→Basauri

Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzeko 230.000 euro gehiago inbertituko ditu Basauriko Udalak

Guztira 590.000 euro inbertituko lituzke Udalak Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzeko. Aurrekontua urriko osoko bilkuran onartu eta gero, obrak adjudikatzeko lehiaketa publikoa abiaraziko dute.

Aurrekontua urriko osoko bilkuran onartu eta gero, obrak adjudikatzeko lehiaketa abiaraziko dute // Argazkia: Geuria

Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzeko proiektua hobetu nahi du Basauriko Udalak eta horretarako aurrekontua handitzea proposatuko du urriko osoko bilkuran, ostegunean. Hain zuzen ere, 230.000 euro gehiago bideratu nahi ditu udal gobernu taldeak, eta hasierako 360.000 euroko partidara gehitu. Hau da, guztira 590.000 euro inguru inbertituko lituzke Udalak Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzeko.

Aurrekontua handitzearekin batera, bi jolas-eremu berri sortzea da asmoa: alde batetik, haur-jolasetarako gune estali bat (450 metro karratu inguruko estalkiarekin), eta bestetik, robinia egurrezko osagarriak dituen beste gune bat, “non halako interrelazioa bilatuko den naturarekin eta inguruko arbolekin”, diote udal ordezkariek. “Oso zabala da eremua: aukera ugari eskaintzen ditu. Herritarrak aspaldi dabiltza gunea leheneratu eta birgaitzeko eskatzen, eta, beraz, parkea berriro toki atsegina bihurtu, eta, aldi berean, jolas-aukera handia izango duen proiektua gauzatu nahi dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

Haur-jolasetarako gune estalian kautxuzko lurra jartzea aurreikusten da. Bigarren gunean, egurrezko osagaiak ipiniko dituzten horretan, ez dute estaldurarik jarriko eta lurra, zati batean, hormigoizkoa izango litzatekeela aurreratu dute: “Azalera osoa ez da hormigoizkoa izango. Belar naturala, artifiziala, zolarri eskuilatua eta kautxua ere egongo dira”, diote udal ordezkariek. Jolas berritzaileak eta inklusiboak jarriko dituztela diote udal gobernutik: “Lehenetsi dugu haur-jolas erreferentzial, berritzaile eta inklusiboak jartzea, Basaurin lehenagotik daudenen desberdinak”, dio Iragorrik.

Aurrekontua urriko osoko bilkuran (urriak 27) onartu eta gero, obrak adjudikatzeko lehiaketa publikorako lizitazio-fasea abiaraziko dute. Prozesua “ahalik eta azkarren” egitea nahi dute udal arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak