→Basauri

Iktus kasuak detektatzeko bere langileak prestatu ditu Bilbondo merkaritza zentroak

'Garun-babestuaren eremuaren' ziurtagiria jaso du Bilbondok, Euskadiko lehena // Geuria

Freno al Ictus Fundazioak ‘Garun-babestuaren eremuaren’ ziurtagiria eman dio Basauriko Bilbondo merkataritza zentroari, Euskadiko lehena. Ziurtagiri horri esker Bilbondoko langileek prestakuntza egokia jaso dute beren instalazioetan iktus kasuak agertzen badira, horiek detektatzeko eta jarduteko. Prestakuntza horretan parte hartu dute zentroko egiturako langileek, baita segurtasun-, garbiketa- eta mantentze-zerbitzuetako langileek ere. “Bilbondoko langileak izango dira alarma-ahotsa ematen eta Iktus protokoloa martxan jartzen lehenak. Biziraupen-katearen lehen katebegia izango dira beren instalazioetan iktus bat gertatzen bada, garaiz identifikatzeko eta jarduteko prest egongo direlako”, dio Julio Agredano Freno al Ictus Fundazioko presidenteak.

“Iktus kasu baten aurrean jarduteko denbora funtsezkoa da. Arretaren arrakastarako gakoetako bat da haren hasierako sintomak azkar detektatzea eta larrialdi-sistemarekin harremanetan jartzea. Sintoma horiek berehala identifikatzea ezinbestekoa da pazientearen eboluzioan. Izan ere, egiaztatu da lehen unetik tratatutako pazienteen artean heriotza-tasa eta gaixotasunaren ondorioek sortutako desgaitasuna murrizten direla”, dio Agredanok: “Gaur egun iktusen % 90 prebenitu daitezke, baina hasierako sintomak detektatzeko denbora ezinbestekoa da ondorioak murrizteko”. Urtean batez beste 120.000 iktus kasu izaten dira Espainian, horietatik 6.000 Euskal Autonomia Erkidegoan. Orokorrean iktusa heriotzen bigarren kausa da, eta lehena emakumeen artean.

Ziurtagiria emateko ekitaldia antolatu zuten uztailaren 9an Bilbondon, eta honako hauek izan ziren: Asier Iragorri Basauriko Udaleko alkatea; Idoia Ortego Basauriko Udaleko Hezkuntza, Osasun eta Kontsumo zinegotzia; Mari Mar Freijo Guerrero, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko neurologoa eta Espainiako Neurologia Elkarteko gaixotasun zerebrobaskularren azterketa-taldeko ordezkaria; Idoia Revilla Uzkiza, Osakidetzaren Bizkaiko Larrialdietako arduraduna; eta Eduardo Gerondo Bilbondoko gerentea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak