→Basauri

Basauriko herritarren Bitartekaritza-zerbitzuak 149 kasu artatu zituen iaz

// Geuria

Urteak dira Basauriko Udalak herritarrei zuzendutako Bitartekaritza-zerbitzua martxan jarri zuenetik. Zerbitzu honen helburua da bizikidetzan eta batik bat herritarren erkidegoetan gertatzen diren gatazketan esku hartzea. Iaz, esaterako, 149 kasu artatu zituzten bitartekariek: 112 kasu itxi egin zituzten eta 37 kasuk oraindik irekita jarraitzen dute. Zaratak dira kasu gehienen tipologia nagusia (% 42,4). Eta ondoren: espazio pribatu eta komunei lotutako kexak (% 27,5), usainak (% 12), harremanak (% 11,5), animaliak (% 4,6) eta ez-ordainduak (% 2).

“Bitartekarien helburua bizikidetza-giro baketsu eta positibo bat sortzea da, eta, ahal den neurrian, itxuraz intentsitate txikikoak izan arren gaiztotu diren gatazkak konpontzen saiatzen dira, modu positiboan konpondu daitezkeelako, auzitegietara jo beharrik gabe”, diote udal ordezkariek: “Auzokideen artean gatazka eragin duen egoera diagnostikatu ondoren, akordio bat lortzen eta konponbide posibleak proposatzen saiatzen dira. Bi aldeen arteko adostasuna lortuz gero, ituna bitartekaritza-hitzarmen baten bidez sinatzen da, bi aldeek gatazka adostasunaren bidez lortzeko konpromisoa hartuta”.

2011. urtean hasi zen Basauriko Udalak Bitartekaritza-zerbitzu hori ematen, eta 2014tik modu jarraian ari dira eskaintzen. Zerbitzua doakoa, konfidentziala eta inpartziala da. Interesdunek Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) eska dezakete zerbitzuaren inguruko informazioa, baita 944 666 302 telefono zenbakira deituta edo udal webgunearen bitartez. Bitartekariak harremanetan jarriko dira herritarrekin hitzordu bat adosteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak