→Basauri

Ibilgailu elektrikoa sortu eta Euskelec txapelketan aurkeztuko dute Basauriko Bidebieta LHko ikasleek

Bidebietako Automozio, administratibo, elektrizitate eta fabrikazio mekanikako ikasleak ibilgailu elektriko bat diseinatzen eta eraikitzen ari dira: Bidebieta Racing Taldeko kotxea, alegia. Aste honetan bukatuko dute kotxea eraikitzen eta asteburuan Euskelec Euskadiko Ibilgailu Elektrikoen Txapelketan parte hartuko dute. Basauriko ikastetxeaz gain, Euskadiko, Estatuko eta Iparraldeko Lanbide Heziketako beste 29 zentrok hartuko dute parte txapelketan.

Aurten Euskelec lehiaketaren bosgarren edizioa da. Bidebieta LH zentroak edizio guztietan parte hartu du: “Urtero talde desberdinek kotxe berri bat sortu dute. Aurten erronkari eutsi diogu eta aurreko edizioan sortutako kotxea analizatu eta aurtengo kotxea diseinatzen jarri gara. Taldetan banatu dugu lana eta talde bakoitzak bere lana burutzen joan da. Ondoren, kotxeko parte mekanikoak muntatu eta Zornotzako Automotive Intelligence Centerren (AIC) gure proiektua aurkeztu eta berifikazio mekanikoak egin genituen. Bitartean, karrozerian lanean ari gara egunotan asteburuan Euskelec lehiaketan aurkezteko”, dio Nagore Orue Bidebieta LHko irakasleak. Maiatzaren 28an Berifikazio finalak izango dira eta maiatzaren 29an txapelketa.

// Argazkia: Bidebieta LHII

Elektrikoak % 100

Euskelec lehiaketan Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu % 100 elektrikoak diseinatu eta eraiki behar dituzte, “oinarri eragile komun batetik abiatuta (motorra, motorraren kontrolatzailea eta bateriak), ikasleen artean talde-lana sustatzeko, eta jarduera esperimentala eta sortzailea elementu pedagogiko gisa erabiltzeko, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako”, dio Oruek.

// Bidebieta LH

Lehiaketak bi fase ditu. Alde batetik, fase tekniko eta sortzailea, eta bestetik, fase dinamikoa. Lehenengo faseak diseinuaren, berrikuntzaren eta komunikazioaren arloetako erronkak barne hartzen ditu, “hori guztia proiektuaren memoria batean irudikatuta eta epaimahai aditu baten aurrean aurkeztua”, dio Oruek. Eta fase dinamikoan ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatuko dituzte, slalom, azelerazio, gehieneko balaztatze eta erresistentziarako proben bidez. Hain zuzen ere, fase dinamikoa da asteburuan izango dena. “Aurretik aipatutako proba horiek egin eta gero sariak banatuko dituzte, taldeek lehiaketan aztertutako zenbait alderditan izan duten bikaintasuna nabarmentzeko”, dio Oruek.

Ibilgailuaren azken ukituak egiten ibili dira gaur // Geuria

Txapelketa trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma bat da, eta fabrikazio-teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera sustatzen du. Parte-hartzaileek mugikortasun-eredu berri batetik –trakzio elektrikoko ibilgailuetan oinarrituta– eta industrializazio-eredu berrietatik sortutako beharrei erantzun ahal izango diete.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak