→Basauri

Bizkotxalde, Etxegarai eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeetako patioetan karpak jarriko dituzte

Ikastetxeek pandemian zehar aire zabaleko gune gehiago izatea da jolastokietan karpak jartzearen arrazoia.

otsailaren erdialdean jarriko dituzte karpak eta oraingoz ikasturte amaierara arte mantenduko dituzte // Argazkia: Ampa Etxegarai

Bizkotxalde, Etxegarai eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeetako jolastokietan behin-behineko karpak jarriko ditu Basauriko Udalak, pandemian zehar aire zabaleko gune estali gehiago eduki ditzaten bertako ikasle eta irakasleek. Karpak 700 metro karratu ingurukoak izango dira (20 metro zabal eta 35 metro luze), eta aurreikuspenen arabera otsailaren erdialdean jarriko dituzte. Oraingoz ikasturte amaierara arte mantenduko dituzte karpak. Udal arduradunek Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiekin hitz egin dute -patio estalia dutenekin izan ezik-, beren beharrizanen berri jasotzeko; eta jakinarazi diete aukera zegoela behin-behinean karpa bat jartzeko. Azkenean, Bizkotxalde (Lehen Hezkuntza), Etxegarai eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeek eskatu zuten baliabide hori.

Guztira 60.000 euroko inbertsioa egingo da esku-hartze honetan, 20.000 euro inguru karpa bakoitzeko: kostuaren % 90 Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain, eta Udalak % 10 ordainduko du. “Karpa horiei esker, ikasleek toki gehiago izango dute aire zabalean, eta euritik babestuta egongo dira. Horrela ahalbidetuko da elkarren artean tarte handiagoa egotea eta osasun-segurtasuna hobetzea”, dio Idoia Ortego Hezkuntza arloko zinegotziak. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak