→Basauri

Birziklatzen duten herritarrei hobaria emateko aukera aztertuko dute Basaurin

Basauriko Udalak hurrengo osoko bilkurara eramango ditu kaleak garbitzeko eta hondakinak gaika biltzeko kontratu berriaren agiriak.

kaleak garbitzeko eta hondakinak gaika biltzeko kontratu berriaren inguruan eztabaidatuko dute uztaileko osoko bilkuran // Argazkia: Geuria

Basauriko Udalak hurrengo osoko bilkurara eramango ditu kaleak garbitzeko eta hondakinak gaika biltzeko kontratu berriaren administrazio-baldintzen zein baldintza teknikoen agiriak. Bertan, ingurumen-klausula eta klausula sozial gehiago aurreikusten dira, eta birziklatzen duten basauriarrei hobaria emateko aukera jasotzen da. Halaber, edukiontzien % 25, gutxienez, irisgarriak izango dira aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, eta bermatuko dute kale edo etxadi bakoitzean horrelako bat egotea.

Kontratuak lau urteko iraupena izango du, 2021eko otsailaren 1etik aurrera edo kontratua formalizatzen den datatik aurrera, beti ere otsailaren 1etik aurrerakoa. Gainera, urtebeteko lau luzapen egiteko aukera egongo da. Urteko oinarrizko lizitazio-aurrekontua 4.616.000 eurokoa da, eta enpresa esleipendunak zerbitzura atxikitako langileak subrogatu beharko ditu.

Enpresa lizitatzaileek bermatu beharko dute sarbide-kontrola duten edukiontziak hornitu ahal dituztela, hau da, etxebizitza bakoitzean txartel bat banatuko dutela. Horrela, etxebizitza bakoitzean gaika bildutakoaren bolumena kuantifikatu ahal izango da, eta ondoren, zabor-bilketaren tasan haiei hobaria aplikatu ahal izateko. 

“Hasteko organikoaren edukiontziari aplikatuko zaio sistema hori, eta gero, apurka-apurka, beste hondakinei ere aplikatuz joango da”, dio Nerea Renteria Hirigintza, Kontratazio eta Ingurumeneko zinegotziak.

Industriaguneetan ere hondakinak biltzea

Udalak hondakinak transferitzeko instalazio bat jarriko du Lapatzan. “Horrela, ahalbidetuko da industrialdeetan bertan hondakin gehiago bildu ahal izatea. Zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunak instalazio horretara eramango ditu merkataritzan eta ostalaritzan sortutako hondakinak. Horiek guztiak eta industrialdean sortutakoak, gero, hondakinak tratatzeko dagokion tokira garraiatuko dira”, dio Renteriak.

Berdintasun irizpideak kontratuan

Enpresa adjudikaziodunak bete beharreko klausula sozialei dagokienez, lana eta bizitza pertsonal eta familiarra bateragarri egiteko neurriak aurreikusi beharko dira. Enpresak berdintasun plana ere eduki beharko du, edo bestela, konprometitu beharko da plan hori egitera kontratuaren lehen urtean. Gainera, lanean emakumeen eta gizonen parekidetasuna sustatuko du. “Kontratuak irauten duen bitartean formalizatutako lan-kontratu guztiak berdintasunezko irizpideekin hornituko dira, eta ezaugarri bera aplikatuko zaie enpresako zuzendaritza-postuei ere”, dio Renteriak.

Era berean, enpresa esleipendunak ziurtatu beharko du desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostu batzuk gordetzeko lege-betebeharra betetzen duela; edota lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak kontratatuko dituela.

*Uztaileko osoko bilkura hilaren 28an, asteartez, izango da 18:00etan. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak