→Basauri

“Langile eta bitarteko gehiago behar dituzte eta ditugu Bizkotxalde adinekoen egoitzan”

Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senide talde batek mozioa aurkeztu zuen Basauriko urriko osoko bilkuran. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko arduradunek egoeraren berri emateko eta “irtenbide onargarri eta adostu” bat bilatzeko eskatu zioten senideek Basauriko Udalari. Era berean, egoiliarrek jasotzen duten zuzeneko arreta “nabarmen handitzeko”, eta, “egoiliarren osasun fisikoa eta mentala bermatzeko”, Covid-19aren krisialdian adinekoentzako egoitza-zentroak ikuskatzeko eta haien jarraipena egiteko plan berezia abian jartzeko eskaera egin zuten senideek Basauriko udalbatzan.

“Pandemia hasi zenean, egoitzak itxi zituzten, bisitarik gabe. Gero bideo-deiak egiten hasi ziren, eta pixkanaka, ‘normaltasun berriarekin’ bisitak egitea ahalbidetu zuten. Une honetan, astean lau egunetan egin dezakegu bisita: alde batetik, asteko bi egunetan ordu erdi dugu gure senidearekin egoteko egoitza esparruan —eraikinaren barruan edo lorategian—, eta bestetik, ordu erdiko beste bi egunetan kalera irten behar dugu bai ala bai, egoitzaren esparrutik kanpo. Kasu horretan, berdin du zein eguraldi egiten duen: euria, trumoiak edota txingorra; egoitzaren esparrutik kanpo joatea behartzen gaituzte”, dio Emi Morales Bizkotxalde egoitzako senideak: “Beti aldez aurretik eskatu behar izaten dugu hitzordua, eta normalean, bakoitzak egun batzuk izaten ditu, ordu batzuk hartuta, bisitara joan ahal izateko. Arazorik baduzu, agian ordua alda dezakezu, baina hutsunerik ez badago, bisitarik gabe geratzen gara. Ez da nahikoa familiei uzten diguten denbora”.

Egoitzan dituzten senideen egoera “larria” dela dio Moralesek: “Zortzi hilabete daramate itxita, zortzi hilabete lau hormen artean sartuta, eta ia ez dute harremanik senideekin. Badirudi gaixoago dauden egoiliarrak ez direla konturatzen, baina ez da horrela: duten tristura nabaritzen diegu, zein gaizki pasatzen ari diren nabaritzen diegu. Erabateko abandonu egoera da gure adinekoek bizi dutena”.

“Behin baino gehiagotan esan diegu egoitzako arduradunei egoera hau ez zaigula bidezkoa iruditzen, eta beti esaten digute ezin dutela ezer egin, egiten duten gauza bakarra Aldunditik esaten dietena delako. Baina guk badakigu Aldundiak baremo batzuk eman dituela eta gutxienekoei heltzen ari zaiela”, dio Moralesek.

Lan-karga handia

Bizkotxalde egoitzako langileen lanaz ere aritu da Emi Morales: “Harreragileek egiten duten lana ikaragarria da: lehen zuten lanaz gain, oraintxe bertan maskarak eman behar dizkigute, babes-materiala eman, eta bitartean telefonoa hartu eta txirrina jotzen dutenean kanpoko atea ireki. Hori da ikusten duguna, baina gero solairuetako laguntzaileak eta gerokultoreak daude. Une honetan, langile asko —gehienak emakumeak— amore emateko zorian daude, egoera horretan ezin delako lanean aritu esaten baitute”.

“Hirugarren solairuan, hau da, pertsona gaixoenen solairuan, gauean errefortzuko bi pertsona zeuden lehen, baina orain ez daude. Orduan, pertsona batek hamar erabiltzaile artatu behar ditu, afaria eman behar die, aldatu egin behar ditu eta ohera sartu behar ditu. Horrela ezin diete behar bezalako arreta eman, ezinezkoa da”, dio Moralesek: “Esaterako, egoiliar bati ebakuntza egin zioten duela gutxi aldakan. Ohikoena da ebakuntza egin eta egun gutxira ibiltzen jartzea, baina, kasu honetan, emakumea gurpil-aulkian geratu da. Zergatik? Bada langileek ezin dutelako harekin egon, ezin diotelako denbora gehiago eman, lanez gainezka daudelako. Iristen direnera iristen dira”.

Emiren iritziz Bizkotxalde egoitzak duen “arazo nagusia” da, “egoitza hau daraman enpresak ez duela sosik gastatu nahi”. “Langile eta bitarteko gehiago behar dituzte eta behar ditugu. Badakigu egoera zaila dela, baina gutxienez gure adinekoek bizitza errazagoa izan dezatela, apur bat normalagoa”, dio Moralesek.

Eskaerak bidean

Basauriko udalbatzak Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senideen eskaera eztabaidatu zuen urriaren 29ko osoko bilkuran. “Udaletxea hurbilen dugun instituzioa da, eta horregatik jo dugu osoko bilkurara”, dio Moralesek. Asier Iragorri Basauriko alkatearen esanetan, “gobernu talde honek eta alkate honek konpromisoa hartzen dugu Bizkotxalde egoitzako senideen eskariak Aldundiari helarazteko eta helarazten jarraitzeko. Egia da, edozein kezka, kexa edo beldur helarazteko erakunderik hurbilena garela, baina kasu honetan, Aldundira, Batzar Nagusietara edota Eusko Legebiltzarrera zuzenean eraman beharko litzateke kexa hau. Izan ere, ardura Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan daude, eta ez Basauriko Udalean”, dio Iragorrik: “Guk, Udal bezala, daukagun ibilbidea daukagu. Ordezkatzen ditugun gure taldeak Batzar Nagusietan daude, baita Eusko Legebiltzarrean ere, eta helarazten dizkiegun kezkei eta kexei irtenbidea emateko betebeharra dute”.

“Jakin badakigu Aldundiko arduradunei helarazi zaizkien zenbait eskari artatzen ari direla edo artatzen hasiko direla laster, Batzar Nagusietan dauden taldeek hala jakinarazi digutelako”, dio Iragorrik.

Azkenean, Basauriko udalbatzak ez zuen onartu Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senideek aurkeztutako mozioa. PPk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk mozioaren aldeko botoa eman zuten, eta PSEk eta EAJk kontran bozktu zuten, “gaiari dagokion eskumenengatik”. “Mozio hau kontran bozkatu dugu, baina, era berean, zuekin elkartzeko konpromisoa irekita dago nahi duzuenean”, adierazi die Basauriko alkateak Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senideei.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak