→Basauri

Bizkotxaldeko “hareazko parkea” berritzeko obrak hasi ditu Basauriko Udalak

Obrak sei hilabetez luzatuko dira, beraz, datorren urte hasierarako bukatuko dituzte lanak.

Obrak dagoeneko hasi dituzte eta sei hilabetez luzatuko dira // Basauriko Udala

Bizkotxaldeko parke berria eraikitzeko lanei ekin die Basauriko Udalak. Obrak sei hilabetez luzatuko dira, beraz, datorren urte hasierarako bukatuko dituzte lanak. Consaudi Obra Civil enpresa bizkaitarrak burutuko ditu obrak eta Udalak 560.998 euroko inbertsioa egingo du. Ingurunea berritzeko proiektuak bi fase ditu: “Orain hasi duten fasean, gaur egun terraza dagoen zatian jardungo dute, eta beste eremua, landu gabe dagoena, bigarren faserako utziko dugu”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

“Hareazko parkea” iraganean geratuko da, beste parke berri bati lekua egiteko. Besteak beste, 515 metro karratuko gune estalia, estali gabeko 250 metro karratuko gunea, tirolina eta jolas inklusibo eta berritzaileak izango ditu parke berriak. “Gune bietako jolas-elementuei esker, 285 ume egon ahalko dira jolasten aldi berean”, dio Iragorrik.

Bizkotxaldeko parke berria 2022. urte hasieran irekiko dute, Basaurin

Esku-hartze horrek ingurua modu integralean birgaitu, eta haur-jolasen eremua birrantolatuko du. Parke berriak bi gune izango ditu: alde batetik, estali gabeko zati bat, 250 metro karratu ingurukoa, kautxuzko lurrarekin, eta horren ondoan belar natural eta artifizialezko esparru bat; eta bestetik, zati estali bat, 515 metro karratu ingurukoa, kautxuzko lurrarekin. 

Kautxuzko lurra ipiniko dute eremu guztian, “araudiak ezarritako indargetze- eta segurtasun-neurriak betetzeko”, dio Iragorrik. Eta bestetik, jolas-elementu naturaletan robina egurra erabiliko dute: “Material horrek zenbait hamarkadaz egin ahal die aurre baldintza meteorologikoei, intsektuei eta onddoei. Parkeko gainerako osagaiak ere kalitate altukoak izango dira, eta ezarritako estandar guztiak beteko dituzte.

Azken hamar urteotan, Basauriko Udalak 1,5 milioi euro inbertitu ditu haur-parkeak eta aisialdirako guneak hobetzeko, berritzeko eta erakitzeko. Gainera, urtean zehar 11.500 euro bideratzen ditu haurrentzako parkeak mantentzeko eta konpontzeko (guztira, 100.000 euro baino gehiago 10 urtean). Gaur egun Basaurik haurrentzako 39 jolas-eremu eta 8 eremu bioosasungarri ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak