→Basauri

Bilbo-Urduña tren zerbitzua hobetzeko ikerketa eta inkesta abiarazi dute bi ingenieritza ikaslek

Bilbo-Urduña tren linean ibilbide ertaineko tren zerbitzu berri bat jartzeko ikerketa martxan jarri dute Javier Castroviejo eta Alexander Perez ikasleek. Javier Castroviejo basauriarrarekin hitz egin dugu GEURIAn.

Javier Castroviejo basauriarra eta Alexander Perez bilbotarra // Utzitakoa

Bilbo-Urduña tren linean ibilbide ertaineko tren zerbitzu berri bat jartzeko ikerketa martxan jarri dute Javier Castroviejo basauriarrak eta Alexander Perez bilbotarrak. Biak Bilboko Ingenieritza Eskolako Ingenieritza Zibileko ikasleak dira, eta Ikerketa Enpresen Ekonomia ikasgairako lan baterako zabaldu dute inkesta bat sare sozialetan. Javier Castroviejo basauriarrarekin hitz egin dugu GEURIAn: “Klasekide batek eta biok trenak gustuko ditugunez erabaki genuen gai horri buruz merkatu ikerketa bat egitea. C3 lineak potentzial handia du: jende askok erabiltzen du zerbitzua Aiaraldeatik eta Hego Uribetik Bilbora zein eskualdeetako herritara joateko, beraz, duen potentzial hori gehiago aprobetxatzeko horrelako ibilbide ertaineko edo tren zuzen baten zerbitzua ondo egongo legokeela pentsatu dugu. Batez ere goizeko zein arratsaldeko puntako orduetan”, dio Castroviejok.

Ikerketaren helburuaz galdetuta, zera dio Castroviejok: “Helburu nagusia izango litzake horrelako tren baten zerbitzuak ezarri daitekeen eskaintza hobetu daitekeen edo ez ikustea. Bilboko aldirietako nukleoak azkenengo aldian argi baino itzal gehiago du. Horregatik, zerbitzua hobetzeko helburuarekin ibilbide ertaineko trenen zerbitzu berri bat eskaintzea proposatzen dugu Bilbao-Urduña linean, bidai denbora erakargarriagoak eta zerbitzu hobe bat eskeintzeko xedearekin. Linearen geltoki nagusietan bakarrik egingo lukete geldialdia, hau da, Urduñan, Amurrion, Laudion, Ugaon, Arrigorriagan, Abaroa San Migelen, Bidebieta Basaurin eta Bilbao Abandon”.

Jasoko dituzten erantzunak ikerketa enpresen ekonomia ikasgairako lanerako erabiliko dituzte, “baina erantzun asko jasotzen baditugu, dagokion erakundera bidali ditzakegu iradokizun moduan”, dio Castroviejok. Inkesta maiatzaren bigarren astera arte egongo da zabalik.

Inkesta, esteka honetan: https://labur.eus/EfbXx

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak