→Basauri

Berdegune berriak sortzea eta hiri-arbolen gaineko plangintza, kudeaketa eta babesa proposatu dute Basaurin

Hiri-berdegune eta -arbolak babestu eta kudeatzeko ordenantza-proposamena aurkeztu die Basauriko udal gobernu taldeak oposizioan dauden gainerako udaltaldeei.

// Argazkia: Geuria

Hiri-berdegune eta -arbolak babestu eta kudeatzeko ordenantza-proposamena aurkeztu die Basauriko udal gobernu taldeak (EAJ eta PSE) oposizioan dauden gainerako udaltaldeei (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP). Proposamenaren arabera, Basaurin berdegune berriak sortzea eta hiri-arbolen gaineko plangintza, kudeaketa eta babesa aurreikusten dute: “Ordenantzak dinamizazio-xedea du: bilatzen du herritarrengan sustatzea arbolak eta lorategiak errespetatu eta zaintzeko jarrera. Eta agerian jarri nahi du gune horiek herrirako duten garrantzia —atmosferako kutsadura, kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura gutxitzen laguntzen dutelako—, bai eta aisiarako, jolaserako eta estresa arintzeko eremu gisa ematen duten laguntza ere”, diote udal ordezkariek.

Gauzak horrela, ordenantzak arauak ezartzen ditu, “aisiarako guneak erabiltzeko bertako natura-balioak eta lasaitasuna mantenduta”, diote: “Finean, eremu horietan sustatu beharreko erabilerak jasotzen ditu, adibidez, erabiltzaileen arteko elkarrekintza eta aisialdi osasuntsua, eta baimenduta ez daudenak ere bai, hala nola, unitate elektrogenoak erabiltzea, soinuak anplifikatzea bozgorailuen bitartez, sua egitea horretarako prestatutako tokietatik kanpo, barbakoa eramangarriak erabiltzea, kanpatzea, hondakinak uztea edukiontzietatik kanpo, edota babestutako guneen zaintzari eta natura-balioei eragiten dien beste edozein erabilera desegoki”.

Plangintza, kudeaketa eta babesa

Halaber, berdeguneak sortu eta birmoldatzeko, eta dauden arboladi eta landaredien gaineko plangintza, kudeaketa eta babeserako irizpideak finkatzen ditu proposatutako testuak. “Atal horretan, bestalde, ezartzen du berdeguneak diseinatu edo goitik behera berritzeko edozein proiektutan genero-berdintasuna hartu beharko dela kontuan; hau da, erabilerak antolatzerakoan, genero-berdintasuna, dibertsitatea eta gizarteratzea sustatu beharko direla. Aintzat hartuko da, bereziki, guneetako ikuspena eta segurtasuna, eta irisgarritasun unibertsaleko eta energia-efizientziako irizpideak txertatuko dira. Gainera, konfort akustiko eta termikoa bermatu beharko da, eta drainatze jasangarriko sistemak jarri beharko dira”, diote udal ordezkariek.

Udal gune eta lorategiak erabili eta zaintzeari dagokionez, besteak beste, Udalak bermatuko du lorategiak ondo zainduta daudela eta beharrezkoak diren mantentze-lanak egiten zaizkiela: “Berdegune pribatuetako jabeek ere, beren ardurapeko eremuak egoera onean mantentzeko betebeharra izango dute”, diote. Era berean, hiri-arbola eta landareak babestea ere aurreikusten du ordenantzak: “Ildo horretan, arbolak landatzeko irizpideak ezartzen ditu, aleen tamainari, beren arteko distantziari, oinezkoen edota ibilgailuen iraganbideei dagokienez. Gainera, arreta handiz hautatu beharko da zein espezie landatu, kokapena eta erabilera aintzat hartuta, eta lehentasuna eman beharko zaie bertako espezieei. Arauak debekatzen du espezie inbaditzaileak landatzea”, diote.

Hiri-ortuak

Ordenantzan hiri-ortuei buruzko atala ere txertatu du udal gobernu taldeak, eta zentzu horretan, Udalak konpromisoa hartu du horrelakoak antolatzeko. Hain zuzen ere, apirileko osoko bilkuran aho batez onetsi zuen Basauriko udalbatzak udal ortu ekologikoak sortzeko proiektuaOraindik ez dute zehaztu non egongo diren udal ortuak, aurretik udal ordenantza egin behar dutelako. “Hiri-ortuen plangintza eta kudeaketa honako printzipio hauetan oinarrituko da: ingurumena errespetatu eta zaintzea, ingurumenari eta garapen jasangarriari buruzko kulturaren zabalkundea eta sentsibilizazioa egitea, eta gizarte-talde guztien arteko bizikidetza eta gizarteratzea sustatzea”, diote.

“Basauriko berdegune eta lorategiek ingurumena hobetzeko zeregina bete dezaten, aisiarako eta atseden hartzeko tokia izan daitezen eta udalerria edertu dezaten, beharrezkoa da eremu horiek behar bezala zaintzea. Eta, horretarako, Udal Zerbitzu Teknikoek egindako zaintza- eta mantentze-lanez gain, gune horiek egokiro erabili behar dira, izan ere, hori onuragarria da eremu horietara doazen herritarrentzat ere bai”, diote udal arduradunek. Helburu horiek betetzeko sortu dute udal titulartasuneko berdeguneak eta aisiarako guneak arautzen dituen ordenantza. Orain, oposizioko taldeek aukera dute proposatutako testuari beren ekarpenak egiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak