→Basauri

Bizkotxalde egoitzako senideek euren eta Aldundiaren artean bitartekari izateko eskatuko diote Basauriko Udalari

Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senide talde batek mozioa aurkeztuko du gaur Basauriko osoko bilkuran.

Kontzentrazioa egingo dute gaur osoko bilkura hasi aurretik // Geuria

Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senide talde batek mozioa aurkeztuko du gaur Basauriko osoko bilkuran. “Gure senideen egoerarekin kezkatuta, eta egoitzako arduradunek gure erreklamazioei kasurik egiten ez dietela ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak agintzen diena betetzen dutela baino ez digute esaten, baina guk badakigu diputazioaren mendeko beste egoitza batzuetan guk eskatzen dieguna betetzen duela”, salatu dute Bizkotxalde egoitzako egoiliarren zenbait senidek. Gauzak horrela, Basauriko Udala senideen eta Foru Aldundiaren artean bitartekari izan dadin eskatuko dute udaletxean.

Osoko bilkura urriaren 29an, ostegunez, izango da 18:00etan. Ordu horretan kontzentrazioa deitu dute udaletxe aurrean, eta ondoren mozioa aurkeztuko dute.

Basauriko Asanblada Feministaren babesa

Basauriko Asanblada Feministak bat egiten du Bizkotxaldeko egoitzako senideek Udalean aurkeztuko duten mozioarekin: “Adinekoen egonkortasun emozionala ez da betetzen, senideekin denbora ukatzen baitzaie; adineko pertsonak duintasunez zainduak izateko duten eskubidea urratua ari da izaten. Gainera, egoitzetan zaintzen duten langileek lan-baldintza duinak eta baliabide nahikoa izatea eskatzen dugu”, diote BAFetik.

“BAFetik espero dugu Udalak senideen eskariarekin bat egitea eta haien eskura jartzea dituzten tresnak konponbidea bilatzeko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak