→Basauri

Bigarren eskuko bizikleten lehenengo azoka antolatu du ekainean Sagarrakek Basaurin

Mugikortasun jasangarriaren alde Sagarrak talde ekologistak zenbait ekintza antolatu ditu ekainean Basaurin.

Iaz antolatu zuen Sagarrakek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa errepikatuko dute aurten // Sagarrak

Mugikortasun jasangarriaren alde Sagarrak talde ekologistak zenbait ekintza antolatu ditu ekainean Basaurin. Besteak beste, ibilbide gidatuak, bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa eta bizikletaren oinarrizko mekanika ikastaroa antolatu dituzte hilabete honetan. Gainera, lehen aldiz bigarren eskuko bizikleten azoka antolatuko dute ekainaren 20an, igandez. “Saltzeko diren bizikletak ekarri, eta, gordailu-zerbitzu baten bidez, saltzeko eta erosteko gunea sortuko dugu. Gu arduratuko gara ekarritako bizikletak zaintzeaz eta saltzeaz. Gainera, behar duzun bizikleta prezio onean eskuratzeko aukera ezin hobea ere izango da”, diote Sagarraketik. Bigarren eskuko bizikleten lehenengo azoka Arizgoitiko plazan izango da ekainaren 20an 11:00etatik 14:00etara. Bizikletak gordailuan uzteko zerbitzua 09:00etatik 11:00etara bitartean egongo da zabalik.

“Funtsezkoa da mugikortasun jasangarrirantz jotzea. Mugitzeko modu bat bilatzea, non lehenetsiko ditugun garraiobide efizienteak eta apenas kutsatzen dutenak; non oinez eta bizikletaz joatea sustatuko dugun. Horri guztiari esker, gainera, gure herri eta hiriak atseginagoak eta osasuntsuagoak izango dira. Helburu horrek lehentasunezkoa izan behar du, bai gobernuentzat, baita norbanakoontzat ere”, diote talde ekologistatik.

Mugikortasun jasangarria | Basauri

2021 Ekaina | Sagarrak talde ekologista

Ekainak 6, igandea
10:00 Jane Jacobsen ibilbidea. Pozokoetxeko parketik
“Pozokoetxe eta Larrazabalen zehar oinez ibiliko gara, gure auzoei buruz hizketan: gure hausnarketak eta bizipenak partekatuko ditugu, auzoetan nola bizi garen, zein arazo dauden… Honako hauek hartuko dute parte: José Fran Cid (mugikortasun jasangarriko proiektuetan espezializatutako aholkularia), José Manuel Matés Luque (arkeologoa eta historialaria), Guztiok Bat Pozokoetxe auzokide elkartea eta Larrazabaleko auzokide elkartea”

Ekainak 14-18
18:00-20:00 Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa (+16 urte). Bizkotxalde parkea
Interesdunek izena eman behar dute ekainaren 10a baino lehen ekologia@sagarrak.org helbide elektronikora idatzita edo 944 263 767 edo 645 705 118 telefono zenbakietara deituta. Prezioa: 15 euro

Ekainak 20, igandea
11:00-14:00 Bigarren eskuko Bizikleten I. Azoka. Arizgoitiko plaza

Ekainak 22-24
Bizikletaren oinarrizko mekanika ikastaroa. Tokia zehazteke.
“Bizikleten oinarrizko mekanikaren alorreko ezagutza batzuk ikasiko ditugu, konponketak behar bezala egiteko”. Izena emateko epea zabalik ekainaren 17ra arte (ekologia@sagarrak.org; 944 263 769 – 645 705 118). Prezioa: 20 euro

Ekainak 27, igandea
10:00-13:00 Ibilbide gidatua Nerbioi ibaiertzetik, landare inbaditzaileak antzemateko. Helduen hezkuntza ikastetxetik
“Paseo atsegina egingo dugu Eduardo Renovales Ekologistak Martxaneko natura ingurune adituarekin: eremuko landareak, horiek eragindako arazoak eta balizko irtenbideak identifikatzen irakatsiko digu”. Parte hartzeko izena eman behar da: ekologia@sagarrak.org; 944 263 769

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak