pediatrek ezin dute arreta osoa eman, eta ez dituzte modu berean eta denbora berarekin artatzen lehen hiru pediatraren artean artatzen ziren 1.500 haur baino gehiago. Gainera, pediatretako batek lanaldi murriztua du eta bi osasun-zentroetan lan egin behar du, Kareagan eta San Migelen. Eta pediatriako lehen mailako arretako zerbitzuaren kalitateak okerrera egingo zuela susmatzen bagenuen ere, errealitateak gainditu egin du”.

Maria Larrinaga EAJko zinegotziaren arabera, “oso gai sentikorra” da, “gure herritarrei eragiten diena, eta, hain zuzen ere, horregatik egin ditugu gestioak Osakidetzak zerbitzua hobe dezan.

“Ez dugu inolako gaitasunik egoera aldatzeko. Egin dezakegun gauza bakarra tematzea eta tematzen jarraitzea da. Eta horixe egiten ari gara”, adierazi du Larrinagak, eta gaineratu du: “Otsailaren 14an alkatea eta biok bilera bat izan genuen Gotzone Sagardui sailburuarekin, eta egoera konpontzeko eskatu genion. Udalak ez du gai honi buruzko autoritate legalik edo administratiborik, baina gure herriko herritarrek duten sentimendua eta beharra adierazi genion”.

4.600 sinadura

Zentzu horretan, irailetik aurrera egoera “kaosa” dela adierazi du Monicak: “Pediatren lan-bolumena handitzeaz gain, osasun-zentro batetik bestera mugitu behar izaten baitute. Horrez gain, gurasoen ziurgabetasuna ere areagotu da, baldin eta seme-alabak gaixotzen bazaizkie, ez dakite zein auzotara eraman beharko duten artatuak izateko”.

“Pediatria zerbitzuaren kalitatea okertu egin da San Migeleko eta Kareagako anbulatorioetan. Horregatik, herriko 4.600 bizilagun baino gehiagoren sinadurak bildu ditugu, pediatren murrizketarekin eta ondorioz zerbitzuak okerrera egitearekin ados ez daudenak”, dio.

Sinadurak Osakidetzako zuzendaritzari, Gotzone Sagardui osasun sailburuari eta Barrualde ESIko arduradunei bidali dizkiete.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Athletic Jaia antolatu dute Basaurin apirilaren 6an: tailerrak, musika eta pantaila erraldoia

|

2012ko finala Bizkotxalde parkean bizi izan zuten basauriarrek // Utzitakoa

Apirilaren 6an Athleticek Kopako finala jokatuko du Sevillan Mallorcaren aurka. Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte egunaz gozatzeko.

Basaurin, esaterako, Udalak programazio berezia antolatu du Zirt Zart Gazte Zerbitzuaren eskutik 17:00etatik aurrera.

Hala nola, txapak eta kartelak egiteko ekintza, tailerrak eta musika izango dira arratsaldean zehar Basozelain eta San Fausto plazan. Eta 22:00etan finala ikusteko pantaila erraldoia jarriko du Udalak.

Era berean, aurpegiak margotzeko jarduera, marrazki-tailerrak eta Athleticen inguruko bestelako jarduerak antolatu dituzte Arizko Ikastolan eta Sofia Taramona ikastetxean.

Osorik irakurri